Idoia Mendizabal eta Jon Gonzalez euskal presoak Picassenteko espetxean daude (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta beraiekin izan dute semea azken hiru urteetan. Atzo, ordea, 3 urte bete zituen, eta, Espainiako espetxe politikaren ondorioz, gurasoak eta semea banatu egin dituzte. Mendizabal ordiziarra da, eta Gonzalez, santurtziarra. Ordiziako (Gipuzkoa) Sarek salatu du azken hiru urteetan une oro elkarrekin izan direla Idoia eta semea, eta astean bi edo hiru alditan familia osoak elkarrekin egoteko aukera zuela. Semea, orain, amaren familiarekin biziko da, eta aurrerantzean 600 kilometrok banatuta egongo dira; haurra ezin izango da jada amarekin eta aitarekin batera egon.
Ordiziako Sarek ohar batean eskatu du Mendizabal eta Gonzalez Euskal Herriko espetxeetara ekartzea. "Humanoa, oinarrizkoa, ezinbestekoa… Idoia eta Jon Euskal Herriko kartzelaren batera ekarri behar dira. Euren eskubidea da… eta baita Ametsena ere. Haurrak Idoiarekin duen harremana ez litzateke hain modu bortitzean etengo, eta harreman afektibo hori lagungarri izango luke haurrak bere garapenean. Gainera, familia harremana ez litzateke moztuko, eta errepideko arriskuak izugarri murriztuko lirateke". Azpimarratu dute haurrak 1.200 kilometroko joan-etorriko bidaia egin beharko duela Picassentera gurasoak bisitatzeko.
Hori guztia salatzeko, hainbat ekitaldi antolatu dituzte aste honetan Ordizian. Ekainaren 1ean, Motxilaren umea film pedagogikoa emango dute. Euskal presoen sakabanaketa lantzen du filmak, baina haurrentzat. Emanaldia D'Elikatuz zentroan izango da, eta Itxaro Mendizabalek aurkeztuko du. Larunbaterako, Salatzen dut eguna antolatu du Sarek. Ekitaldiak 12:00etan abiatuko dira, Porrotxekin, Barrena jauregiaren atarian: motxila batekin joateko deia egin dute, eta puxikaren abestia kantatuko dute, eta 13:00etan batukada bat ariko da. Herri bazkaria egingo dute ondoren, eta arratsaldean, 18:00etan, txokolate jana egingo dute; ordubete geroago, Gureran eta Altxa Gudari taldeen kontzertua izango da.