IKTetan gehiago erabiltzen du jendeak euskara kalean baino

Eusko Jaurlaritzak dio administrazioan euskararen erabilera ez dela hizkuntz eskaikizunen mailakoa

Administrazioa euskalduntzearen aldeko protesta bat. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
2011ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Euskarak aurrera egin du esparru guztietan, baina maila eta erritmo diferenteetan». Hala laburbildu dituzte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Blanca Urgellek eta Hizkuntz Politikarako sailburuorde Lurdes Auzmendik euskarak azken hamabiurteetan izandako bilakaerari buruzko txostenaren ondorioak. Bertan jaso dutenez, gaur egun euskara gehiago erabiltzen da komunikazioaren eta informazioaren teknologietan (IKT) kalean baino. Kalean, erabilera %15ekoa da, eta IKTetan %7 handiagoa da: %22koa, hain zuzen. Bestalde, aitortu dute administrazioan euskararen erabilera ez ez dela hizkuntz eskakizunen mailakoa.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia abiapuntu hartuta egin du azterketa Kultura Sailak, eta atzo aurkeztu zuten Eusko Legebiltzarrean. Halako txosten bat falta zela ikusten zutelako egin dute. Auzmendik adierazi zuen ez duela ezagutzen azken bi hamakarkadetan halako bilakaera izan duen hizkuntzarik.

1. Hezkuntza

Lehen eta Haur Hezkuntzan B edo D ereduetan daude matrikulatuta ikasleen %90, eta selektibitatea euskaraz egiten dutenen kopurua %25etik %60ra igo da. Hezkuntzan euskarak izan duen bilakaerari buruz txostenean jaso dituzten bi datu esanguratsuenetakoak dira.

2. Liburugintza

Hazkunde «ikaragarria» izan da euskaraz argitaratzen diren liburuen kopuruan, Urgellen esanetan. Urtero 2.400 liburu argitaratzen dira euskaraz, orain hamar urte baino bi aldiz dehiago. «Zifra deigarria da, EAEn urtean 4.500 bat liburu argitatzen direla kontuan izanda».

3. Informazio teknologiak

Azken hamarkadetan hartzen ari diren indarra eta oihartzuna kontuan hartuta, informazio eta komunikazio teknologiak dira etorkizunean euskararen bilakaera gehien bultzatuko duten tresnetako batzuk, Jaurlaritzaren arabera. Txostenean jaso dutenez, azken hamarkadan bikoiztu egin da Interneten euskaraz nabigatzen dutenen kopurua: 100.000tik 200.000ra. «Gainera, gero eta tresna teknologiko gehiago dago euskaraz, eta euskal blogosfera nahiko aktiboa da». Gehiago erabiltzen da euskara IKTetan kalean baino, txostenaren arabera.

4. Administrazioa

Ezagutza aldetik «oso presente» egon arren, ikuspegi komunikatibotik euskararen erabilera ez da hizkuntz eskakizunen mailakoa. Hori da azken hamabi urteetan euskarak adiministrazio publikoan izandako bilakaeraren inguruan txostenak dioena. Urgellek ikerketa bat agindu du horren inguruan.

5. Arlo ekonomikoa

25.000 langile daude gaur egun, Jaurlaritzaren datuen arabera, diru publikoz lagundutako euskara planetan parte hartzen. Urgellen ustez, esparru horretan dute erronka nagusietakoa. «Hizkuntzaren ikuspegitik hezkuntza sistemak eta enpresa munduak lotuago egon behar dute. Berebizibiko garrantzia ematen diogu ikasleek enpresetan egiten dituzte praktikak euskaraz izateari».

6. Hedabideak

Euskarazko hedabideen sektoreak ekonomikoki arazo «larriak» dituela onartu dute txostenean. «Baina eusten ari zaio euskara egunero zabaltzeko erronkari». Urgellen esanetan, garaia heldu da ereduaren gainean «gogoeta sakona» egiteko. «Inor gutxik jartzen du zalantzan hedabideen alorra estrategikoa dela hizkuntza baten garapenerako. Izaera horri eusteko egoera berri eta latzen aurrean herri agintarien konpromisoa berresteaz gain, gauza batzuk berriz planteatu beharko lituzkete».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.