Gizartea

Ikerketa serioa egiteko eskatu diote EH Bilduk eta Podemosek Osakidetzari

Legebiltzarrean ikerketa batzordea eratzea ez oztopatzeko eskatu dio EAJri EH Bilduk. Osakidetzak atzo aurkeztu zituen bere ikerketaren ondorioak, baina haiek ez dute inor asetu.

Osakidetzako lan eskaintza publikoko etsamina, ekainean. MARISOL RAMIREZ, FOKU
2018ko irailaren 18a
20:07
Entzun

Lan eskaintza publikoetako ustelkeria salatzeko Osakidetzak ez duela ikerketa seriorik egin uste du EH Bilduk. Rebeka Ubera legebiltzarkidearen arabera, "etsigarriak" izan dira Maria Jesus Mujia zuzendari nagusiak emandako azalpenak, eta salatu du, atzoko agerraldiak erakutsi duela Lakuak ez duela "benetako borondaterik" auzia argitzeko. "Sasi ikerketa" egitea egotzi dio Osakidetzari, "Jaurlaritzaren kudeaketa defendatzeko helburuz". Egia azaleratu gabe, auzia lehenbailehen itxi nahian aritzea aurpegiratu dio.

Gauzak horrela, "behar-beharrezko" jo du Legebiltzarrean ikerketa batzordea sortzea. Elkarrekin Podemosek eta PPk koalizioaren proposamena babestea espero du Uberak, eta EAJri eta PSOEri "oztopo ez izateko" eskatu die.

Jon Darpon Osasun sailburuari aurpegia emateko eskatu dio gainera, eta hark legebiltzarrean azalpenak ematea "presazkoa" dela ohartarazi du: "Bera da auzi honetako arduradun politiko nagusia", esan du.

Elkarrekin Podemosek ere gertatutakoa argitzeko "ikerketa serio bat" eskatu zion Jaurlaritzari atzo, bertan.

Antzeko adierazpenak egin zituzten sindikatuek ere atzo. "Ulertezin" jo dute Osakidetzak oposizioetako ustezko irregulartasun kasuen inguruan eginiko barne ikerketa. Auzia argitzeko "borondate falta" egotzi diote Jaurlaritzari, eta "ahalik eta azkarren eta inor zipriztindu gabe" kasua itxi nahi izatea. Izan ere, sindikatuen arabera, hemeretzi dira susmopean dauden espezialitatetako hautaprobak, eta horien gaineko salaketak jarrita dituzte fiskaltzan.

LABek ohar bidez gogorarazi duenez, Osakidetzako oposizioetan gertatutakoa "oso larria" da, eta "kudeaketa ausarta" eskatzen du. Gertatu denari "garrantzia kendu eta ondorioak mugatu" nahi izana leporatu dio sindikatuak Eusko Jaurlaritzari. ESK-k ere "desadostasun osoa" azaldu du Maria Jesus Mujikak emandako azalpenekin: "auzo lotsa" sentitu duela adierazi du. "Ez da zilegi gardentasunik eta bermerik gabe egindako txostenen atzean ezkutatzea", adierazi du sindikatuak ohar bidez. "Harridura" azaldu du Traumatologiako epaimahaiko sei kideri irekitako txostenaren harira, eta errealitatea onartu nahi ez izatea egotzi dio, "ebidentziak mahai gainean egonda ere".

CCOOk, bestalde, Osakidetzako arduradunak jarri ditu miran. "Egoerak eskatzen duen mailan" ez daudela uste du sindikatuak.

Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak gobernu bileraren ostean hitz egin du gaiaz. Jaurlaritzak "bere esku dagoen guztia" egin duela nabarmendu du. Gainera, gogora ekarri du informazio guztia "fiskalaren esku" dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.