Ikara bai, baina kalterik ez

Indar handiko lurrikara sentitu zuten atzo Iruñerriko biztanleek. Olabe herrian izan zuen epizentroa, baina Gipuzkoako eta Lapurdiko hainbat tokitan ere nabaritu zuten. Herritarren artean ezinegona piztu zuen arren, dardarak ez zuen zauriturik eta kalte materialik eragin. Bideoa albiste bukaeran.

Ion Orzaiz.
Iruñea
2017ko martxoaren 11
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Leihoen dardarak eta burrunba ozenak esnatu zituen atzo Nafarroako hainbat herritako biztanleak. Segundo batzuk besterik ez zen izan; nahikoa herritarrak asaldatzeko. Altzariak mugitzen eta liburuak apaletatik erortzen ikusi zituzten etxean zeudenek; errepidean zihoazen askok bat-batean galgatu zuten autoa, ikara betean. Agoitz herriko bizilagunek kanpai hotsak entzun zituzten, elizako dorrean beren kabuz ari baitziren soinua ateratzen, dardarizoak astinduta. 07:43. Ordu horretan, lurra oinen azpian mugitzen sentitu zuten askok.

Richter eskalan 4,2 gradukoa izan zen lurrikara, IGN Espainiako Geografia Institutuaren arabera. EMSC Europa eta Mediterraneoko Sismologia Zentroak, ordea, 4,5eko maila eman zion. Hasieran, Markelain herrian atzeman zuten epizentroa, Iruñe iparraldean, bost kilometroko sakoneran. Datu zehatzagoak eskuratu ahala, ordea, Olaben jarri zuten, hiriburutik sei kilometrora. Hipozentroari dagokionez, berriz —lurrikararen iturburua sakoneran—, lur azpitik hamabi kilometrora zegoela zehaztu zuen IGNk atzo arratsaldean.

Nafarroako erdialde eta iparraldeko herri askotan nabaritu zuten lurraren dardara; hala nola Donezteben, Beran, Artikan, Berriobeitin, Noainen eta Lizarran. Olabe inguruko lurrak izan ziren, baina, astinduaren indarra gehien pairatu zutenak; besteak beste, Burlata, Atarrabia, Uharte eta Iruñeko hainbat auzo. Uhina urrunago ere iritsi zen: Tolosan, Errenterian, Irunen (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) inguruan ere nabaritu zuten.

Ehunka herritarrek larrialdi zerbitzuetara jo zuten informazio eske, eta, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, horrek kolapsatu egin zuen 112 telefonogunea. Hala ere, mugimendu sismikoak ez zuen zauriturik eta kalte material larririk eragin. Hori dela eta, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan zuen Nafarroako Gobernuko Presidentetza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia kontseilari Maria Jose Beaumontek: «Ez da aparteko arazorik sortu. Hala ere, litekeena da datozen ordu eta egunetan lurrikararen erreplikak sumatzea, baina hori ere normala da; hortaz, lasai egoteko eta 112 telefonoa larrialdietan soilik erabiltzeko aholkatuko nieke herritarrei».

Hain zuzen, jatorrizko lurrikararen hiru erreplika erregistratu ziren atzo, Iruñerri eta Ultzama artean: lehenbizikoa, 07:47an, Richter eskalan 2,5 gradukoa eta epizentroa Eguesibar udalerrian zuena; bigarrena, 16:21ean, 3,6 gradukoa, Erripan; eta hirugarrena, 18:38an, 2,4 gradukoa, Larraintzarren.

Lurrikaren artxiboa

Gisa horretako mugimendu sismikoak ohikoak dira Euskal Herrian. Ekialdean, batez ere, Pirinioen inguruan dauden faila txikiek eragiten baitituzte. Iberiar penintsulako sismikotasun handieneko guneen artean hirugarrena da hori. Indar txikiko mugimenduak izaten dira gehienetan, baina, noizean behin, baita lau gradutik gorakoak ere. Nafarroan, atzoko lur mugimenduen aurrekorik zuzenena 2013ko ekaitz sismikoa izan zen. Urte hartan, ia 400 lurrikara erregistratu ziren hilabete gutxiren buruan. Indartsuenak Etxaurin izan zuen erdigunea, eta 4,2 gradukoa izan zen. Horren aurretik, aipatzekoak dira Itoizko urtegia betetzeko lanek eragindako lurrikara txikiak. 500dik gora lur mugimendu izan ziren, hiru urtean. 1998. urtean, berriz, 5,2 graduko lurrikara gertatu zen Lizarragan.

Horren aurretik, zaila da datu zehatzak aurkitzea, sismikotasuna neurtzeko teknologia asko aldatu baita azken urteetan. Badira, ordea, iragan mende hasierako erregistroak eta idatzizko kronikak. 1903ko martxoaren 10ean, adibidez, beste lurrikara handi bat pairatu zuten Iruñerriko herritarrek. Garai hartan, 30.000 pertsona inguru bizi ziren eskualde osoan, baserrietan eta hirian, baina ez zen kalte larririk gertatu. 114. urteurrenean, atzo, lurra mugitu egin zen berriz.

Bideoa: goizeko lurrikara, Iruñeko udaltzaingoaren kamerek grabatuta hartuta.

[youtube]https://youtu.be/OVCyb_izPI0[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.