Xabier Lopez Peña presoaren gorpuari harrera egiteko ekitaldia antolatzea egotzita, Guardia Zibilak astelehenean atxilotu zuen Iker Rodrigo, eta aske utzi zuen atzo Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Hainbat neurri ezarri zizkion, hala ere: epaitegian hilero sinatzeko agindu zion, pasaportea kendu zion eta auzitegiak deituz gero, hitzordura joateko prest egoteko eskatu zion. Akusazioari eutsi eta inputazioa ez dio kendu.
Rodrigok epaileari adierazi zionez, berak ez zuen Lopez Peñaren omenaldi edo harrerarik antolatu, eta Twitterren ekitaldia iragarriz zabaldu zen mezua ere ez zuen berak idatzi. Akusazioek diotenez, Sortubizkaia kontuan harreraren berri ematen zuen mezu bat kaleratu zuten, eta hori idatzi izana egotzi dio fiskalak atxilotuari: «Ez nuen nik idatzi eta nik nire idatzien ardura besterik ez dut», ohartarazi zuen Rodrigok auzitegian.
Hasier Arraiz Sorturen presidenteak ere ukatu egin zuen atzo harrera alderdiak antolatu zuela, eta Sortu legez kanporatzeko mehatxutzat jo zuen operazioa. Susmo bera azaldu zuen Maribi Ugarteburu Sorturen Bizkaiko koordinatzaileak Madrilen, atxilotuari babesa azaltzera joan zenean.
Espainiako Fiskaltzak berak ere Sorturen balizko legez kanporatzearekin lotu zuen atxiloketa, alderdia legez kanpo uzteko datuak biltzen ari dela azalduta.
Iker Rodrigo aske utzi du Auzitegi Nazionalak, baina inputazioa ez dio kendu
Sortuko buruzagiek eta Espainiako Fiskaltzak alderdia legez kanpo uzteko mehatxuarekin lotu dute operazioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu