Seaska

Ikastolek eraikin zaharrak aloka ditzakete merkatuko prezioan baino apalago

Pierre Andre Durand Paueko prefetak eta Patrick Dallennes Baionako suprefetak zirkular bat zabalduko dute egunotan, "eskola pribatuen" auzian konponbidea atzemateko asmoz.

Durand prefeta (ezkerrean) eta Dallenes suprefeta, gaur. A. RENTERIA
Aitor Renteria.
2014ko maiatzaren 2a
13:11
Entzun

Oren luze bat behar izan du prefetak Seaskari ateka hertsi bat erakusteko. Herriko etxe eta elkargoek posible izanen dute egoitza zaharrak alokatzea Seaskari. Merkatuak finkatzen duen prezioan baino apalagoan egin dezakete, baina prefetak ez du utziko "alokairu sinbolikoa" egitea, diru publikoa eskola pribatu bat finantzatzea dela iritzita.

Gisa berean, herriek posible izanen dute lur soila alokatzea Seaskari, prefabrikatuak jartzeko bada. Prefetak azpimarratu du ez duela onartuko eraikuntza gogorrik egitea eremu publiko batean, eragile pribatu bat lur publikoaren jabe bilakatzea litzatekeelako. Laburbilduta, Seaskako ikasleek egoitza zaharretan egon beharko dute edota prefabrikatuetan.

Lehen mailako ikastolei dagokienez, zirkularraren bidez arazoen %80ari konponbidea eman diola dio prefetak. Gainerakoak Seaska eta Legegilearen artean konpondu beharko direla ebatzi du.

Horrekin batera, auzapezei gogoratu die funtzionamendu arloan diruz lagundu behar direla alokairuan eta kontratupean dauden ikastolak, Seaskan eskolatua den haur bakoitzeko hezkuntza publikoan dagoen haurraren prezio bera ordaindu beharko dutela berretsi die.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.