Igandean BERRIAn egindako elkarrizketa

2011ko martxoaren 16a
17:03
Entzun

Lehengo domekan BERRIAren Igandea gehigarriak elkarrizketa egin zion Iñaki Petxarromani.

"Has gaitezen atzera" esanez amaitzen duzu liburuaren sarrera. Euskal Herrian egun zein egoeratan gaude, ba, atzera egin behar izateko?

Hori liburuaren tesia da. Bi plano elkartzen dira hor. Batetik, eredu ekonomikoa, non alde askotan argi gorriak ikusten diren: energia ereduaren krisia, petrolioaren krisia... Ezin da hazi hori bukaezina balitz bezala. Horrez gain, ingurumenean eragiten ari diren krisia dago; mundu osoan. Hemen, Euskal Herrian, arazo zehatzagoak daude. Adibidez, lurraren gaineko presio handia. Eta, hori ikusita, niri behintzat hauxe ateratzen zait: "Utz dezagun pixka bat, eta goazen atzera". Deshazkundea deitzen ari diren tesi horrekin bat eginez.

Herri honetan egiten diren azpiegiturak garapen iraunkorraren izenean egiten dira sarritan.

Hizkuntzaren erabilera maltzurra egiten dute. Horrek esan nahi du Pasaiako portuari eko-portua deitzen diotela, Zubietako errauste plantari energia balioztatzeko planta deitzen diotela... Egiten duten politika horri berde etiketa eransten diote. Lan honek horretan ere egiten du aldarrikapen bat: deitu diezaiegun gauzei beren izenez.

Kutsadura handiak, lurraren artifizializazioa… noiz arte jasango du Euskal Herriko lurrak horietan guztietan "lider" izateko azken hamarkadetan hartu duen erritmoa?

Askotan entzuten ditugu politikariak esanez klima aldaketaren aurkako borrokan aitzindariak garela eta abar. Izatekotan, liderrak gara Ama Lurrari egiten dizkiogun erasoetan. Noiz arte jarraitu dezakegu ingurune guztia porlanez betetzen? Lurra bukatzen den arte. Argi dago horrek ere muga bat duela.

Banaketa administratiboak nola eragiten dio Euskal Herrian garapen iraunkor bat egiteko aukerari?

Euskal Herrian ez dago garapen iraunkorrerako politikarik. Hiru administrazio ezberdin dauzkagu, bi estatutan banatuta. Eta horrek zailtzen du lurralde antolaketa deitzen den hori egiteko ikuspegi bakar bat egotea. Ondorioz, azpiegiturak bikoizten dira, eta abar. Herri ez izatearen ondorioetako bat da hori. Bestalde, Euskal Herrian ez dago garapen iraunkorraren politika bat praktikan jartzen saiatzen ari den administraziorik. Gure politikariek buruan edukitzen duten bakarra BPGaren hazkundea da. 

AHTaren aferan jokoan asko dagoela diozu. Zer dago, ba, jokoan?

Nik uste dut AHTa sail historiko baten azkeneko ikurra dela. AHTa ez alferrik da inoiz Euskal Herrian egin den azpiegitura luzeena, garestiena, segur aski ingurumenarekiko bortitzena dena, eta abar. "Asko dago jokoan" esaten dut, nolabait bi eredu ari direlako elkarren kontra talka egiten. Eredu batek dio: "Egin dezagun sistema honetan beste aurrerapauso bat, kosta ahala kosta". Eta besteak: "Geldi gaitezen, lurrari atseden bat eman diezaiogun eta patxadaz eztabaida dezagun". Bi aldeen artean bihurtu da azpiegitura sinboliko bat. Baina ikusiko dugu. Kalte asko edo gehienak eginda daude, baina oraindik ez dugu ikusi kontu honen bukaera.

Eraikuntza enpresak, harrobien lobby-a, energia enpresak… Haien erabakien menpe gaude?

EDemokrazia liberal honen benetako agintariak enpresa multinazionalak eta enpresa handiak dira. Eta gure kasuan ere nabarmena da askotan enpresarien lobby-ek nolako gaitasuna duten gure administrazioan, udaletan, aldundietan-eta eragiteko, euren aldeko politikak eta proiektuak martxan jartzeko. Adibideak dozenaka aurki daitezke.

Demokrazia parte-hartzailea falta dela ere badiozu.

Hemen argi dago azpiegitura bat botereak ezinbestekotzat jotzen duenean herriari ez zaiola galdetu nahi. Esan nahi dut: demokrazia ordezkatzailearen arauak errespetatzea da demokrazia gurean, eta kito.

Ezkor ageri zara euskal mugimendu ekologistaren orainaz eta etorkizunaz. Zergatik?

Ezkortasun hori konstatazio bat da. Sistema globalizatzaileak, sistema neoliberalak, azkeneko urteetan azpiegitura zaparrada bat bota digu gainera, eta hemen ez da egon mugimendu ekologista sendo bat horiei muga jartzeko. Tokian-tokian erantzun bat egon da, bai, baina gero ez dago bide alternatibo bat martxan jartzeko gihar hori.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.