Hezkuntza

Ikamak «euskal eskola herritar eta burujabea» aldarrikatu du

Hezkuntza sistema «errotik» aldatzeko eskatzeko, mobilizazioak egin dituzte Hego Euskal Herrian. Donostian, manifestazioarekin batera, antzerkiak eta performanceak ere egin dituzte, ikasleen egoera irudikatzeko.

Ikamak antolatu duen manifestazioa, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Oihane Puertas Ramirez.
2022ko martxoaren 29a
16:49
Entzun

Hezkuntza sistema aldatzeko, ikasleria martxan lelopean atera dira kalera Hego Euskal Herriko ikasleak, Ikasleria Martxan antolakundeak deituta. Ikamak mobilizazioak antolatu ditu Bilbon, Gasteizen, Amurrion (Araba), Iruñean, Bergaran (Gipuzkoa) eta Donostian, eta, besteak beste, hezkuntza sistema «errotik» aldatzeko eta «euskal eskola herritar eta burujabea» sortzeko eskatu dute. Bilboko eta Iruñeko manifestazioak hasi aurretik, Poliziak bederatzi lagun identifikatu ditu.

Ikasleak «nazkatuta» daudela adierazi du antolakundeak, eta hainbat gauza salatu dituzte manifestazioetan: gaur egungo krisia, hezkuntza sistemaren egoera, hezkuntzaren «prekarizazioa», ikasleek hezkuntzan jasaten duten kontrola eta pandemiaren ondorio psikosozialak .

Ez hezkuntza sistema bakarrik, «sistema osoa» aldatu behar dela uste du Ikamak. Izan ere, adierazi duenez, gaur egungo hezkuntza eredua «zaharkitua» dago, eta «kapitalismoaren makineria olioztatu» baino ez du egiten, ikasleen garapen integrala erdigunetik kanpo utzita. Horrela, hezkuntza sistemak «negozio» izateari uzteko, Ikamak «ezinbestekotzat» jo du ikasleek mobilizatzen jarraitzea.

Donostian, ehunka ikasle atera dira kalera hezkuntza sistemaren eta gaur egungo egoeraren kontra borrokatzeko. Manifestazioarekin batera, beste ekintza batzuk ere egin dituzte, ikasleen egoera irudikatzeko asmoz. Parte Zaharrean, esaterako, antzerki bat egin dute Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herriko hezkuntza sistema kontrolatzen dutela salatzeko. Bulebarrean, berriz, performance bat egin dute, indarrean dagoen sistemak ikasleengan dituen ondorioak irudikatzeko. Horrela, salatu dute hezkuntza ereduak ikasleak «isilik eta geldi» egotera behartzen dituela, eta etorkizunean «langile esklabo» izateko prestatzen.

Mobilizazioa Bulebarrean amaitu dute, txalo artean, eta, ondoren, zenbait gaztek arrautzak bota dituzte Itsas Komandantziara, eta eraikina gorriz eta horiz margotu dute. Antolakundearen arabera, eraikina Espainiako «indar militar okupatzaileen» sinbolo da, eta, horrekin batera, Espainiako Estatuaren «zapalkuntza» irudikatzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.