Kale neurketek eta inkesta soziolinguistikoek hogei urteko bidea egin dute, eta datu zerrendek azterketa zorrotzagoak egiteko ematen duten aukera hustiatu du Iñaki Iurrebaso soziologoak. Bi ikerketetako datuak haztatu ditu, euskararen erabilerari buruzko eboluzio bat itxuratuz. Atzo aurkeztu zuen emaitza, Soziolinguistika Klusterrak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntzak Politikarak Sailburuordetzak elkarrekin antolatutako saioan, EHUren Donostiako Udako Ikastaroetan. Iurrebasoren azterketen arabera, hezkuntza da euskara gehien erabiltzen den esparrua, baina horren datu estatistikorik ez da. Ikerketek jasotzen dutena beste hau da: lankideekin (%13,7k), lagunekin (%12,5ek), eta eremu formalean (%12,1ek) hitz egiten da euskaraz gehien; kaleko erabilera (%11,5) eta etxekoa ere (%10,4) gertu daude, eta hedabideen kontsumoa da euskarak presentzia gutxien duen lekua (%6,6). Sare sozialei buruzko daturik ere ez dagoela, baina horietan erabilera oraindik txikiagoa den susmoa agertu du.
1991tik 2011ra bitartean aldaketa handia gertatu da lankideen eta lagunen artean eta eremu formalean (administrazioarekin batik bat), euskararen erabilerak asko egin duelako gora, Iurrebasoren hitzetan. Etxeko erabilerak, aldiz, beherakada txiki bat izan du. «Iraultza txiki bat da hori». Beste iraultza, zahar baino gazte gehiagok egiten dutela euskaraz orain. Bestela zen 1991n.
Herrialdeka, ordea, alde handiak daude. Gipuzkoako egoera bereizi du Iurrebasok. «Igoera askoz bizkorragoa» izan du herrialde horrek euskararen erabileran: «Gainontzeko guztietan, poliki, baina behera egin du». Zehaztu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eremu formalean gehiago egiten dela euskaraz; Ipar Euskal Herrian eremu informalean egiten da gehiago, nahiz familiako erabilerak jaitsiera handia izan. Nafarroan, kale erabilerak behera egin du. Nolanahi ere, euskararen erabilerak hazkunde bizkorragoa izan zuen 1990eko hamarkada hasieran, eta 1996tik moteldu egin da. Alde horiek aztertzeko, «premiazko azterketa» bat behar dela uste du, eremu euskaldunen joera zein den jakiteko adibidez.
Diskurtso berri baten bila
Bestalde, Iñaki Martinez de Luna soziologiako doktore eta EHUko irakasleak euskararen gaur egungoegoera aztertu du. Horretarako, euskararen inguruko jarrerak hogei urteotan izan duen bilakaera ekarri du gogora. De Lunaren aburuz, trantsizio garaian, herritarrek euskararen aldeko jarrera nabaria zuten. Gaur egun, berriz, aldeko jarrera hori «zalantzazko edo aurkako» bilakatzen ari den susmoa du. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, Euskal Herriko biztanleen %55ek aldeko jarrera dute; ez alde eta ez kontra daude %28; %17, berriz, euskara sustatzearen aurka daude.
Inkesta horrek «zenbait argibide» eman ditu, de Lunaren ustez. Batetik, euskararen normalizazio prozesuan urratsak eman direla nabarmendu du. Esku hartu den tokietan «eragin positiboa» izan dute neurriek; biztanleen erdiak baino gehiagok «aldeko jarrera» erakutsi dute leku horietan. Hala ere, de Lunaren hitzetan, urrats horiek mugak ere badituztela ikusi da inkestan; neurriek ez dute lortu biztanleen aldekotasuna «erabatekoa» izatea. Hizkuntza baten normalizazioa lortzea «zaila» da, haren ustez, herritarren erdiek soilik badute aldeko jarrera. Hori aldatzeko, bi irtenbide ikusten ditu soziologoak: «Beharrezkoa da aurkako jarrera dutenak neutralizatzea, bere lekuan eustea. Horrez gain, beharrezkoa da euskararen aldeko jarrerak areagotzea».
Azken urteetan euskararen inguruan zabaldu den diskurtsoa «zaharkitua» geratu dela uste du de Lunak. Beste «sektore» batzuengana iristeko, diskurtso berri bat eratu behar dela esan du, hizkuntzen ekologia kontzeptuan oinarrituz.Hizkuntzak ondare unibertsal gisa hartzen ditu diskurtso horrek, ekologiatik hartutako kontzeptuetan oinarrituz: iraunkortasuna, berdintasuna, aniztasuna...
Ikerketa eta diskurtso berrien peskizan
Balorazioak egiteko eta egoera aztertzeko unea iritsi da, V. Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak ezagutu ostean. Horretan jardun dute Iñaki Iurrebaso eta Iñaki Martinez de Luna soziologoek, EHUk antolatutako udako ikastaroetan, Donostiako Miramar jauregian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu