GALDERAK
1. Zein bizipen izan zenuen iazko giza katean?
2. Zer iruditzen zaizu Gure Esku Dago-k erabakitzeko eskubidearen alde ekainaren 21erako antolatu duen ekinaldia? Han egongo zara?
Xabier Amuriza Bertsolaria
1. Giza katean, Berrizko herriari Abadiñoko kilometro bat egokitu zitzaigun. Herritarrekin bertsoak kantatuz eta abestuz egun ederra pasatu genuen. Kate guztia nola zetorren bagenekien, eta animoso, euforiko ere bageundela esango nuke. Lortu zen herritarren antolakuntza bat alderdien gainetik, azpitik eta albotik ere, askotarikoa izan zen. Ideia, berriz, originala izan zen. Manifestazio batean baduzu masa sentsazio hori, baina giza katean badakizu lotuta dagoela dena, eta antolakuntza ikaragarria behar zen horretarako. Herrietan lan handia egin zen hori dena koordinatzen. Parte hartze herritarraren eredu handi bat izan zen, eta, alde horretatik, arrakasta handi bat.
2. Ideia polita eta erronka handia da estadioak lotzea. Milaka lagun behar dira. Lortzen bada haiek betetzea, halako masa bat oihuan eta kantuan biltzea, arrakasta handia izango da. Ederra izango da betetzen badira. Nik sentsazio hura bizi izan nuen 1978an, Bai Euskarari lelopean Euskaltzaindiak antolatutako jaialdian; San Mames bete-bete egin zen. Han kantatu nuen. Hura izugarria izan zen. 1998an ere bai. Sentsazio bero eta handiak izaten dira.
Laura Mintegi Idazlea
1. Antzuolan egokitu zitzaigun egotea. Algortan Gure Esku Dago-k antolatutako giza kateari jendeak eman zion erantzuna espero baino handiagoa izan zen. Egun ederra. Harrigarriena aldez aurretiko lana izan zen. Algorta eredugarria da. Lubakiak desagerrarazi ditu ekimen honek. Ikaragarrizko konplizitatea dago urteetan lepoa emanda bizi izan direnen artean. Gure Esku Dago-k lortu du Algortan beste hainbat ekimenek lortu ez dutena. Jendeak daukan sentsazioa da eman baino gehiago jaso egiten ari dela esperientzia honetatik.
2. Dinamikak ez du etenik izan giza katearen ostean ere. Hainbat ekimen antolatu dira, eta esperientzia oso aberasgarria izaten ari da. Igandean jende asko joango da San Mamesera. Ziur naiz: eraikin guztiak beteko dira. Eta gure dinamikan, pausoz pauso, ematen ari dira pauso batzuk atzera bueltarik ez dutenak. Imajinario kolektibo bat eraikitzen ari da non jendeak gero eta argiago irudikatzen duen zer izan daitekeen kontsulta bat egitea. Kontsulta horretan denetariko aukerak izango dira. Baina posibilitate hori gauzagarria eta egingarria dela irudikatzen ari da imajinario kolektiboa. Gero eta zailagoa da jendeari esatea ez daukala erabakitzeko eskubiderik, eta amore ematea dagokiola.
Uxue Alberdi Bertsolaria
1. Ezkio-Itsason egon nintzen giza katean. Gogoetarako baino gehiago, sentitzeko eguna izan zen niretzat. Alabarekin eta lagunartean joan ginen, eta asko hunkitu nintzen. Korrikarekin ere gertatzen zait; zain nagoela malkoak atera ohi zaizkit. Herri bat sentitzea fisikoki mugitzen, elkarri eskua ematen, elkar ukitzen, elkarri begira... Nire ustez, ezinbestekoak dira identitateak gorputzetik pasatzen laguntzen diguten ekintza kolektiboak.
2. Igandean ere han izango gara, berriro sentitzeko eta hunkitzeko gogoz.
Elixabete Garmendia Kazetaria
1. Ormaiztegin egon nintzen. Eskuak lotu, eta bat-batean jabetu horrela 123 kilometroko katea osatzen ari ginela, eta baginela ehun milatik gora eskuz esku… Gogoratu hutsarekin berritu egiten zait orduan sentitutako kalanbrea. Konexio hori ez zen forma hutsa, askotarikoen arteko borondate partekatua baizik.
2. Whatsapp bixi-bixi dabil Donostiako Erdialdeko Artzain taldea osatzen dugunon artean: sarrerak eta kamisetak dantzan. Gasteizen, Arenan izan ordez plazan bilduko direnei, animo!
