Julen Ulanga. AGISAS elkarteko koordinatzailea

«Ile apaintzaile bat har daiteke enplegu lagunduko teknikari»

Salatu dute erdi edo goi mailako edozein ziklo dutenak kontratatzen dituztela gizarte integratzaileen postuetarako, eta, ondorioz, murriztu egiten dela mendekotasunen bat dutenentzako zerbitzuen kalitatea.

Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
AGISAS Gipuzkoako gizarte integratzaileen eta animatzaile soziokulturalen elkarteko koordinatzailea da Julen Ulanga (Andoain, Gipuzkoa, 1993). Judizializazioaren bidea hartu dute enplegu lagunduko eta lan munduratze teknikarien lanpostuak finantzatzeko diru laguntza deialdien eta adinekoentzako egoitza zentroei buruzko dekretuaren aurka. Salatu dute lan horiek gizarte integratzaileen lan kualifikazioetan ageri direla baina baimena ematen dutela erdi mailako edo goi mailako edozein heziketa ziklo duen jendea kontratatzeko.

Zer egoeratan zaudete gizarte integratzaileak?

Lana bilatzeko eta arreta egokia emateko zailtasun handiak dauzkagu. Harrera egoitzetan, adin txikikoekin eta hezkuntza bereziko langile gisa ari gara. Diziplina anitzetako langileekin —gizarte hezitzaileekin, gizarte langileekin eta psikologoekin— egin beharko genuke lana, baina gure lekua eduki behar dugu, eta oraindik askoz atzerago gaude. Izan ere, gure lan batzuetarako nahikoa da erdi mailako ziklo bat edukitzea.

Judizializazioaren bidea ere hartu duzue.

Lau bat urtean aritu gara Jaurlaritzako Gizarte eta Enplegu Saileko taldearekin hizketan. Pentsatzen genuen dekretu berrian gure profila behar den lekuan jarriko zela, baina aurkakoa gertatu da. Lan munduratzaile aritzeko, goi mailako edozein ziklok balio du, eta enplegu zentro berezietarako, erdi mailako edozeinek.

Zein da zuen helburua?

Lanean dagoen jendea mantentzearen aldekoak gara: haiei esperientzia aitortu edo egiaztatzeko prozesu bat eginda. Aldi berean, eskatzen dugukontratazio berriak egoterakoan gizarte integratzaile titulua eskatzea. Indarrean dagoen dekretuarekin, kalitatea falta da talde kaltebera bateko kideentzako zerbitzuan. Edozein ematen baldin badugu lan horiek egiteko kualifikatutzat, arrisku batzuk hartzen ari gara. Oraintxe, ezer egiten ez duen gobernu baten aurrean gaude.

Nola eragingo dizue zuei eta ezintasunen bat dutenei?

Judizializatuko ditugun bi dekretuak —adineko egoitza zentroena eta menpekotasunen bat dutenen laneratzearekin lotutakoa— guganakoerrekonozimendu falta argiak dira. Onartzen dute ez dagoela gizarte integratzaile bat bera ere lanpostu horietan lanean. Ezintasunen bat daukatenek nabarituko dituzte ondorioak. Badirudi denok garela gai autobus bat hartzeko, baina menpekotasun egoeran dagoen pertsona bat egon daiteke edo ez, eta, gai ez bada, jakin behar da zer protokolori jarraitu behar zaien. Ezintasun auditiboa daukan pertsona bat jartzen badugu arreta publikoan lanean, integratzaileok badakigu alternatiba bat ezartzen, edo, zenbakiak identifikatzen ez badaki, jakin behar dugu nola lan egin. Ez gara hitz egiten ari gure lan baldintzez, baizik eta ezintasuna dutenak lan merkatura sartzeaz.

Orain, ez zaudete adineko egoitza zentroetan?

Begirale egon behar genuke, eta ez gaude. Gainera, diru-laguntza deialdietan, gure ikasketa planean agertzen diren funtzioak finantzatzen dira. Adibidez, Jaurlaritzak urtean 1.000.000 euro ematen ditu enpresak aurkeztu eta lan-munduratze teknikariak finantzatzeko. Adineko egoitza zentroetan, berriz, ez dituzte gure ratioak ezarri ere egiten, eta bidelaguna izateko boluntariotzari ematen zaio ardura zuzenean. Hori derrigorrezko zerbitzu bat da. Gauza bat da boluntariotza egitea momentu jakin batzuetan eta beste bat da EAEn adineko harrera egoitza zentro guztietan 365 egunean 24 orduan ez egotea bidelagun zerbitzu bat gutxieneko profesionaltasuna duena. Ikaragarria da.

Zein izaten da horien lana?

Mendekotasunen bat daukan pertsona bat ospitalean badago, gaua harekin pasatzea; edo irteera batean zailtasunak daudenean, babesa ematea. Menpekotasun egoeran daudenentzat ondoan segurtasun bat edukitzea da. Errespetu osoz, askotan pentsatzen dugu Jaurlaritzakoak ez direla jabetzen zer ari diren erregulatzen, eta, jabetzen badira, gauza batzuk ez ditugu ulertzen.

Askotan, Gureak eta halako enpresek ematen diete lana menpekotasun egoeran daudenei. Nola erantzun diote zuen arazoari?

Eusko Jaurlaritzaren bi deialdiak bost milioi euro baino gehiagokoak dira. Administrazioak oinarri batzuk ezartzen ditu, eta Gureak, Katealegaia, Sutargi, Fundacion Sindrome de Down eta halako enpresak aurkezten dira. Gizarte alorreko jardunaldietan elkartu garenean, harreman ona izan dugu. Hala ere, Katealegaiaren gisako enpresa batek EAEn hiru gizarte integratzaile dauzka, eta ez titulu eskaerarekin. Gureak, azkenaldian, ari da gizarte integratzaileen lan eskaintzaren bat ateratzen, baina gainean egon garelako. Hala ere, haiek erosoago daude gizarte integratzailearen funtziorako edozein kontratatu dezaketenean. Enplegu lagunduko teknikari gisa ile apaintzaile bat kontratatu nahi badute, kontrata dezakete, eta, gainera, Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du lanpostua. Ez dago borondate politikorik titulazio egokiak ezartzeko.

Eusko Legebiltzarrera ere jo duzue. Zer erantzun dizuete?

PP, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu ados daude. Ez dauzkagu gure lanbide kualifikazioak zerutik erortzen direlako, eta hori dekretuan islatu beharko litzatekeela ustedute. Bi edo hiru aldiz bildu gara, eta ez dute baztertzen legez besteko proposamen bat aurkeztea. EAJk eta PSE-EEk, berriz, ez digute erantzun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.