Ezezko biribila eman diote Nafarroako ikasleek Espainiako Hezkuntza Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoari. Karrikara atera ziren atzo horretarako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta unibertsitatean antolatu grebaren harira. Ikasle Abertzaleek egin zuten deialdia, eta haiekin bat egin zuten Eraldatuk, Batzar Libertarioak eta Ikasleen Sindikatuak, bai eta hainbat gizarte mugimenduk ere. Goizeko manifestazioan istiluak izan ziren.
Ikasleen erantzunarekin pozik agertu ziren antolatzaileak. «Unibertsitatean gelak ia hutsik ziren; eta institutuetan ikasleen %80 inguruk egin du bat deialdiarekin», azaldu zuen IAko bozeramaile Antxon Barberiak. Nafarroako Gobernuak, ordea, bertzelako datuak eman zituen: «Erantzuna apala izan da, eta unibertsitatetik at %10era ez da iritsi».
Goizeko manifestazioarekin ehunka ikaslek egin zuten bat. 3.500 inguruk parte hartu zuten, antolatzaileen hitzetan. Manifestazioa hasi baino lehen, hainbat tentsio une izan ziren parte hartzaileen eta polizien artean, Karlos III.a etorbidean, Nafarroako Kutxaren egoitzaren parean. Iturrama institutuan, gainera, gazte bat atxilotu zutela erran zuen IAk.
Manifestazioan, Antoniutti parketik Sarasate pasealekurako bidea egin zuten ikasleek. Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroaren erreformaren aurkako oihuak egin zituzten, eta euskal eskola nazionalaren aldekoak. Bukaeran irakurritako manifestuan, Espainiako Gobernuak unibertsitatean egin nahi duen erreforma kritikatu zuen IAko Leire Barberenak. Tasak gehiago igo eta enpresei atea zabaldu nahi dietela salatu zuen. Manifestazioa amaitu eta gero, ehunka ikasle Espainiako Poliziaren egoitzara hurbildu ziren, atxilotutako gaztea askatzeko eskatzera, eta Poliziak gazteen aurka oldartu ziren.
Ikasleak karrikara atera dira Nafarroan, hezkuntza erreformaren aurka

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu