Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bozen ondorena

Idoia Mendia: «Oso kudeaketa ona egin dugu»

Eusko Jaurlaritzako eledunak dio gobernu sozialista ETAren amaierarengantik «oroitua» izango dela

edurne begiristain
Gasteiz
2012ko urriaren 24a
00:00
Entzun
PSE-EEren hauteskunde emaitzak kaskarrak izan badira ere, Eusko Jaurlaritzak ez du autokritikarik egin nahi. Areago, sozialistek hiru urte eta erdian egindako kudeaketa «oso ona» izan dela adierazi du Idoia Mendia Jaurlaritzako eledunak:«Uste dugu oso kudeaketa ona egin dugula».

Gobernu kontseiluaren ostean egin du agerraldia Mendiak, eta kazetariek hauteskunde emaitzen inguruko balorazioa eskatu diotenean egin ditu adierazpenok. Aitortu egin du herritarrek «argi» hitz egin dutela eta erabaki dutela «beste alderdi batek, hau da, EAJk» gobernua osatzeko ardura hartzea. Nolanahi ere, Mendiak ez du uste sozialisten beherakada Jaurlaritzaren kudeaketaren ondorioz etorri denik.

Gainera, azpimarratu du jardunean dagoen Jaurlaritza «hainbat mugarri» ezarri dituelako oroitua izango dela. Hala, Jaurlaritza «terrorismoaren amaierarengatik» gogoratua izango dela esan du Mendiak: «Uste dut Euskadin bizi diren pertsonentzat hori izan dela garrantzitsuena, urteak generamatzalako albiste horren zain eta azkenean gertatu delako».

Bestalde, azaldu duenez, hurrengo gobernuari «modurik ordenatu, garden eta azkarrenean» eskualdatuko dio agintea eta, bien bitartean, jarduneko gobernuak lanean jarraituko du.

Patxi Lopez jarduneko lehendakariaren etorkizunaz, berriz, ez du argibiderik eman nahi izan. Jaurlarizako bozeramailearen arabera, Lopezek «PSE-EEren buruzagia izatea besterik» ez du buruan, eta horrela izango da lehendakari kargua utzi bitartean. «Edozein modutan, galdera hori hark erantzun beharko luke», zehaztu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.