Ibon Sarasolak euskara modernoaren hiztegirik zabalena argitaratu du

Egungo Euskararen Hiztegia osatu du Sarasolak: 70.000 sarrera eta 529.000 adibide daude jasota. Hamabost urtean ondu du lana

Ibon Sarasola, Abadia sariaren 2017ko ekitaldian, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Ibon Sarasola hizkuntzalari eta euskaltzainak akitu du hamabost urtez egindako lana: Egungo Euskararen Hiztegia (EEH) osatu du. 70.000 sarrera, 529.000 adibide eta 663.000 hitz multzo bildu ditu denera.

EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Zerbitzuaren Ereduzko Prosa Gaur aplikazioaren corpusa erabilita iritsi da kopuru horretara. Izan ere, 25,1 milioi testu hitzek osatzen dute corpusa, 2000-2006 urte artean argitaratutako 287 prosa liburutatik, BERRIA egunkaritik eta Herria Ipar Euskal Herriko astekarietatik hartuak. Liburuei dagokienez, «interesaren eta kalitatearen» arabera aukeratu dituzte egileek, eta bere horretan islatu hiztegian. Hala, adibide jakin bat nondik aterea den jakin daiteke, Ereduzko Prosa Gaur aplikaziora jota.

Adiera eta azpisarreretan banatuta daude hiztegiko sarrerak. Hala ere, egileek hiztegiaren aurkezpen orrialdean diotenez, «erabilera adibideen kopuru handiak» behartu ditu adierak eta azpisarrerak areagotzera. «Adibidez, goi sarreran 168 azpisarrera eratu ditugu, delako hitzak, azken urteotan, elkartuetako lehen osagai gisa, izan duen garapen ikaragarriaren erakusgarri».

EHUko Euskara Institutuaren barruan landu du proiektua Sarasolak, eta, besteak beste, Josu Landa idazle eta kazetariak ere lagundu dio. Edonork kontsultatu dezake hiztegia, EHUren webgunean baitago eskuragarri. Bertan azaltzen denez, Orotariko Euskal Hiztegiaren «ildo beretik» doa Egungo Euskararen Hiztegia. Biak corpusetan oinarritzen dira; Orotariko Euskal Hiztegia, «literatura tradizioa jasotzen duen corpus batean», eta Egungo Euskararen Hiztegia,«azken urteotako prosa-ekoizpena biltzen duen corpus batean». Luzera aldetik, ordea, antzekoak dira.

Hiztegigintzan ibilbide luzea egina du Sarasolak. Koldo Mitxelenarekin batera hasi zen lanean Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegian, eta proiektu horren arduradun egin zen, behin Mitxelena hildakoan. 2005ean argitaratu zuen hiztegi horren azken liburukia. 2007an, Euskal Hiztegia zabaldu zuen, eta, urte berean, Hiztegi Batua Euskal Prosan hiztegiaren lanketan parte hartu zuen. 2021ean, Euskaltzaindiko euskaltzain emeritu bihurtu zen Sarasola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.