egunKARIA AUZIA

Igor Elortza mutikoak bota zuen baina...

15 urte zituela, 'Egunkaria' sortu berriaz "(...) bat badaukagunez orain gurea ta herriko / jaio baldin bada hiltzen ez dugula utziko" bota zuen 1990eko Araba-Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean, eta 'Hitzetik hortzera' saioak gogora ekarri du auziari buruzko erreportajean. 2003eko otsailaren 20an 'hil' zuten euskarazko kazeta, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, eta laster izango da epaiketa.

2009ko urriaren 29a
18:52
Entzun
1990eko abenduaren 23a, Bilbo, Araba-Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala, eta Bernardo Mandalunizek Egunkaria sortu berriari buruz (abenduaren 6an sortu zen) gaia Igor Elortza-ri. Honek, bertso baten bukaeran:

"(...) =iBat badaukagunez orain

gurea ta herriko

jaio baldin bada hiltzen

ez dugula utziko=i".

15 urte besterik ez zituen Elortzak, eta bigarren egin zuen finalean -Jon Enbeita izan zen txapeldun; Elortza harrezkero bost aldiz izan da garaile-.

Besteak beste, 1990eko txapelketako pasarte hori eman du asteburuan Hitzetik hortzera ETB1eko bertso programak Egunkaria auzia gogorarazteko erreportajean. Elortzak eta beste denek, ordea, euskarazko kazeta hiltzen ikusi zuten, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ixteko agindua eman baitzuen 2003ko otsailaren 20an.

Laster da hastekoa epaiketa -auzitegiak ez du zehaztua eguna-, eta bost auzipetu daude, ETAko kide izatea egotzita: Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Martxelo Otamendi, Txema Auzmendi eta Xabier Oleaga. Horiei babesa emateko eta epaiketa bera salatzeko ekimenak egiten ari dira, eta bertsolari eta bertsozaleek beraiek joan den urriaren 17an elkarretaratzea egin zuten Donostian; han zen, adibidez, Igor Elortza bera, bertso hartatik ia 19 urtera.

Bihar Iruñean izango da bilkura: 12:00etatik aurrera, Udaletxe plazan, Egunkaria libre! lelopean. Deialdia irekia da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.