Idiazabalgo gazta oinarri hartuta, Gipuzkoako hiru eskualde gurutzatzen dituen Idiazabal Gaztaren Ibilbidea egin dute. 95,7 kilometroko ibilbide zirkularra da, eta sei etapaz osatuta dago. Horrez gain, 9.777 metroko desnibel metatua du. Ibilbide osoa 34 ordutan egiteko pentsatuta dago. Ibilbidea nork bere erara diseina dezake, eta partzialki edo osoki burutu daiteke. “Natura, gastronomia eta kultura batzen dituen proiektua da”, esan du Igor Egigurenek, Goierri Turismoko presidenteak.
Ibilbidearen informazio eta kudeaketarako puntu nagusia Idiazabalgo Gaztaren Interpretazio Zentroan kokatuko da. Puntu horretan ibiltariei beharrezko materialak eta informazioa emango dizkiete, eta nahi duenarentzat ibilbidetik kanpo dauden gainerako ekipamenduen inguruko informazioa ere emango da. Ibilbidea egiten duen orok kamiseta, pasaportea eta mapa jasoko ditu. Geraleku bakoitzean pasaportea deiturikoa zigilatu beharko da, eta sei zigiluak lortzen dituenari, hau da, ibilbide osoa burutzen duenari, Idiazabalgo gazta erdi bat eta eta sagardo botila bat oparituko zaizkio.
Idiazabalgo Gaztaren Ibilbidea Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu eta Gipuzkoako Mendizale Federazioak homologatutako ibilbidea da.