Juan Amodia de la Riva. Psikologoa eta irakaslea

«Ikasleek sentitu eta ikusi egin behar dute ikasten dutena baliagarria zaiela»

Kantabriako Unibertsitateko irakaslea da Juan Amodia de la Riva psikologoa. Irakasleak ere trebatzen ditu, haurrei nola erakutsi jakin dezaten. EHIGEk antolatutako jardunaldietan izan da, Donostian.

CONNY BEYREUTHER / ARGAZKI  PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
«Hezkuntza sistema erakargarriagoa egin behar dugu ikasleak gureganatzeko». Juan Amodia de Riva psikologo eta irakasleak argi du orain arteko ikasketa eredua zaharkitua geratu dela, eta ikasleak horren aurka egiten ari direla. Amodia de la Rivak defendatu du gurasoek ez dutela irakasleen bizkar utzi behar seme-alaben ikasketa prozesua. «Guk ere badugu zeregina horretan».

Gurasoek seme-alaben ikasketa prozesuaren gainean egon behar dutela esanez amaitu duzu hitzaldia. Egun ez al da ardura hori irakasleen bizkar utzi?

Guztiz ez; baina, bai, lehen baino gehiago. Guraso askok esaten dute: «Nik ez dut zertan izan nire seme-alaben irakaslea». Hori okerra dela uste dut. Haurrak bere kabuz hartu behar du ikasteko ardura, eta pixkanaka, autonomiarekin, autonomo izan behar du. Baina gurasook ondoan egon behar dugu, eta zailtasunak baditu, lagundu. Ezin gara prozesu horretatik deslotu. Dena den, pixkanaka beraiek izan behar dute guregana etortzen direnak, ikasi nahi dutela esanez. Horrek esan nahiko du ikasteko interesa dutela.

Nola erakarri ikasleak ikastera?

Ikasketa prozesua erakargarria eginez. Hori lortzeko, dugun guztia eman behar dugu irakasleek. Eskola bakoitzean zerbait berezia eskaini behar diegu, hasieratik gureganatzeko. Gurasoen kasuan, seme-alabek ingelesa ikastea nahi badute, errazagoa izango da gustuko dituzten gauzen bidez egiten badute: musika entzuten, filmak ikusten, sarean ingelesa dakiten pertsonekin hitz egiten, mintzalagun batekin... Beste adibide bat emanez, errazago ikasiko dituzte landareen ezaugarriak basora eramanda, ikasgelan eserita baino. Ikasten ari direnaren erabilgarritasunaz konturatzea ere oso garrantzitsua da. Sentitu, ikus dezatela hori. Hala bada, ikasi dutena ez zaie ahaztuko.

Matematikak eta hizkuntzek irakaskuntzan duten garrantzia azpimarratu duzu.

Zalantzarik gabe. Gauzarik sinpleenaren atzean ere matematikak daude. Hori dela eta, funtsezkoa da matematikak jakitea. Askok beldurra diete, baina berriro ere gauza bera diot: adibide praktikoak jarriz, ikasleek formulak ikasiko dituzte. Baina ez dituzte egingo buruz dakizkitelako, baizik eta ulertzen dituztelako. Hizkuntza egoki eta ondo jakitea ere oso garrantzitsua da. Ni, maiz, harritu egiten naiz ikustean gazte askok nola hitz egiten, irakurtzen eta idazten duten. Historia jakitea ere oso garrantzitsua da. Gutxienez izan ditzatela buruan hainbat datu historiko, eta horietatik abiatuta joan daitezela besteak ikasten. Joan daitezela ezagutza sare hori ehuntzen.

Ingelesa ikastearen garrantzia defendatu duzu behin eta berriz, baina baita hizkuntza propioak ondo jakitea ere. Nola ikusten duzu Eusko Jaurlaritzaren hiru eleko hizkuntza eredua?

Ez dut ezagutzen. Nik garbi dut, dena den, zenbat eta hizkuntza gehiago ikasi, hobea dela. Gaur egun ingelesa jakitea funtsezkoa da. Gainontzean, gauza asko galtzen dituzu. Baina oinarria da egunerokoak ditugun hizkuntzak ondo jakitea eta menperatzea, eta egunero-egunero ezagutza hori aberastea. Hemen euskara eta gaztelania izango lirateke hizkuntza horiek.

Hezkuntza sistemari lotuta, asko hitz egiten da ere irakasleen autoritateaz. Ikasleen aurrean galdu egin al dute aginte hori?

Nik uste haurrak hezteko bi gauza behar direla: diziplina eta afektibitatea. Arazoa da pasatu garela diziplina gogorrenetik ia erabateko afektibitatera. Hori konpontzeko, bien arteko oreka bat lortu behar dugu. Gutxieneko diziplina arau batzuk jarri beharko genituzke, eta, aldi berean, afektibitatea landu. Bestalde, aztertu beharko litzateke ikasleek zergatik duten jarrera hori. Nik uste sistemaren aurka egiten ari direla, ez baitzaie erakargarria egiten.

Zer iruditzen zaizkizu hezkuntzan egiten ari diren murrizketak?

Argi dago txarrak direla. Behin eginda, eskatu behar dugu, gutxienez, dagoen dirua ondo erabil dezatela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.