Iraganean egindako esfortzuari esker ikastolek autonomian oinarrituta jarduten dutela, eta etorkizuneko erronkaere bide beretik jarraitzea dela nabarmendu du Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko lehendakariak. Ipar zein Hego Euskal Herriko ikastolek, testuinguru politikoaren menpe egonda ere, «eredu propioaren» alde eta autonomiarekin lan egiten segituko dutela nabarmendu du. Hala, Eusko Jaurlaritzak martxan jarritako hiru eleko esparrua eta bakerako hezkuntza plana hizpide izan ditu Tellituk: «Halako uneetan sumatzen da, bereziki, eskola autonomia baliatzeko ahalmena. Ez hezkuntza-administrazioaren planifikazioari muzin egiteko, baizik eta gure jatorrizko ildoari eta etorkizuneko erronkei fidel izateko».
1960ko hamarkadan ikastolak sortzen lagundu zuten gurasoentzat esker oneko hitzak entzun ziren atzo, ikastolen ikasturte hasierako ekitaldian. Izan ere, lehen ikastolen sustatzaile eta eragile izan ziren gurasoek aitortza hunkigarria jaso zuten Ikastolen Elkartearen eskutik, Gasteizko Ibaiondo gizarte etxean egindako ekitaldi jendetsuan. Haiei eskerrak emateko, bertan ziren, besteak beste, Koldo Tellitu bera, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaa, eta Arabako diputatu nagusi Xabier Agirre.
Finantzaketa publikoaren murrizketak ere kritikatu zituen Tellituk, bereziki Iparraldeko zein Nafarroa garaiko ikastolei jartzen zaizkien trabak gogoan hartuta. Administrazioari «alde bakarreko» erabakiak hartzea eta «efektismo hutsean» oinarrituta jardutea leporatu zion, gainera. Hala ere, elkarrizketaren bidetik adostasunak lortu aldera, ikastolek eskua luzatuta dutela gogoratu zien agintari politikoei.
Isabel Zelaa sailburuaren arabera, berriz, «gaurko hezkuntzaren bidez, XXI. mendeko euskal gizartearen geroa» definitzen ari da.Horretarako, «modernizazio linguistikoari» ekitea ezinbestekotzat jo zuen, hiru eleko hezkuntza esparruaren inguruan adostasuna lortzeko itxaropena agertuta. «Balioetan» oinarritutako hezkuntzaren garrantziaz ere ohartarazi zuen, «hezkuntzak ez duelako instrukzio hutsa izan behar».Zelaaren ustez, gizakiaren duintasunarekin bat egin behar du eskolak, eta «tolerantzia ezaren» ondorioak sufritu dituztenen testigantzak baliabide pedagogiko «baliotsua» izan behar du umeen eta gazteen giza garapenerako.
HEZKUNTZA. IKASTOLEN ELKARTEAREN IKASTURTE HASIERA
Ikastolen «eredu propioaren» alde egin du Tellituk, ikasturte hasieran
Hezkuntza sailburuak «modernizazio linguistikoa» eta balioen hezkuntza aldarrikatu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu