Iker Rodrigo atxilotu dute Lopez Peñaren harrera antolatzea egotzita

Presoa zenaren familiak jakinarazi du harrera ez zuela antolatu ez Sortuk eta ez inork, ekitaldi pribatua izan zela

Iker Rodrigo atxilotu zutenean. SORTU.
Oihana Elduaien Uranga.
2013ko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iker Rodrigo Basterretxea Sorturen Bizkaiko arduradunetako bat atxilotu du Guardia Zibilak, «terrorismoa goratzea» egotzita. Xabier Lopez Peña presoa zenaren harrera antolatzea egotzi diote, eta atzo, goizeko bederatziek jo baino lehen, etxetik atera zenean, hartu eta eraman egin zuten guardia zibilek. Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduarekin atxilotu zuten Erandion; Bilbora eraman zuten handik, eta Madrilera eramatekoak ziren gero. Berri agentziek jakinarazi dutenez, gaur eramango dute epailearen aurrera, deklaratzera.

Lopez Peñaren familiak segituan kaleratu zuen oharra, eta azaldu zuen beraien senidearen harrera ez zuela Sortuk antolatu, eta beste ezein taldek ere ez. «Ekitaldi pribatua izan zen». Sortuk ere ukatu egin du berak antolatu izana harrera, eta bai senitartekoak eta bai alderdiak Rodrigo «berehala» askatzeko exijitu dute.

Sondikako aireportura (Bizkaia) ostiral goizean iritsi zen Lopez Peña presoaren zerraldoa, eta han, harrera egin zioten. Ekitaldian «Gora ETA!» oihuak entzun ziren, eta Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok Fiskaltzari abisu eman zion «terrorismoa goratzeko» delitua egon zitekeela. Ikerketa abiatzeko eskatu zion. Atzo etorri zen lehen ondorioa: Rodrigoren atxiloketa. Berri agentzien arabera, atzo jaso zuten EAEko Auzitegiko zein Auzitegi Nazionaleko fiskaltzek Espainiako Poliziak harrerari buruz egindako txostena.

Legez kanporatzeko mamua

Rodrigoren atxiloketa Sorturen balizko legez kanporatzearekin ere lotu du Espainiako Fiskaltzak. Ezker abertzalearen alderdi berria legez kanpo uzteko datuak biltzen ari direla azaldu zuen Eduardo Torres Dulce fiskal nagusiak, eta esan zuen Rodrigoren atxiloketa beste urrats bat dela.

«Etengabeko escrache-a» egiten ari zaio PP ezker abertzaleari, Pernando Barrena Sortuko bozeramailearen iritzian. Legez kanporatzeko mehatxuekin «presioa» sentitzen dutela dio: «Etengabeko jazarpena da». Oharra ere kaleratu zuen Sortuk atxiloketa salatzeko: «Errepresio polizial eta judizialaren bidez konponbide prozesua baldintzatu nahi du bakearen etsaia den PPk».

Lopez Peñaren senitartekoek azpimarratu zuten hilotza Sondikara iritsi zenean presoa zenari familiako eta lagunen artean azken agurra ematea zela asmoa, eta ekitaldi pribatua izan zela. Beraz, Rodrigok ardurarik ez duela esan, eta aske uzteko eskatu diote Auzitegi Nazionalari. Gainera, familaren ustez, ekitaldian entzun ziren «Gora ETA!» oihuen ardura «esan zituztenena» da, eta jakinarazi dute beraiek ez dutela haien jarrera beren egiten.

Aralarrek, Alternatibak eta Eusko Ekintzak (EE) ere salatu dute atxiloketa. «Bake eta elkarbizitzaren eraikuntzan» oztoporik ez jartzeko eta «terrorismoa goratzeko» delitua Zigor Kodetik kentzeko eskatu dio Aralarrek PPri, «delitu ideologikoa delako». Alternatibak «bake eta normalizazio politikoaren kontrako zentzugabekeriako kanpainan» kokatu du atxiloketa. Eusko Ekintzak dio «sistema politikoaren gabezia demokratiko larria» agerian geratu dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.