Urriaren 11n ez dira klasera joango Ikasle Abertzaleak. Azken hilabeteetan Espainiako Gobernuak egindako hezkuntza murrizketak salatzeko antolatu dute greba, egun horretarako: "Kaleak hartuko ditugu eta ozen adieraziko hezkuntza herriratzeko beharra eta ikasleon nahia". Horrez gain, urriaren 12an, ospatzekorik ezer ez dutela pentsatzen dute eta, beraz, Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduaren inguruan eztabaidatzeko erabiliko dute egun hori; ikastetxeetan, unibertsitateetan, kalean eta gaztetxeetan, ikasleek nahi duten eskola, "herri eskola", irudikatzen saiatuko dira.
Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Espainiako beste ikasle sindikatuekin batera egingo dute greba Ikasle Abertzaleek. Agerraldia egin dute gaur, horren berri emateko, Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako campusean, Ibaetan.
Nazio bakoitzak bere arazoak dituela nabarmendu dute, baina Espainiako Gobernuak "inposatu" nahi dituen hezkuntza erreformen aurrean elkartu eta "erantzun bateratu bat" ematea egokia dela iruditu zaiela ere zehaztu dute. Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wert "etsaitzat" hartu dute, eta Jose Iribas Nafarroako Hezkuntza kontseilaria eta Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua "bidelagun" dituela salatu dute.
Horrregatik, mobilizazio ugari antolatu dituzte Hego Euskal Herrian. Urriaren 11n manifestazioak egingo dituzte hainbat herritan, eta urriaren 12an herri eskolak. "Txikitasunean handi diren proiektuetan" sinesten dutela aldarrikatu dute, indartsu: "Euskaraz ikasi eta bizitzea posible den heziketa eredu bat, parekidetasunean, elkarlanean... ez delako ametsa. Ikasleok posible dela erakutsiko dugu".