Eusko Jaurlaritzak 4,7 milioi tonatan handitu nahi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan isur daitekeen industria hondakin kopurua, eta, horretarako, industria hondakinen hiru zabortegi handituko ditu —Igorrekoa, Bistibietakoa eta Beteartekoa—, eta beste bi berriro ireki—Epelekoa eta Artxandakoa—. Hondakinen isuriak gutxiagotzeko eta 2024rako hondakinak «modu autosufizientean» kudeatzeko plana aurkeztu du gaur Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak, eta bertan iragarri ditu aldaketok, beste zenbait neurrirekin batera. Besteak beste, «hondakinak eta lurrak balorizatzeko azpiegitura berri bat» ere iragarri du Tapiak.
Tapiaren hitzetan,bi helburu nagusi izango ditu Jaurlaritzak finkatu duen bide orriak. Batetik, hondakinen isurketa bolumena «nabarmen» murriztea nahi du, «sortutako hondakin guztien %15 izan arte», eta, bestetik, 2024. urtetik aurrera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako hondakinen isurketa guztia jasotzeko «gaitasun nahikoa» izango duela bermatzea, «lurraldetik kanpora eraman gabe».
Isurketak mugatzea
Tapiak adierazi du hondakinen isurketa txikiagoa izateko neurri batzuk ezarri dituztela jada. Hala nola debekatu egin dute zabortegietara eraikuntzako hondakinak edo altzairugintzako zepak eramatea, edo «birziklatze eta balorizazio» proiektuetarako laguntzak ematen hasia da Tapiaren saila. Hain zuzen, azaldu duenez, 54 proiektu berri ditu martxan 36 enpresatan, 392 milioiko aurrekontuarekin.
Adierazi dute gaur egungo isurketa maila aurreikusia zegoena baino «txikiagoa» dela. Hala ere, ez da erraza izango Jaurlaritzak nahi duen isurpen mailara heltzea: 2024. urtera arte 1.500.000 tona isurtzea aurreikusten du, eta kopuru hori 300.000 tonara jaitsi nahi dute 2029. urterako.
Isurketak gutxitu daitezen ezarriko duten beste neurri bat ere iragarri dute: «Isurketa kanona». 2024. urtetik aurrera, isurtzen den tona bakoitzeko hamar euro ordaindu beharko da, eta 2025. urtean hogei eurora igoko da ordaindu beharreko kopurua. Horrez gain, «hondakinak eta lurrak balorizatzeko azpiegitura berri bat» ere iragarri dute, «hondakindegiaren ordezko berehalako irtenbiderik ez badute», baina ez dute zehaztasun gehiago eman.
«Autosufizientzia»
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan sortutako hondakinak ere bertan kudeatu nahi ditu Jaurlaritzak, kanpora bidali gabe. Izan ere, Zaldibarko zabortegia amildu eta Larrabetzukoa zein Mutiloakoa ixtearekin batera, 400.000 tona hondakin biltegiratzeko lekurik gabe geratu dira. Hori dela-eta handituko dituzte zabortegi batzuk, eta berriro irekiko dituzte beste batzuk. Hala ere, Jaurlaritzak adierazi du «aldi baterako» neurri bat izango dela: «Helburua isurketa nabarmen murriztea denez, aldi baterako egoera hori denbora tarte mugatu batean egindako jarduketen bidez konponduko da».
Bide horretatik, Gardelegi, Igorre, Bistibieta eta Betearteko zabortegien edukiera handituko du Jaurlaritzak. Epelekoa ere berriz irekiko duela iragarri du, eta Artxandako zabortegi zaharra ere berritu eta baliatuko dute. Horrez gain, Tapiak aitortu du zabortegiaren gaineko kontrolen zorroztasuna «handitu beharra» dagoela, eta arlo horretan ere neurri berriak iragarri ditu: «Herri administrazioak» zabortegien jardueraren jarraipenean duen inplikazioa «indartzea» eta ingurumen administrazioak «zuzenean» parte hartzea. Horretarako, hiru hilabetean behin kontrolak egingo dituztela iragarri du, eta urte bakoitzeko gehienezko isurketa muga ere ezarriko zaiola instalazio bakoitzari.
Zabortegien itxiera
Zabortegi batzuk handitzearekin batera, hamahiru zabortegiren itxiera progresiboa gauzatu ahal izango dira 2030era bitartean; horietako lau hondakin ez-arriskutsuenak izango dira, eta 2024an itxiko dira. Hala ere, prozesu luzea geratuko zaie aurretik; zabortegiei «zigilatzea eta kontrolak egitea» eskatzen zaie itxi ondorengo 30 urteetan, gas isuriak, uraren kutsadura edo desplazamenduak kontrolatzea. Tapiak adierazi duenez, lan horietarako dirua jartzea zabortegiaren jabeari dagokio, eta hori kasu batzuetan ez da bete azken urteetan. Hori dela eta, itxiera «modu egokian» egin dadin bermatzeko mekanismoak ere jarriko dituzte martxan.
Epe hori igarota, eremu horren «errestaurazio eta ingurumen lehengoratze lanak» egin beharko dira, eta sailburuak azaldu du halako eremuetan eguzki plakak jartzeko aukera aztertzen dabilela Jaurlaritza.