Gipuzkoako Foru Aldundiak eguerdian jakinarazi duenez, Igeldo Donostiatik bereizi eta herri bihurtzea onartu du gaur. Gipuzkoako 89. herria izango da modu horretan, diputazioarena baita Igeldo herri izendatzeko eskumena. Martin Garitanok esan du Igeldo udalerri dela "igeldotarrek hala nahi dutelako eta horretarako legezko baldintza guztiak betetzen dituelako".
Garitanok nabarmendu du azkeneko hogei urteetan Igeldoko herritarrek "tinko" erakutsi dutela herri izan nahi dutela. "Gipuzkoako Diputazioak lehen aldiz egin du herri kontsulta bat. Bide horretan sakonduko dugu. Herritarrei hitza eman, errespetatu eta haien erabakia gauzatzea bideratu behar dugu".
Garbiñe Errekondo Foru Administrazio eta Funtzio Publikoko diputatuak azaldu duenez, baldintza guztiak bete dira Igeldo herri bihurtzeko: "Bideragarritasun ekonomikoaren arloa batetik, eta interes publikoarena bestetik". Horrela, 6/2010 dekretua bertan behera uztea erabaki du Diputazioko Kontseiluak, Igeldo herri bilaka dadin. Iragarri duenez, batzorde kudeatzaile bat sortuko dute Igeldon, eta batzorde horrek kudeatuko du udala datozen udal hauteskundeak egiten diren arte. Halaber, arbitraje batzorde bat sortuko dute, auziak erabakitzeko.
Igeldoko lurralde mugak bat datoz Donostiako herri antolamenduko agiriekin, diputazioko ordezkariek azaldu dutenez.
Azaroaren 10ean egin zuten galdeketa Igeldon. Parte hartzea %72,1 izan zen, eta desanexioaren alde bozkatu zuten igeldotarren %61,38k. Estatuaren abokatuak galdeketa bertan behera uzteko eskatu zuen, baina ez zuen aintzat hartu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak, eta egin egin zen. "Foru Aldundiak lehen aldiz egin du, historian, herri kontsulta bat, eta igeldotarren erabakia errespetatuko du", gaineratu du gaur Twitterren.
Igeldon giroa ohikoa da gaur, baina herritarrengan erabakia ospatu duenik bada, izan etxafuegoekin, izan irrintzi batekin. Gaur 20:00etan elkarretaratze bat egingo dute erabakia ospatzeko. Oihan Vitoria BERRIAko kazetaria Igeldon da herritarrek albistea nola hartu duten kontatzeko: