Erreakzioak

Igor Enparan, Hondarribiko alkatea: «Herritar guztiek merezi dute harrera egitea»

Jazkibelek «aurrerapausoak» eskertu ditu, baina nabarmendu du ezinbestekoa dela alardea bakarra, publikoa eta parekidea izatea.

Agintariak, Hondarribiko eliz atarian, Jaizkibel konpainiari harrera egiten. GORKA RUBIO, FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki - Irati Urdalleta Lete - Arantxa Iraola
2023ko irailaren 8a
11:05
Entzun

Desfile parekidea amaitu ondoren hitz egin dute harrera egin dioten agintari gehienek. Bi desfileak amaitu ostean hartu du hitza Hondarribiko alkate Igor Enparanek. Berak sustatu ditu aurten alardeari eta Jaizkibel konpainiari harrera egiteko egon diren berritasunak, eta pozik baloratu du emaitza. Jaia herriko «ondare immateriala» dela esan du, «babestu» beharrekoa. «Urrats txikiak egin ditugun sentipena daukat», nabarmendu du: «Maila instituzionalean urratsak egin ditugu». Hain justu ere, pozgarria iruditzen zaio alderdi guztiak egon izana «harrera instituzionalaren gunean» bi desfileei harrera egiten; gogoratu du hori aldarri parekidea hasi eta horren ondoriozko gatazka hasi zenetik lehen aldiz gertatu dela. Argi du keinua ezinbestekoa zela: «Herritar guztiek merezi dute harrera egitea».

Hondarribiko EAJk, adibidez, ez dio harrerarik egin Jaizkibeli; Hondarribiko EH Bilduk, Emakundek eta Arartekoak ez diote harrerarik egin hautu baztertzaileari. Baina, hala ere, urrats garrantzitsuak egin direla uste du Enparanek. Udalaz kanpoko erakunde guztiei eskertu die egindako deiari erantzun izana. Hemendik aurrerako pausoak herritarren artean «adostu» behar direla uste du, eta, horren atariko, herrian «adiskidetze» prozesu bat behar dela adierazi du. Gaur desadostasunak ikusi badira ere, udalean talde politiko guztiek adierazpen instituzional batean bat egin dutela azaldu du, eta horri eman behar zaiola garrantzia.

Aginte makilarekin agertu da Enparan. Esan du oroitzen duela bera umea zenean, alardea udalak antolatzen zuenean, alkateak alardeko burgumaisuari eman ohi ziola makila hori. Berritu nahi luke berriz keinu hori. «Baina gaur egun ezinezkoa da».

Kontuan hartu behar da udaberrian gertatu zela alkatetza aldaketa Hondarribian. Urteetan EAJko alkateak egon dira, eta horiek uzkurrak izan dira beti aldarri parekidea dela eta. Igor Enparan, ordea, Abotsanitz plataformako ordezkaria da, eta bestelako jarrera izan du. Areago, maiz esan du alarde publiko eta parekide bat duela xede. Gaur berriz gogoratu du generoaren araberako bereizkeriarik ezin dela onartu alardean, eta herritar guztiek dutela parte hartzeko «eskubidea».

Eguna «hunkigarria» izan dela esan du: «Emozio handikoa». Aurrera jarraitze aldera, «konfiantza esparruak» sortzen jarraitu behar dela nabarmendu du. Udalean horretarako urratsak egin badira ere, herritarrengana zabaldu behar dira orain.

Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendozak, Jaizkibel konpainiako kapitain Nora Ferreirak eta Ane Garcia kideak, Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak, Jose Antonio Rodriguez Ranzek (Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen, Memoria eta Kooperazio sailburuordea), Maddalen Iriartek (EH bilduren bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan), Miren Gorrotxategik (Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea) eta Iosu Alvarezek (PSE-EEko zinegotzia Hondarribiko Udalean) ere hartu dute hitza gaur:

Eider Mendoza, Gipuzkoako ahaldun nagusia

«Egun handia da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, ikusita azkeneko urteetan herrian egon den mugimendua, gure ekarpena egin nahi izan dugu elkarrizketaren alde; eztabaida egiteko alde guztiak aitortu beharrean gaude. Horixe da gaurkoan egin nahi izan dugun ariketa. Errespetu guztiz igaro da dena. Gu pozik gaude gaurkoan, eta etorkizunari begira eskatzen duguna da, hain justu, hori: elkarrizketa eta errespetua».

«Edozer gauzaren gainetik, jakinda zailtasun handiak egon direla urteetan eta urteetan, aldundiaren jarrera eraikitzailea da, eta hori egin nahi izan dugu».

«Nik badakit erabaki honen aurrean kritika asko egongo dela, bagenekien egongo zirela. Baina guk jarrera eraikitzailea nahi izan dugu, eztabaidaren aldekoa, eta errespetu handiz gure ekarpena egiten dugu, apal. Uste dugu aitortu egin behar direla haien artean eztabaida bat izateko. Aitortzarik gabe ez dago eztabaidarik. Elkar aitortzen ez baldin bada, ez dago eztabaidarik».

Nora Ferreira eta Ane Garcia, Jaizkibeleko kapitaina eta kidea

«Oso pozik gaude, goiza oso polita izan baita. Urtero gero eta jende gehiago gara Jaizkibelen, 1000 pertsona inguru izan gara. Jende asko ari da urtero desfilatzen, eta jende asko dago espaloietan txalotzen ere. Lehenengo urtea izan da Gernikako Arbolatik atera garena, eta beste konpainietako kide asko egon dira gu txalotzen, eta hori Jaizkibelentzat oso positiboa izan da. Oso-oso kontent gaude».

«Bestalde, lehenengoz alkateak harrera egin digu, eta hori ere positiboki baloratzen dugu. Nabarmendu nahi dugu alarde baztertzaileari ere harrera egingo diola alkateak, eta, oraindik normaltasunik ez dagoen momentu honetan, guretzat, alarde baztertzaileari harrera egitea ez da hautu neutro bat. Oraindik ere gure herrian banaketa eta bazterkeria bultzatzen duen talde bati harrera egitea da. Beraz, Jaizkibelek ez du oso begi onez ikusten alkateak haiei ere harrera egitea, nahiz eta guri ere egitea positiboa den».

«Aurten keinu txiki batzuk egon dira: Gernikako Arbolatik abiatu gara goizean, eta hori oso ondo iruditzen zaigu; orain Guadalupeko botoan udalbatzaren atzetik sartuko gara... Aurrerapausoak dira, baina ez dugu ahaztu behar gure borrokan jarraituko dugula. Jaizkibel emakumeen eskubidearen alde dago; guk nahi duguna da alardea publikoa izatea, bakarra eta parekidea».

Miren Elgarresta, Emakundeko zuzendaria

«Beste behin ere, Emakunde berdintasunean disfrutatzen den festa parekideari babesa ematera etorri da Hondarribira. Aurten keinu berri bat badugu gaurko festan; keinu hori udalaren eskutik etorri da. Nolabait lehen aldiz udal korporazioak harrera egin dio konpainia parekideari. Beste elementu gehigarri bat izan da proposamen horri gehitu egin zaiola Gipuzkoako Foru Aldundia. Aldundiak lehen aldiz hartu du konpainia parekidea».

«Keinuak oso garrantzitsuak dira, eta Emakundek asko baloratzen ditu keinu guztiak, baldin eta zubiak eraikitzeko eta elkarrizketarako abaguneak sortzeko badira. Agian keinu txikia izan arren, nik nahiko nuke denbora gutxi barru benetan motorra bilakatzea berdintasunerantz, eta egiaz eta era eraginkorrean, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortu ahal izateko. Nik uste dut ikusi duguna inoiz gertatu ez dena dela. Aitortza bat helarazi diogu konpainia parekideari, Jaizkibeli, urte luzez izan duen aldarri horri aitortza eskaintzeko».

«Emakundek positibotzat hartzen du keinu hau, baina badakigu ez dela bakarra. Badaude ahots batzuk adierazten, erreklamatzen eta eskatzen dutenak guztion alarde bat edukitzea. Ez bakarrik ahots batzuek. Nik uste dut denbora honetan, gure gaurkotasunez, gizarteak eskatzen duela giza antolamenduan emakumeentzat eta gizonentzat espero den berdintasuna. Horretan erakundeek ezin dugu hutsik egin, eta gure esfortzu guztia jarri behar dugu honen alde, berdintasunaren alde».

