Euskararen aurkako erasoak

Ikusi Kontseiluaren oldarraldi judizialari buruzko jardunaldiak

Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean egin dituzte, goiz osoan zehar: 'Legezko zoru bat euskararentzat' izena jarri diete.

arantxa iraola
2023ko urriaren 27a
14:11
Entzun

Legezko zoru bat euskararentzat izena jarri die Euskalgintzaren Kontseiluak gaur egin dituen jardunaldiei; euskararen normalizazioa sustatzeko neurri eta arauen kontra ebatzi diren epaien inguruan mintzatu dira, asko eta askotarikoak izan baitira azken hilabeteetan, eta horien atzean dagoen «oldarraldi judizialaren» gaineko kezka aspaldi adierazten ari baita euskalgintza. Azaroaren 4an manifestazioa egingo da Bilbon, justiziaren esku hartze horiek auzitan jartzeko, eta justu deialdi horren atarian antolatu nahi izan ditu Kontseiluak jardunaldiak.

Euskararen normalizazioan aurrera egite aldera, eta agerian geratzen ari diren traba guztiak ikusita, Kontseiluak uste du ezinbestekoa dela «lege jokalekuaz» gogoeta egitea, eta horixe da, hain justu ere, jardunaldien asmoa. «Aztertzea zein den egungo testuingurua eta zeintzuk diren egin beharreko urratsak euskarak legezko zoru bat izan dezan». Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Ikaskuntzak lankidetzan antolatu dituzte jardunaldiak. BERRIAren webgunean zuzenean ari dira ematen.

Bi mahai inguru egin dituzte. Lehenean, Nork eta zeren arabera epaitzen du euskara? izenburuarekin, Iñigo Urrutia legelariak eta Unai Iturriotz abokatuak parte hartu dute, Zelai Nikolas legelariak moderatuta. Bigarrenean, Hizkuntza eskubideak giza eskubide. Aukera bat berdintasunerako? izenburupean, Benet Salellas legelari katalanak, Andoni Barreña Garabide hizkuntz lankidetza elkarteko ordezkariak eta Paul Bilbao Hizkuntza Eskubideak Bermatzeko Protokoloaren bideratzaileak hitz egin dute; Idurre Eskisabel Kontseiluko idazkari nagusiak moderatu ditu mintzaldi horiek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.