Berrehun ikertzaile. 151 lan zientifiko. 50 ahozko aurkezpen. 74 mikroaurkezpen. 101 poster. Ikergazte kongresua aurten zer izango den jakinarazteko UEU Udako Euskal Unibertsitateko arduradunek gaur eman dituzten datuak dira. Maiatzaren 28an, 29an eta 30ean izango da kongresua, Bilbon. Aurreko aldietan izan duen xede bera izango du: euskarazko produkzio zientifikoa sustatzea. Bide horretan berebiziko garrantzia du komunitate zientifiko eta intelektual euskalduna «trinkotzeak» eta unibertsitate mailako ezagutzaren «sorkuntza eta zabalkundea» egiteak. Bietan lagunduko du kongresuak. Aurten ere. 2015ean egin zen lehen aldiz, Durangon (Bizkaia), eta ordutik bost kongresu egin dituzte.
UEUko zuzendari Aitor Bengoetxea Alkortak, kongresuko koordinatzaile Ainhoa Latatu Nuñezek eta kongresuko batzorde dinamizatzaileko kide Aitor Cevidanes Mirandak hitz egin dute gaur kongresua aurkezteko agerraldian. Artikulu zientifiko «asko» jaso dituztela nabarmendu du Latatuk. 151 hautatu dituzte. 39 lan dira zientzia zehatzetakoak eta natur zientzietakoak, 32 ingeniaritza eta arkitektura arlokoak, 31 osasun zientzietakoak, 25 artearekin lotutakoak, eta 24 gizarte zientziekin eta zuzenbidearekin lotutakoak. Lan horiek aurkezteko plaza bat emateak zenbateko garrantzia duen nabarmendu du Latatuk. «Ikertzaile gazteek egiten duten nazioarteko ikerkuntza etxean ezagutzea nahi dugu».
Gune «erreferentziala»
«Berrehun ikertzaileek frogatzen dute kongresu hau gune erreferentziala bilakatu dela haientzat. Arrakasta horren atzean dago Euskal Herriko unibertsitate guztiekin eta erakunde guztiekin egiten ari garen bide oparoa», azaldu du Bengoetxeak. Aurkeztuko diren lan zientifiko gehienak nork egin dituen aztertzen bada, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaileak daude buruan, baina Euskal Herriko gainerako unibertsitateetako ikertzaileak ere izango dira kongresuan, eta baita atzerrietakoak ere.
Kongresuaren garrantzia nabarmendu du Cevidanesek ere. «Goi mailako ikerketak aurkezten dira, eta hori guztia euskaraz. Ikaragarria da hori. Gainera, diziplinarteko kongresuak aukera ematen du zure ikerketa burbuilatik irteteko, eta beste diziplina eta lan egiteko modu batzuk ezagutzeko». Jarduera akademikoa alde batera utzita, bestelako hainbat ekitaldi ere antolatu dituzte propio kongresurako, ikertzaileen arteko harremanak piztea eta sendotzea ere izaten baita beti Ikergazte kongresuaren helburu behinenetariko bat.
Tartean, ikerketa ibilbide luzea duten lau hizlariren hitzaldiak antolatu dituzte: Olu Jenzen, Alberto Elosegi, Juan Carlos Moreno Cabrera eta Maia G. Vergniory mintzatuko dira. Hainbat tailer ere egingo dituzte.