Igor eta Aitor Esnaola anaiak atxilotu ditu Guardia Zibilak Legorretan (Gipuzkoa). Atzo goizaldeko 03:00 aldera atxilotu zituzten 36 eta 40 urteko bi anaiak, eta ETAren logistika taldeko kide izatea egotzi die Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak. Zehazki, ETAren taldeei lehergailuak eta armak garraiatzeaz arduratzen zirela esan du Rubalcabak, eta fitxatu gabe zeudela. Bi anaiak inkomunikatu egin ditu Guardia Zibilak, eta egoera horretan haiek torturatzeko arriskua dagoela ohartarazi du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, azken atxilotuekin hori gertatu dela gogora ekarriz. «Gobernuek bortxamodu ankerrean erabiltzen jarraitzen dute», salatu du.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande-Marlaska epailearen aginduz egin zituzten atxiloketak eta miaketak 200 guardia zibil inguruk. Legorretako etxebizitza batean atxilotu zuten Igor Esnaola, eta etxebizitza zein garajea arakatu zituzten. Miaketak egiten ari ziren bitartean atxilotuen ama inguruan zebilela eta ondoezik sentitu zenez anbulantzian eraman behar izan zutela zabaldu du Goierriko Hitza-k. Aitor Esnaola, berriz, Olalde baserrian atzeman zuten, eta baserria goitik behera miatu zuten.
Miaketa horretan ia 1.000 kilo lehergai topatu dituztela zabaldu dute berri agentziek, Guardia Zibileko iturriei erreferentzia eginez. 850 kilo nitrato amoniko, 13,5 kilo pentrita eta 100 litro erregai aurkitu dituztela zabaldu dute. Garrantzi handia eman diote topatutakoari, 2010ean Portugalen 1.500 kilo lehergai atzeman zituztenetik ez baitzuten hainbesteko biltegirik aurkitu.
Efe berri agentziak zabaldu duenez, Zutabe batzuk eta ETAren barne dokumentazio gehiago ere topatu dituzte miaketetan, eta garajetik bi ibilgailu —Ford Tourneo bat eta Audi A4 bat— eta ehizarako eskopeta bat eraman zituzten. Goierriko Hitza-ren arabera, hiru poltsa atera zituzten Legorretako etxetik.
Berri agentziek zabaldu dute bi anaiek Erreka taldea osatzen zutela, eta, Rubalcabak azaldu zuenez, urteak zeramatzaten ETAren logistika taldean. Izan ere, polizia iturriei erreferentzia eginez berri agentziek aipatu dutenez, 2002an Ibon Fernandez Iradi ustezko etakidea atxilotu zutenean, ustez hari topatu zioten dokumentazioan agertu egiten zen talde horren izena. Atxilotuak fitxatu gabeak izateari garrantzi handia eman dio Rubalcabak, eta operazioak irekita jarraitzen duela ohartarazi du.
«Perfektuki antolatuta»
ETAk antolatzen jarraitzen al duen galdetu diote Rubalcabari. Hori ez dakiela esan du, baina beraiek «perfektuki antolatuta» daudela erantzun du. «ETAk oso aste txarrak izan ditu azkeneko seiak» esan du, eta gaineratu du denbora horretan ustezko hamalau etakide eta Segiko beste bederatzi lagun atxilotu dituztela. «Su-etenean egon arren ETAk indarkeria behin betiko ez duela baztertu erakusten du operazio honek». Hori gertatu arte egunez egun etakideak atxilotzen jarraituko dutela abisu eman du.
Hain justu, Espainiako Gobernuaren jarrera salatu du AAMk. «Estatuek errepresioaren aldeko apustu itsuan jarraitzen dute argi eta garbi; horretarako, oraindik ere beraien lanabes politikoa da espetxe politikarik ankerrena erabiltzea, legez kanporatzea, atxilotzea eta torturatzea». Larunbatean Frantzian izandako tiroketa eta atxiloketak, Mikel Ibañez preso ohiaren heriotza, manifestazioen debekuak eta polizia kontrolen ugaritzeak «errepresioaren eta gatazka politiko gordinaren adierazpenak» direla salatu du. Nolanahi ere, Gernikako Akordioko printzipioak aldarrikatu ditu AAMk, «gatazka politikoaren konponbide justua» lortzeko balio dutela uste baitu. Hala, edukiak betetzera dei egin du.
ESAITek ere atxiloketak salatu ditu, eta «politika zikina» egitea egotzi dio Espainiari. Herri kiroletan ibiltzen dira bi anaiak. Elkartasuna adierazi die ESAITek eta aske uzteko ere exijitu.
Atxilotuta dauden bitartean elkarretaratzeak egingo dituzte Legorretan. Atzo Ertzaintza agertu zen eta ez zieten mobilizazioa egiten utzi. 200 lagun batu ziren, eta bost identifikatu zituzten.
Igor eta Aitor Esnaola atxilotu ditu Guardia Zibilak, ETArekin lotuta
Armak eta lehergaiak banatzea egotzi die Rubalcabak bi anaiei, eta Guardia Zibilak dio 1.000 kilo lehergai topatu dituelaGernikako Akordioari lotzeko deia egin du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu