Gizartea

Ikastera eta lan egitera Frantziara joaten jarraitzen dute Ipar Euskal Herriko gazteek

Gaindegiak eta Hemen elkarteak nabarmendu dutenez, Ipar Euskal Herriko formakuntza eskaintzaren eta lan merkatuaren mugak direla-eta gazteriak Frantziako hainbat hiritara jotzen segitzen du ikasketak eta lana egitera.

2008ko uztailaren 2a
18:31
Entzun
Gaindegia behatokiak eta Hemen elkarteak gaur arratsaldean Baionan aurkeztu duten txostenean nabarmendu dutenez, Ipar Euskal Herriko formakuntza eskaintzaren eta lan merkatuaren mugak direla-eta gazteriak Frantziako hainbat hiritara jotzen segitzen du ikasketak eta lana egitera, eta horrek bere bizilekua baldintzatzen dio. “Egoera honen ondorioak larriak dira Iparraldeko gazteria ez baita sorterrira itzultzen, edo urte asko pasa ondoren egiten baitu buelta. Erbesteratze ekonomiko gisa defini dezakegu. Iparraldeak ez baitu gaitasunik intereseko lan eskaintzarik egiteko”.

Azaldu dutenez, Hego Euskal Herrian “ikasketetarako baliabideak eta ongi ordaindutako lan eskaintza” egon badago, Ipar Euskal Herriko gazteek hara ikastera edota lanera mugitu nahiko balute; “baina egin diren desplazamenduak oso bakanak dira”. Horiek hala, egoera honek guztion arreta merezi duela ohartarazi dute Gaindegiak eta Hemen elkarteak. Horretarako, gogoeta egitea proposatzen dute, “Hegoaldearen eta Iparraldearen arteko komunikazioa eta lankidetza sustatzeko eta Euskal Herriko kohesio maila garatzeko”.

Mugaren eragina

Halaber, muga administratiboak muga psikologikoa izaten jarraitzen du. Mugaz gaindiko elkarlan politikek ez dute ia eraginik gazteek ikasketak edo lantokia hautatzeko jokaeran. “Hegoaldeari buruzko informazioa formalki emateko antolatu diren saioek gazteen muga psikologikoekin egiten dute topo. Hegoaldean ikasi edo lan egitearen esperientzia bizi izan duten gazteen balorazio positiboak erakusten du bide horrek aukera onak dituela etorkizunean”.

Ipar Euskal Herriko gazteek bertako lan merkatuaren gainean oso informazio gutxi izaten dute, eta are gutxiago Hego Euskal Herrikoaz. Gainera, alor hauetako informazioa jasotzeko eta lanpostuak aurkitzeko bide informaletara jotzen dute gehienbat.

Kostaldearen eta barnealdearen arteko desoreka handia da lan merkatuari dagokionez. Baiona eta, oro har, Lapurdiko kostaldea dira lan merkatuari dagokionez ingururik aktiboena eta aberatsena, nahiz eta hau ere jarduera eremu gutxi batzuetara mugatua izan. Berez nahikoa mugatua den lan merkatua are mugatuagoa da barnealdean.

“Lan eskaintza eta formakuntzaren artean desoreka dagoela sumatzen dute gazteek. Hots, lan merkatua formazio eskaintza bera baino mugatuagoa dela. Gertaera hori sentimendu negatiboz bizi dute gazteek, batez ere, lanpostu eskaintzak ez dituztelako erakargarri ikusten eta gainera, turismoaren nagusigoaz duten iritz negatiboak sektore horretan jardutera ez dituelako batere animatzen”.

Gazteek esperientzia hartu nahi izateak lan baldintzak gutxiestera eta errotazio handia duten ibilbidea egitera daramatza. “Formakuntzari dagokionez komenigarria izan daiteke, merkatuak formazioa eskatzen baitu, baina horrek enpresentzat arazo eta galera handia dakar, gazteak ez baitira konprometitzeko prest eta enpresan jasotako formakuntza galdu egiten delako. Horrela oso zaila da ibilbide luzeko eta formazio sakoneko profesionalak izatera iristea”.

Gaindegiak ondorioztatu duenez, Ipar Euskal Herriko gazteriak ikuspegi eta pentsamoldez oso jarrera malgua adierazten du. Profesionaltasunari garrantzia handia ematen dio eta neurri berean prest da bere bizimodua bere lan jardunari lotzeko edota bizilekua horretara egokitzeko. “Zoritxarrez, formazio eskaintza mugatuak eta goi mailako profesionalen behar apalak gazte asko, gehiegi emigratzera behartzen ditu”.

Kanpotik etorritakoak kasualitatez etorri iritsi izanak eta bertako errealitate kultural bereziaren aurrean harriturik sentitzeak agerian uzten dute haien desinformazioa. “Komenigarria litzateke integrazioa erraztu edo lagunduko lukeen oinarrizko laguntza moduak planteatzea, bertako errealitatean errazago txertatzeko eta bertako berezitasunak (hizkuntzarena batez ere) bere egiteko”.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.