Gatazka politikoaren ondorioz, ehunka eta ehunka, milaka izan dira Euskal Herriak ezagutu dituen iheslari politikoak. Haiek azpimarratzen duten bezala, etxea utzi zutelarik baziren jadanik iheslari politikoak. Ohikoa izan duten isiltasuna urratu, eta haien lekukotasuna eskaini nahi izan dute, aro politiko berriaren argira. Azpimarratzen dute gatazka gainditzea ez dela lortzen haiek etxera edo sorterrira itzultzearekin, haiek ihes egitera behartu dituzten arrazoi politikoak konponduz baizik. Haien lekukotasunak elkarlanean bildu dituzte euskal hedabideek (Kanaldude, Euskal Irratiak, Herria, Kazeta.info eta BERRIA).
Iheslari politiko bakoitzaren gibelean errealitate ezberdina gordetzen da, bakoitzak egin behar izan baitu bide pertsonala ezagutzen ez zuen ingurumenean. "1982an neure burua arriskuan ikusi nuelako, nire kide batzuk atxilotu eta torturatu zituztelako", dio. Hala ere, "pribilegiatutzat" jotzen du bere burua Jon Irazolak (Elorrion sortua, Bizkaian). Hazparnen (Lapurdi) bizi da, eta honela dio: "Guretzat, mundu berri batera etortzea zen; baina, nonbait, pribilegiatuak gara, Euskal Herritik Euskal Herrira etorri ginen, Euskal Herrian iheslari".
Gontzalo Etxebarria Bilbon sortu zen, eta Barkoxen bizi da, Zuberoan. 1980an egin zuen ihes. Parisen eta Bordelen gaindi ibili zen bi urtez, mahatsa biltzen bizi ahal izateko. Euskal Herrian plantatzea deliberatu zuen, eta Gotaineko kanpalekura joan zen bizitzera lagunarekin batera. Morroi lanetan ibili zen etxaldez etxalde, zaldiak zaintzen, kaparrak mozten. "Zuberoan, barnealdean, baldin baduzu izen bat, baduzu lekua, eta nik banuen, Gontzalo Hegoaldeko". Hango jendeak bazuen Etxebarriaren egoeraren berri. Gerra zibileko iheslari anitz hartu zituzten. Irazolak ez bezala, Etxebarriak ez zuen agiri arazorik, nazionalitate bikoitza baitzuen.
Ana Petralanda Diman (Bizkaia) sortu zen, eta 1980ko azaroan heldu zen Ipar Euskal Herrira. Ordurako, senarra Miguel Angel Aldana han zen, 1979an etorria. Alberto Aldana koinatua ere han bizi zen 1975az geroztik. Anai-Artearen egoitzan bizi izan ziren. Garai hartako elkartasuna du gogoan, egunerokoa. «Iheslari izateak zer esan nahi zuen? Euskal Herriarekiko maitasuna, herria maitatzea». Idealak betetzeko, bizian helburu bat behar dela dio, eta hori betetzeko Iparralderako bidea hartu zuela. Oso harro nago nire ibilbideaz, kontent».
Jokin Aranalderen ibilbidea ezberdina da. Duela 67 urte sortu zen, Gipuzkoako Ibarra herrian. Nafarroa Beherean bizi da gaur egun, 2002an, atxiloketen eta legez kanporatzearen ondoren, Ipar Euskal Herrira ihes egin ondoren. 1967an atxilotu zuten lehen aldiz, eta, urtebete pasatu ondoren, berriz atxilotu zuten. Donostiako gotzainak berak salatu zituen orduan egin zizkioten torturak. Bost egunez atxiki zuten. Geroan ere, hainbatetan atxilotu eta torturatu dutela nabarmendu du Aranaldek. "Egia da nik banituela kasik 60 urte hona etorri nintzenean. Gogorra da, familia guztia uzten duzu. Alaba ihesera etorri zen nirekin batera. Semea espetxeratu zuten, eta emazteak amaren etxera joan behar izan zuen, etxea itxi zigutelako". Nortasun agiriak egunean zituen, aldiz, eta horrek lagundu zion etxea aurkitzeko eta gizarte laguntzak eskuratzeko. Ez da iheslari gehienen kasua. Aranaldek osasun arazoak izan zituen, eta artak hartu zituen, agiriak zituelako. Gabe, ezin artatu.
