Ikastolen elkarteak duela lau urte aldatu zuen egitura juridikoa. Euskal Herriko Ikastolen Elkartea izatetik, Ikastolen Konfederazio izatera pasa zen, Seaska -Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako ikastolen federazioa- juridikoki ere bere baitan hartu ahal izateko. Interes ekonomikoko elkarte europar izaera hartu zuen Konfederazioak. Orduan izendatu zuten lehendakari Pedro Aranburu. Ikastolen Elkartean ibilbide luzea egindako Antonio Campos ordezkatu zuen. Camposek 25 urte egin zituen lehendakari.
1977-1978an daude, hain zuzen, gaur egungo Konfederazioaren sustraiak. 60ko hamarkadaren bukaerako krisien ondoren, lurraldekako elkarteak sortu ziren eta, horren ondoren, guztiak batuko zituen egitura. Konfederazioaren estatutuak indarrean jarri zirenetik lehendakaria aukeratzen duten lehen aldia da oraingoa.
SORTZE PROZESUA. Konfederazioaren ideia aspaldikoa zen. Seaska betidanik izan zen Ikastolen Elkarteko kidea, baina bere presentzia ez zegoen juridikoki ezagututa, praktikan elkartean bat gehiago bazen ere. 1992. urtean egindako Batzar Nazional batean erabaki zuten arazo hori konpontzeko irtenbidea bilatzea.
Etenaldi bat sortu zen prozesuan, 1993an, Eusko Jaurlaritzak onartu zuen Publifikazio Legearen eraginez. Lege horren ondorioz, Euskal Autonomi Erkidegoan jatorri sozialari eutsi eta, beraz, sare publikoan sartu ez ziren ikastolek eutsi zioten Ikastolen Elkarteari. Denborarekin ikastola horiek denek hartu dute kooperatiba izaera, Gipuzkoako salbuespenen bat kenduta.
Urte batzuk geroago heldu zioten berriro federazioek egitasmoari. Bost urteko lanaren ondoren, 2001. urtean eman zioten oniritzia konfederazio bihurtzeari. Hurrengo urtean zehaztu zituzten egituraketa berriaren eskumen eta estatutuak.
EGITURAKETA EZTABAIDAGAI. Ikastolen Konfederazioak urte hasieran abiatu zuen lehendakari berria hautatzeko prozesua. Behin buruzagi berria aukeratuta, ikastolen egituraketa egokitzeko eztabaida izango da lehentasunetako bat hemendik aurrera. Izan ere, Ikastolen Konfederazioak duela lau urte sortu zuen elkarte ereduan zailtasunak aurkitu dituzte. Besteak beste egituraketa sinpleagotzea eta erabakitzeko prozedurak malgutzea da helburua. Gaur egun erabaki guztiak aho batez hartu behar dituzte.
Ikastolen egituraketa,
barrutik Euskal Herriko ikastolak lurraldeka antolatuta daude, baina badute batuko dituen erakunde nazionala ere: horixe da Ikastolen Konfederazioa. A. Mendiola
Donostia
Ikastolen Konfederazioak izena eta elkarte europar izaera duela lau urte hartu zituen, orduko beharrei erantzuteko. Gaur egun, funtzionamenduan zenbait aldaketa egiteko eztabaida abian dago. Hona hemen ikastoletako erakundeen erabaki organo nagusiak:
Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa
Ikastola guztiak biltzen dituen erakundea da. 2002an sortu zuten, Interes Ekonomikoko Elkarte Europar eredu juridikoari jarraiki. Ordu arte, Euskal Herriko Ikastolen Elkartea zen. Estatus horrek Konfederazioko bazkide gisa hartzen ditu federazioak, eta bazkideek Europako estatu bat baino gehiagotakoak izan behar dute. Konfederazioak Zamudioko Teknologi Parkean du egoitza, Bizkaian.
Egituraketa egokitzeko prozesua abian da, eta batzorde misto bat eratu da. Egitura sinpleago bihurtu eta ikastolek partaidetza zuzenagoa izatea da xedea. Erabakiak, gainerako ikastola erakundeetan ez bezala, aho batez hartzen dira.
Ikastolen Batzar Nazionala, Biltzar Nagusia, Lehendakaritza Batzordea eta Zuzendaritza dira organo nagusiak Konfederazioan. Federazioetan eta Partaiden, zuzendaritzak teknikariek osatzen dituzte, profesionalek; beste organoak, ikastoletako ordezkariek, gurasoek, salbuespenen bat izan ezik.
Batzar Nazionala egitasmo bereziak aztertzeko jartzen da martxan, adibidez, euskal curriculuma edo Pedagogia Plan Nazionala. Ikastola guztiek parte-hartze zuzena izaten dute. Batzar Nazionalak ez du maiztasun zehatzik. Aurtengo udaberrian izan da bilerarik, euskal curriculuma aztertzeko, eta datorren urtean gai berari helduko dio. Segur aski behin baino gehiagotan bilduko da, Jaurlaritza ekainean baita euskal curriculumaren proposamena aurkeztekoa. Ikastolekk duela hamar urte jarri zuten martxan ideia, eta egun bere egitasmo nagusietakoa da.
Biltzar Nagusia da erabaki organo gorena, bai Konfederazioan baita ikastolen federazioetan eta Partaiden ere. Ikastolen ildo nagusiak zein izango diren erabaki eta gestio planak onartzen ditu. Urtero biltzen da, gutxienez behin. Federazioetan eta Partaiden ikastolak zuzenean daude ordezkatuta; Konfederazioaren kasuan, berriz, federazioen bitartez.
Lehendakaritza Batzordea organo kudeatzailea da. Batzar Nazionalak eta Biltzar Nagusiak onartutako planak martxan jarri eta betetzen direla bermatzea da bere ardura. Federazioetako lehendakariek eta artezkaritza kontseiluetako kideek osatzen dute. Bizkaiak eta Gipuzkoak Artezkaritza Kontseiluko bi ordezkari dituzte, lehendakariaz gainera; gainerakoek, bat. Guztira, 12 lagun dira. Erabaki guztiak aho batez hartu behar dituzte.
Zuzendaritzaren lana Konfederazioaren ildoak praktikan jartzea da. Konfederazioko zuzendariak (gaur egun Iñaki Etxezarreta), federazioetako zuzendariek eta Partaideko zuzendariak osatzen dute.
Ikastolen federazioak
Bost federazio daude: Araba, Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Seaska. Seaska izan ezik, denak dira kooperatibak, bai ikastolak eta bai erakundeak. Seaskak beste eredu bat jarraitzen du. Eredu horren arabera Seaska bera da Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako ikastola guztien titularra. Gainerako lurraldeetan ikastola bakoitzak bere titularitate propioa du.
Ikastolen kopuruari dagokionez, honela banatuta daude: Araban 9, Bizkaian 22 eta Nafarroan 15, ikastola guztiak edo ia guztiak daude ordezkatuta federazio bakoitzeko Artezkaritza Kontseiluan. Gipuzkoan ikastola gehiago direnez (31), bailaraka antolatzen dute ordezkaritza, txandaka. Seaskan 25 ikastetxe daude. Artezkaritza Kontseiluari dagokio Batzarrak hartutako erabakiak martxan jartzen direla bermatzea.
Federazioek ere badute beren Batzar Nagusia, bazkide diren ikastoletako ordezkariek osatzen dutena (botoak zentro bakoitzaren ikasle kopuruaren arabera izaten dira), baita Zuzendaritza ere.
Partaide
Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako federazioak biltzen ditu. EAEko administrazioarekiko harremanak kudeatzea da bere lana. 1993ko Publifikazio Legearen ondoren sortu zen. Legearen eraginez, ikastola erdiak sare publikoan sartu ziren eta beste erdiek jatorrizko izaera soziala mantendu zuten. Sare publikoan sartu ziren ikastolek Ikasbatuaz elkartea sortu zuten, eta Ikasbatuazek geroago Nafarroako Sortzenekin bat egin zuen.
Batzar Nagusian ikastola guztiek parte hartzen dute. Urtean behin gestio plana eztabaidatu eta onartzen dute, eta lau-bost urtean behin plan estrategikoa.
Artezkaritza Kontseiluak 15 ordezkari ditu. Lurralde bakoitzeko federazioetako ordezkariak izaten dira, bakoitzak duen ikasle kopuruaren arabera. Arabak 2 ditu, Bizkaiak 6 eta Gipuzkoak 7. Zuzendaritzan federazio bakoitzeko zuzendariak, Partaideko zuzendaria eta Konfederaziokoa biltzen dira.