Ume eta gaztetxoen ikusmin etazarata izan da nagusi gaur goizean Durangoko Azokan, Landako eraikin berrian. Argitaletxeetako arduradun eta saltzaileek agertu dutenez, bat ikusi eta bestea endredatu ibili dira eskolaumeak, baina salmentak ez dira handiak gertatu. Izan ere, dirua tamainan eramaten duten poltsikoan haur eta gaztetxoek. Dena den, askok egiten dute erosketatxoren bat.
Gaur goizean arrakasta handienetako bat izan duena Joxe Mari Agirretxe 'Porrotx' pailazoa izan da, gelditu ere egin gabe ibili baita diskoak sinatu eta sinatu.
Nolanahi ere, haur eta gaztetxoez gain, Durangoko Azokaren aterbe berria —Landako eraikina— izan da hizpide nagusietako bat. Hainbeste urtetan behin-behineko egoitzetan izan ostean —elizako arkupean aurrena, merkatu zaharrean gero, eta karpa zurian azken urteetan—, berariaz egindako eraikinaren jabe da, azkenean, Durangoko Azoka.
Jendea, oro har, gustura agertu da aterbe berriarekin; argitasun handia duela nabarmendu dute batzuk, eta, azkenean, "irmotasun itxura" hartu duela azokak bestetzuk.
Nolanahi ere, azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteak eraikinerako finantzaketa arazoei aurre egin behar izan die. Durangoko Udalari ezinezko gertatu zaio finantzaketa bide berriak lortzea, eta azkenean, Sabin Aranak gidatzen duen Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza Sailak mailegatu dio beharrezkoa izan duen diruarenn zati handi bat.Durangoko 38. azoka hartuko duen eraikin dotorea herdoil kolorekoa da, eta beira ate handiak ditu.
Garai batean Landakon egondako galdategiaren tximini zaharrak zutik dirau erakustazoka berriaren aldamenean, eta fabrika itxura ematen dio kultur gune berriari.
Erlojupeko azoka
Trantsiziozko azoka erlojupeko azoka ere izan da. Euskal kulturari merezi duen maila emango dion eraikuntzari azken ukituak eman zizkioten, atzo, hainbat igeltserok eta margolarik, erlojupean. Gehiegi nabari ez ziren zenbait itogin ere ikus zitezkeen erakustazokaren barnean. Aurreko ostiralean botatako euria dela bide, eraikinaren pareten aldamenean erakusmahaia jarri dutenak kristalaren azpitik ura sar daitekeela konturatu dira.
Argitaletxeetako eta diskoetxeetako arduradunek azken hilabeteotako lan eskergaren azken lasterketa egin zuten atzoko egunean; goizean goiz hasi zen bakoitza bere erakusmahaia antolatzen. Elkar disketxeak 20 metroko erakusmahaia du, eta hura txukuntzen ibili zen Esti Esteibar promozio arduraduna. Eraikin berrian eroso lan egingo dutela iritzi dio: «Kristal handiak izatean egunez oso argitsua da, argi naturala sartzen da eta horrek biziagotu egingo du azoka. Gauez ere barruko argia ikusita kanpotik, norbait lanean ari dela ematen du, fabrika bat dela. Karpa ilunagoa zen, motelagoa». Elkar argitaletxeko editore Txanton Zubeldiaren aburuz, Landako edifizioak segurtasunaren eremuan egingo dio ekarpenik handiena azokari. «Aurreko urtean bustidurekin liburu asko hondatu ziren, eta, aurten, behintzat, euriarekin hainbesteko arazorik izango ez dugula dirudi. Dena den, liburu kutxarik lurrean ez uzteko esan digute, euri-jasak izatekotan ezer busti ez dadin. Eraikina inguratzen duten aldapak kanpora begira egon beharrean, barrurantza daude, eta euria egitekotan ura barrura sartzeko arriskua ere badago».
Arratsaldean profesionalak
Goizetik umeak ibili ostean, arratsaldean liburugintza eta diskogintzako profesionalen txanda izan da. Alegia, goizeko algara eta zaratak utzi, eta itxura serioa hartu du azokak arratsaldean, finean, harremanak eta negozioak egiteko gune bihurtu baita.
Hemen Durangoko Azokari buruzkoinformazio zehatz-zehatza.
Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen 38. Azoka
Ikasleek eta arloko profesionalek estreinatu dute Durangoko Azokaren eraikin berria
Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen 38. Azokak zabaldu ditu ateak, eta ekitaldi bakoitzeko aurreneko egunean ohikoa den legez, ume eta gaztetxoak izan dira estreinaldiko protagonistak. Lehendabiziko egun horretan bi sektore berezi gonbidatu nahi izaten dituzte antolatzaileek: goizez, Euskal Herriko hainbat ikastetxetako eskolaumeak; arratsaldez, berriz, liburugintza zein diskogintza arloko profesionalak. Nolanahi ere, literatura, saiakeragintza zein diskogintzako nobedadeez gaindi, Durangoko Azokaren eraikina bera da aurtengo berrikuntzarik nabarmenena.Bizkaiko Foru Aldundiaren ekimenez, Azpiegitura enpresa publikoak Gerediaga elkarte antolatzailearen eta Euskal Herriko argitaletxeen eta diskoetxeen aspaldiko eskakizuna asebete du: Landako erakustazoka eraiki du. Horrenbestez, Euskal Liburu eta Diskoen azokak agur esan dio karpa zuriari, betiko; bidenabar, baita azpiegitura aldetiko behin-behinekotasunari ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu