Seaskako 25 ikastoletako zuzendariek, hiru kolegioetakoek, lizeoak eta Integrazio Batzordeak bat egin eta manifestaziora deitu dute, heldu den larunbaterako, Baionan. Manifestaziorako hautatu duten leloak argi adieraziko du Seaskaren egoera: Kasu, ikastolak kexu. Arratsaldeko bostetan abiatuko da, Lauga kiroldegitik, eta suprefetura aitzinean bukatuko da. Denbora gutxi ukan du Seaskak manifestazioa antolatzeko. Kontuan hartuz egoeraren larria, dei berezia egin die guraso, guraso ohi eta euskaltzaleei Baionako karriketan haserrea adierazteko.
Urtez urte ikasle gehiago du Seaskak, baina salatu du 2009an hitzarmen bat onartu arren Frantziako Hezkuntza Ministerioak ez dizkiola behar adina irakasle esleitzen. Murgiltze ereduaren hedapena bermatze aldera, Seaskak bere gain hartu ditu Frantziako Gobernuak ordaintzen ez zituen irakasle postuak. Aurten hamazazpi izan dira, eta gauzak aldatzen ez badira, 22 lanpostu izanen dira heldu den eskola sartzean. Ekonomikoki egoera hori jasanezina dela adierazi du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak.
«Egoera larria da. Ez baditugu garapenerako oinarri sendoak lortzen, ez baditugu behar diren postuak lortzen, ikastolen eta euskararen etorkizuna kolokan daude Ipar Euskal Herrian». Ikastolen funtzioa bikoitza dela azpimarratu du Indok: haurren hezkuntza bermatzea eta hizkuntza politikaren ardatz nagusia izatea. Frantziako Hezkuntza Ministerioak irakasle postuak kenduz urtez urte aurreztu nahi dituen aurrekontu txikiak etorkizunean kezka «potoloak» bihurtuko direla dio.
Zailtasunen aitzinean norabidea atxiki behar dela nabarmendu dute Seaskako ordezkariek. «Azken 42 urteetan estatuak inposatu nahi izan digun logikari men egin izan bagenio, aspaldian desagertuak ginen». Seaskak ez duela amore emanen adierazi dute. «Gure hizkuntza ofiziala izanen ez deino, euskararen babesteko lege bat ukanen ez duguno, horrela ibili beharko dugu».
Estatuak dituen ardurak ez dira irakaskuntzakoak bakarrik. Hizkuntza politika plazaratu zuen, eta bertan helburuak zehazki azaltzen dira. Seaskak, horren harira, azpimarratu du helburu horiek iragarri eta baliabideak kentzea euskararen aldeko lana oztopatzea dela.
Ikastolen haserrea karrikara aterako du Seaskak heldu den larunbatean Baionan
Irakasle lanpostuak ukatuz Frantziako Gobernuak elkartea ekonomikoki ito nahi duela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu