Ibon Sarasola: «Konponbiderik ez dut ikusten, Urrutiak kargua uzten ez badu»

Gramatika Batzordea «desmantelatu» nahi izatea eta akademiaren ildotik aldentzea egotzi dio zuzendaritzari

Erredakzioa
2013ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Euskaltzaindiaren barruko liskarrak ez du baretzeko itxurarik. Andres Urrutia euskaltzainburuaren «kudeaketa sistema xelebrea» gaitzetsi zuen atzo Ibon Sarasolak ETB1eko Airean saioan. Joan den astean Gramatika Batzordeak dimisioa eman eta Sarasolak Hiztegi Batuko ardura utziko duela iragarri ondoren, hilaren 20an osoko bilkura egitekoa da Euskaltzaindia Baionan, krisia aztertzeko. «Baina handik ez dute ezer aterako. Nik neuk ez dut konponbiderik ikusten [Urrutiak] kargua uzten ez badu».

Euskaltzaindiaren barruan «bi polo» daudela azaldu du Sarasolak: «akademia zaleak» dira dimisioa eman dutenak, eta erakundea «gizartera irekitzearen» aldekoa da zuzendaritza. Sarasolaren arabera, Euskaltzaindiak «euskararen araugintzan» jardun behar du: «Gramatikan eta hiztegian; gainerakoa bigarren mailakoa da». Erantsi du zuzendaritza egiteko horietatik urruntzen ari dela, eta Gramatika Batzordea epeekin presionatzea egotzi dio, lantaldea «desmantelatzeko, ez dutelako gustuko».

Uko egin dio xehetasunak emateari: «Arazoa da gauza gehienak ezin direla kontatu, bileretako kontuak direlako». Baina giro txarra dagoela berretsi du, udaberrian Euskaltzaindiak Madrilen eginiko aurkezpenaz mintzatzean: «Euskaltzaindiaren Hiztegia ez zuen bere arduradunak aurkeztu, hau da, nik; hiru ordu laurdeneko hitzaldian, ez zuten nire Euskal Hiztegia aipatu. Horren ostean, pentsatu behar dut Euskaltzaindian apestatu bat naizela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.