Ikasten ikasi

Geletako adin aniztasuna da eskola txikien ezaugarri nagusia; proiektu beraren inguruan egiten dute lan ikasleek: zati bat egiten du bakoitzak, bere mailaren arabera; hala, umeek elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dute.

2015eko ekainaren 13a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Halabeharrez nahasten dituzte eskola txikietan adin ezberdinetako haurrak. 2 eta 12 urte bitarteko ikasleez osatutako taldeak dituzte Euskal Herriko eskola txikietan. Hala, proiektuen bidez lan egitera behartuta egoten dira maiz: gai bera jorratzen dute gelakide guztiek, norberak haren mailaren arabera. Txikiek nagusiengandik ikasten dute, eta nagusiek txikiengandik. Izan ere, guztiek dute zer ikasi eta irakatsi. «Umeek, haien artean, irakasleengandik bezainbeste ikasten dute. Irakaslearen papera bestelakoa da: laguntzailea da», azaldu du Lantziegoko (Araba) eskolako zuzendari Mikel Fernandezek. «Gelan badago egin beharreko lan bat, eta umeek batera egiten dute, elkarrengandik ikasten dute, eta behar dutenean irakaslearen laguntza ere badute». Gai zehatzen inguruan irakatsi beharrean, horien inguruan ikasteko baldintzak eskura jartzen dizkiete irakasleek ikasleei.

Umeen artean urte baten aldea dago Lantziegoko eskolako geletan; beste batzuetan, ordea, aldea handiagoa da. Gipuzkoako eskola txikiei bisita egin zien iaz Francesco Tonucci pedagogian adituak; geletan ikasleen adinen arteko aldea txikia zela ikusirik, erronka bat jarri zien eskolei: 2 eta 12 urteko ikasleak gela berean batzea. Erronka onartu zuten Zizurkilgo (Gipuzkoa) San Millan ikastetxeak eta Abaltzisketako (Gipuzkoa) Txalburu ikastetxeak. Ikasturte honetan egin dute proba, eta oso pozik daude emaitzekin. Umeek aurreko urteetan bezainbeste edo gehiago ikasi dutela ikusi dute irakasleek, eta haien poztasuna handitu egin dela diote.

Prozesu «naturalagoa»

Bartzelonako Unibertsitateko irakasle Roser Boixek azaltzen duenez, ikasleentzat «oso positiboa» da ikasgeletan adin ezberdinetako haurrak batzea. Ikasketa prozesua «naturalagoa» da horietan: ikasleek beste ikasleengandik ikasten dute, eta, aldi berean, besteei haiek dakitena irakasten diete. «Ikasten ikasi egiten dute haurrek». Besteei azalpenak eman behar dizkietenean, umeek dakiten hori finkatzen dute haien buruetan, eta dakitena azaltzen ikasten dute, besteek ulertu dezaten. Horrek zenbait estrategia bilatzera eramaten ditu. Estrategia metakognitiboak garatzearekin batera, badu haurren autoestimuan eraginik, eta horrek ikasketa prozesua laguntzen du. Metodologia hori oso positiboki baloratzen duen arren, haren iritziz, «ez da denerako konponbide», eta beste metodologiek bezala, gauza onak eta txarrak ditu.

Behin lehen hezkuntza amaituta, eskola handietara salto egin behar dute eskola txikietako ikasleek. Salto horrek beldurtzen ditu gehien ikasleak eta gurasoak. Hala ere, trantsizioa normaltasunez egiten dute gehienek, eta erraztasunez moldatzen dira ikastetxe handietara; nahiz eta, gehienetan, aldea handia izan: 25 umeko eskolatik, 25 umeko gela batera egokitu behar izaten dira.

Haien esperientzia oinarri hartuta, trantsizioaren normaltasunez mintzatzen dira eskola txikietako ikasle ohiak, irakasleak eta gurasoak. Hala baieztatuta du, halaber, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikerketa batek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.