Hamaika bide, batean
"Gutxi gorabehera, bostehun kidek osatzen dugu kolektiboa. Iparraldean ehun bat bizi gara". Iheslari batzuek bizi normala egiten dute, baina anitz dira oraindik «karrikan zango bakarra ez dutenak ezartzen». Kolektibo zabala, anizkuna osatzen dute iheslariek, errealitateak horretara behartu dituelako. Ehunka dira mundu zabalean. Anitzek beren kabuz egin zuten bidaia; bertze batzuk, ordea, Frantziak deportatu zituen, Espainiak eskaturik. 80ko hamarkada hastapenean, Frantzia euskal iheslariekiko jarrera "ezkorra" indarrean jartzen hasi zela gogoratzen du Irazolak. Garai hartan hilabeteko recepise edo agiriekin bizi zen, iheslari gehienak bezala. Agiri horrek ez zuen lana egitea baimentzen. Sei hilabetekoa behar zen, bederen, eta gutxi batzuek zuten hori.
Frantziako administrazioaren jarreraz gain, gerra zikina errealitatea zen orduan. Aitzinetik, AAA edo Batallon Vasco-Español bezala, GAL sortu zen 1983an. "Hasi ziren atentatuak, hasi zen nonbait errepresio oso gogorra. Gogoratu besterik ez da 27 erailak bizpahiru urtetan. Horren ondotik etorri ziren kanporaketak, beste herri batzuetara eramatea", dio Irazolak. Charles Pasqua Frantziako orduko Barne ministroak berehalako kanporaketak ezarri zituen indarrean, GAL desagerrarazteko. Espainiako Gobernuarekin egindako tratua izan zela nabarmendu du Irazolak.
Garai hartan bere burua arriskuan ikusi eta gorde behar izan zuela dio. Atxilotu zuten, eta Parisen preso sartu lau urtez. Askatu ondoren, bertze anitz bezala, Frantziak zigor bikoitza ezarri ziola gogoratzen du, egoitza asignazioa ezarriz. Urrezko presondegi zabala, nonbait. "Han ez genuen lan egiteko eskubiderik, ez genuen gizarte segurantzarik. Nonbait, familiaren elkartasunari esker bizitzen ahal ginen".
Lau elkarrizketatuek azpimarratu dute kolektiboak beti aldarrikatu duela Euskal Herrian bizitzeko eskubidea. Alde horretatik, 1995ean kolektiboak deliberatu zuen asignazio eta konfinamendua haustea. Baionako katedralean elkarretaratu ziren. "Geroztik hemen gaude, hinki-hanka, paperik gabe, Europako herritarrak izanik nolabaiteko erdi eskubide batzuen jabe. Askotan gogorra da, bai ikasketetarako, bai medikuarengana joateko, betaurrekoak edo sakelako telefono bat erosteko. Paperak behar".
Itsasoaz haraindi
Deportatuek ez dute ukan agindurik hausteko aukerarik. "Atzean dudan itsaso hori begiratu, eta zortzi mila kilometrora dut senarra", dio Petralandak deportazioa aipatuz. Batzuek ez dute nortasun agiririk, ez dute identitaterik. Oro har, denek pairatzen dute familiaren urruntasuna, afektibitate falta. "Anitzetan, ahaztua izan dugu deportazioa. Ez da aipatu ere egin urteetan, eta nik samin hori badut nire barnean", dio. Ezin komunikazio zuzenik ukan, eta, usu, urteak ikusi gabe. Kuban, Venezuelan, Uruguain, Sao Tomen eta Cabo Verden ere ibilia da deportazioaren eta kolektiboaren errealitatea.
Noizbait sorterrira itzultzea dute guztiek amets. Batzuek, han bizitzeko; bertze batzuek, joan eta Ipar Euskal Herrira edo haien bizira itzultzeko asmoz. Etxebarriak Barkoxen geldituko dela dio. Desio du Bilbora itzultzea, baina bizia egina du Zuberoan. "Uste dut errefuxiatu gisa badugula zerbait egiteko, eta hori da memoria lantzea. Bake prozesu batean behar da idatzi historia". Eta gogoratzen dute iheslarien historia ez zela haiekin hasi. Gerla karlistak, gerra zibila, egundaino. "Gure apustua da datozen belaunaldiek ez dezatela beharrik izan berriro ere bizi izan dugun gatazka gordin hori bizitzeko".