Ikerketapean dauden Osakidetzako oposizioen harira, beste inputatu bat

Neurokirurgiako tribunaleko presidentea inputatu du auzia daraman epaileak. Ikerketarekin jarraitzeko asmotan, 24 lekuko ere deitu ditu

LABen protesta bat oposizioetan arazoak izan zirela salatzeko, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko uztailaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Covadonga Fernandez Neurokirurgiako tribunaleko presidentea inputatu du Osakidetzako lan eskaintza publikoa ikertzen ari den epaileak, Ana Jesus Zuluetak. Susmopean zegoen espezialitatetako bat zen Neurokirurgia, Neurofisiologiarekin batera.

LAB sindikatuak jarri zuen salaketa Fernandezen kontra, eta epaileak, salaketa aintzat hartu, Fernandez inputatu eta 24 lekuko ere deitu ditu deklaratzera. Deklaratzera deitu dituzten lekukoen artean daude azterketak egin zituzten medikuak, hainbat espezialitatetan salaketa aurkeztu zuten profesionalak eta baita bertze espezialitate batzuetako tribunaletako presidenteak eta mahaikideak ere.

Epaileak, lekukoak deitzeaz gain, lan eskaintza publikoari dagozkion txostenak, bileretako aktak eta espedienteak ere eskatu ditu. Lekukoen artean dago, esaterako, Osakidetzak lan eskaintza publikoari buruzko ikerketa psikometriko bat egin zuen Oviedoko Unibertsitateko aditua eta arau hausteen gainean ohartarazteko LABek egin zuen estatistika egin zuena.

Magistratuak zabalik utzi du Osakidetzako aurreko zuzendaritza inputatzeko bidea, legez kanpoko elkartea sortzeagatik, kontratazioan iruzur egiteagatik eta sekretuak zabaltzeagatik.LABek nabarmendu du Osakidetzako filtrazio eta iruzurrak aspaldikoak direla, eta zuzendaritzak bere baliabide guztiak erabili dituela azterketak egin baino lehen «lanpostuen banaketa diskretua» egiteko. Horrez gainera, sindikatuak salatu du filtrazioak azaleratu ondoren ere Osakidetzako zuzendaritza «horiek ezkutatzen eta argitzea oztopatzen» aritu zela.

Bortz kasu auzibidean

2018ko ekainaren 4an azaleratu zituzten mediku espezialisten proban izandako iruzurra azaleratu zuten paperak. Susmopean dagoen lan eskaintza 2016-2017koa da: orain bi urte egin zituzten azterketak. Ikertzen ari diren espezialitateetako prozesua etenda dauka Osakidetzak, eta banatzeko daude lanpostuak. Iruzurraren auziaren ondorioz, dimisioa aurkeztu zuten Osakidetzako bi arduradun nagusiek: Maria Jesus Mujika zuzendariak eta Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Osakidetzako Giza Baliabideetako zuzendari Juan Carlos Sotok eta zuzendariorde Xabier Balerdik ere dimititu egin zuten. Azken bi horiek deklaratu zuten epailearen aurrean; Osasun Artako zuzendari Andoni Arzelaik ere bai.

Fiskal nagusiak 11 espezialitatetan sumatu zituen filtrazio zantzuak, baina hirutan soilik akusatu zituen arduradun jakin batzuk. Hiru arlo hauek jarri zituen ikerketapean: Anestesiologiako epaimahaikide bat, Angiologiako beste bat eta Digestio Aparatuko epaimahaikide bat. Bi delitu aipatu zituzten auzibidea hasteko autoan: agirien zaintza bidegabea egitea —agiri konfidentzialak ondo ez gordetzea— eta sekretuak aurkitzea eta agertzea —azterketa egin zutenei edukia filtratzea—. Kartzela zigorra ekar dezakete delitu horiek. Beste bi arlo ere susmopean jarri ditu epaileak: Neurokirurgia eta Neurofisiologia. Neurokirurgiako tribunaleko presidentea da, hain zuzen ere, orain inputatutakoa.

Fiskalak delitu zantzuak ikusi ditu epaitegian orain arte deklaratu duten hiru zerbitzuburuen hitzetan. LAB ESK sindikatuarekin ari da herri akusazio gisara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.