Konponbideari begira

"Ihesaren soka" betiko eteteko, laguntza eskaini dute iheslari ohiek

Iheslari ohiak euren testigantza emateko azaldu dira, eta adierazi dute azken iheslaria etxean izan arte babesa emango dutela. Altsasuko agerraldian, «konpromiso osoa» agertu dute konponbide prozesuaren alde. Bideoa: euskal iheslari politiko ohien agerraldia, Altsasun (Ander Gartzia eta Itxaso Cuevas). [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2069/[/berriatb]

2014ko martxoaren 17a
17:02
Entzun

Ihes egiteari utzi diote, baina urte luzez jasan dituzte deserriaren ondorioak. Euren esperientzia lagun, Altsasuko Iortia kultur etxean elkartu ziren atzo hainbat belaunalditako 150 iheslari ohi inguru. Euskara hutsez irakurritako agirian, konponbide prozesuarekin «konpromiso osoa» adierazi dute, eta iheslariek etxera itzultzeko hartutako bidean laguntzera datozela esan dute, ozen. «36ko gerrak eta zapalkuntza ekarri besterik ez zigun faxismoaren garaipenak uholde bilakatu zuen ihes egiteko beharra. Gu etenik izan ez duen sokaren ondorengoak gara, baina soka horrek behin betiko eten behar du. Etenarazi behar dugu». Helburu horretan laguntzeko prest azaldu dira iheslari ohiak.

Agiriaren mezuaz gaindi, Altsasuko argazkiak badu esanahi sinbolikoa. Bederatzi hilabete iragan dira Miarritzen ekainaren 15ean Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak bide orria aurkeztu zuela, eta bide horretan egindako urratsa izan da iheslari ohiena. Hego Euskal Herrian egindako argazki kolektibo horren bitartez, euren errealitatea ezagutzera eman nahi izan dute, eta, bide batez, atzean den iheslarien auzia fokuen aurrean jarri.

Ikusmin handia sortu du agerraldiak. Kazetariak aretoan sartu direnerako, iheslari ohi bakoitza bere tokian zen. Jatorri eta belaunaldi askotako aurpegiak jarri dira kameren aurrean. Berehala, agiria irakurtzeari ekin diote Xabier Zubizarretak eta Aitziber Plazaolak. «Ehunka lagunek pairatu dugu deserria 50 urteotan».

Orain, errealitate hori irauli nahi dute, «aurrerantzean inoiz inork bere herritik ihes egin behar izan ez dezan». Bidea, ordea, oztopoz betea dator. «Orain arte Espainiako eta Frantziako gobernuak egiten ari diren blokeoari PPren inboluzioa gehitu zaio azkenaldian». Baldintza horietan, presoen zein iheslarien kolektiboek egin dituzten urratsak goraipatu dituzte. Iheslarien kasuan, Miarritzeko bide orriaren garrantzia azpimarratu dute: «Aurkezpen unetik beretik ohartu ginen garrantziaz, etxerako bideari hasiera eman baitzitzaion».

Testigantza ematera

Iheslarien kolektiboak izan ditzakeen arazoei aurrea hartu nahirik, «azken iheslaria etxean izan arte babesa eta laguntza» emango dutela diote. Halaber, beharrezkotzat jo dute azken 50 urteotan gertatutakoa kontatzea. «Guk badugu zer kontatu, zer eta zergatik», azaldu du Zubizarretak, eta bizitako ondorioek gatazkaren gordintasuna erakusten dutela deritzo: «Gerra zikina esaten zaion jazarraldi ankerrak erakarritako deportazioaren muturreko babesgabetasun juridikoa, heriotza ere eragin duen gutxieneko bizi-baldintzarik eza, kanporaketekin orokortu zen tortura, eta izua ere bai».

Plazaolaren esanetan, euren testigantza ematera datoz. «Nonbait, zenbaitek egin nahi duen kontakizun partzialetik desagerrarazi nahi dituzten adibide lazgarriak dira. Guk, ordea, ez dugu beldurrik gertatutako guztiari begiratzeko, ezta erantzukizunak aitortzeko ere». Plazaolak esan du ez dutela iraganean kateaturik geratu nahi. «Gure seme-alabei, gure bilobei etorkizuna zor diegu guztion eskubideak bermatuko dituen Euskal Herri libre batean. Horixe izango da gure garaipena. Galtzailerik eta mendekurik gabeko garaipena».

Zubizarretak azaldu du Miarritzeko bide orriaren lanketa egiten ari direla eragileekin, borondateak eta adostasunak biltzeko asmoz. Plazaolak aipatu du protagonista nagusia herria dela, «herria baita hasitako bidea erraztu dezakeena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.