Jose Antonio Rodriguez Ranz, Giza Eskubideen, Memoria eta Kooperazio sailburuordea

«Eusko Jaurlaritzaren izenean nator. Ilusio handiarekin etorri naiz, bat egiteko alkateak izan duen ekimenarekin. Azken batean, gatazka gainditzeko edo bideratzeko modu bakarra da elkarrizketa. Modu bakarra da tentsioa eta polarizazioa gainditzea. Bide horretan urrats berriak egin daitezen bultzatzeko etorri naiz».

«Oraingo blokeo egoera gainditzeko, mugitu egin behar dugu, mugitu egin behar dira aldeak. Elkarrizketa da bide bakarra. Hondarribitarrek bilatuko dute irtenbidea. Ni ziur naiz iritsiko dela irailaren 8 bat non tentsiorik gabe eta festa giroan ospatuko den alardea».

Maddalen Iriarte, EH bilduren bozeramailea Gipuzkoako Batzar Nagusietan

«Iruditu zaigu azken aste eta hilabeteotan aurrerapauso batzuk eman direla udalaren partetik. Adibidez, alkatea Hondarribia Berdintasun Hiria Sarietan egon da eta gaur Jaizkibel konpainiari harrera egin dio. Baina iruditzen zaigu akatsa dela Gipuzkoako Foru Aldundiak egoera berdinean jarri izana errealitate honen bi alderdiak, batzuek parekidetasunaren alde borroka egin dutelako urte luzez, eta beste batzuek parekidetasunaren aurka egin dutelako urte luzez. Iruditzen zaigu horrek, neurri batean, konplize egiten dituela, parekidetasunaren kontrako konplize egiten dituela. Ez dugu uste legitimoa denik bi egoerak parekatzea eta hauspotzea bi errealitateak posible direla».

«Euskal Herria Bildutik lanean jarraituko dugu, elkarrizketaren bidez lanean jarraituko dugu, ea behingoz, 26 urte igaro eta gero, egoera hau gainditzen dugun eta hemendik aurrera alarde bakarra, publikoa, parekidea eta guztiok batera ospatzeko modukoa erdiesten dugun».

Iosu Alvarez, PSE-EEko zinegotzia Hondarribiko Udalean

«Espero dut gaur normaltasuna izatea. 2007an zinegotzi bihurtu nintzenetik eliz atarian egon naiz biei harrera egiten. Joan den urtetik hona beste aurpegi bat ikusten da, baina oraindik jorratzeko dagoen bidea luzea da, eta aurrera begira ikusiko dugu. Errespetuz ibili behar da, eta elkartasunean. Nik uste dut hori dela alderdi sozialistaren helburua, orain eta aurrera begira».

«Nik uste dut gatazkaren konponbidea gizarteak berak eman behar duela. Udaletik lagundu dezakegu, baina gizarteak berak egin behar du lana. Orain, bihar, etzi... Baina gizarteak izan behar du».

«Betiko alardeari ere harrera egingo diogu. Gure politika beti biribila da, eta denborak arrazoia eman digu».

Miren Gorrotxategi, Elkarrekin Podemos-IUko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean

«Oso egun berezia da. Jaia hunkigarria da, eta egun berezia da mugarri bat markatzen duelako borroka feministan orokorrean, jai parekideak lortzeko. Herrian sortzen denean mugimendu berdinzale bat, horrek tsunami batek bezala funtzionatzen du, eta erakundeek herriaren agindua bere gain hartzen dutenean eta gauzatzen dutenean, gaur gertatuko den bezala, pozteko gauza bat da, bereziki».

«Horrek erakusten du aldatu egiten direnean erakundeetako ordezkariak gauzak beste modu batean egin daitezkeela. Oso egun polita da, hunkigarria. Egia bada oraindik alardearen auzian gauza guztiak ez direla konpondu, badaudela oraindik gauzak konpontzeko, gaur aurrerapauso oso handi bat eman da, lehenengo aldiz erakunde desberdinek eta, bereziki, Hondarribiko alkateak harrera egin diolako alardeari. Animatu nahi ditut gaurko harreran egon direnak hurrengo batean egoteko, eta horrela bat egiteko parlamentuan eta erakunde guztietan guztion artean koordinatzen ari garen irizpide eta arauak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.