Kike Amonarriz Aurkezlea
1. Beasainen egokitu zitzaigun. Gure historian bere lekua irabazi zuen eguna izan zen, sinbolismo handiko ekintza. Kataluniako Via Catalana ikusi nuenean hunkitu egin nintzen. Hark marrazten zuen sinbolikoki etorkizun bateko geografia lurtarra, eta humanoa ere bai. Hori Euskal Herrian egin ahal izateak uste dut balio erantsi bat zuela, enfretamenduko iragan batetik elkartasunezko etorkizun batera igarotzeko borondate kolektiboa marrazten zuelako. Horrek piztu zuen eta pizten jarraitzen du ilusioa.
2. Sekulako aniztasuna lortu zen Miramarreko agerraldian, iragan igandean. Horrek erakusten du dinamika berriak jarri nahi direla martxan. Gure etorkizuna marrazteko bidean berrikuntza metodologikoak ere garrantzi handia izango duela iruditzen zait. Gure Esku Dago lortzen ari da oso gutxitan lortu izan dena herri honetan: oso ikuspegi politiko, sozial eta nazional ezberdinak izanda ere, helburu demokratiko baten alde bat egitea. Iruditzen zait berrikuntza handi bat dela, eta itxaropenerako ateak irekitzen dituela. Espero dut estadio guztiak betetzea igandean, eta berriz ere erakutsiko dugu herri honetan gehienok geure etorkizuna erabaki nahi dugula.
Angel Alkain Aktorea
1. Giza katea oso positiboa izan zen. Lazkaon egokitu zitzaigun egotea. Festa handi bat izan zen, eta oso gustura egon ginen lagun artean. Aurrera begirako ekitaldi baikorra izan zen, ez atzera begirakoa.
2. Igandeko ekitaldirako ere gogo handiarekin eta ilusioarekin gaude. Gauza txiki bat egingo dugu. Parte hartuko dugu.
Lorea Agirre 'Jakin'-eko zuzendaria
1. Goierrin egokitu zitzaigun, eta, han, batzuek sarri ukatzen dutena begi bistan jarri zen berriz ere: herri bat bagarela, plurala eta desberdinez osatua, bai, baina komunitate bat osatzen dugula, eta bereziki herri bat izan nahia dugula, besteen pare, besteen berdin, eta horretarako bere etorkizuna erabakitzeko determinazioan bidea egin nahi duen herri bat garela. Horrekin lotuta, herritarren indarraren garrantzia nabarmendu zen: herritarren ekimenak inoiz ez direla alferrikako, plazara ateratzea beti dela on, ezinbesteko dela egoerak aldatu eta aginteetan daudenei urratsak eginarazteko. Hori dela demokrazia. Guk egiten ez badugu, ez du guregatik inork egingo. Zain edo eskean egotea baino eraginkorragoa eta osasuntsuagoa da geuk egitea.
2. Igandeko ekimena giza katearen hurrengo urratsa da. Urrats bat gehiago. Indar gogo eta herri-ekimen erakustaldi bat, erabakitzeko eskubidea gauzatu ahal izango dugun egunera eramango gaituena. Uste dut, halere, urtero errepikatu eta luzatu ezin daitekeen ekimena dela, erabakitze eskubidea egikaritu behar dela berandu baino lehen. Hori gerta dadin garrantzitsua da igandean parte hartzea.
Toti Martinez de Lezea Idazlea
1. Arbizun egon nintzen, Nafarroan, Larrabetzuko jendearekin, eta oso ondo sentitu nintzen, gustura, herri batek erabakitzeko eskubide duela uste dugun pertsonen artean.
2. Lehen deialdiaren freskura galdu dela sentitzen dut. Baina nire asmoa berriro deialdira joatea da.
Paula Kasares NUPeko irakaslea
1. Iazko katean Iruñerrian parte hartu nuen. Aldarrikapen eta besta giroa zen Iruñean, jendetsua gainera. Biziki ongi pasatu genuen.
2. Aurten, tamalez, ikasturte amaierako zuzenketa lanek ez didate parte hartzen utziko, eta modu birtualean parte hartu beharko dut.
Hur Gorostiaga Seaskako zuzendaria
1. Iaz familian izan ginen, Iparraldeko kilometroan, Iruñeko sarreran. Beroari aitzin egiteko etxetik hondartzako paixola, mahaia eta kadirak eraman genituen, jateko eta edateko ausarki. Giro polita. Eta emaitza bikaina izan zen. Egun bakarreko ekimena izan gabe, zerbaiten amaiera izan gabe, Euskal Herriaren instituzionalizazioari buruz gogoetarako abiapuntua izan zedin izan zen orduan jin zitzaidana burura.
2. Igandean, etxeko guztiak Baionara joanen gara. Beldur naiz ez ote den giza katea bezain ekimen ikusgarri eta erakargarria izango. Hala ere, musikaren eguna denez, urteko festarik politena Baionan, egun osorako plana dago, eta espero dut jendea mugituko dela. Iaz bezala, aurten arrazoi gehiagorekin —Euskal Herri osoko hauteskundeen emaitzak eta Ipar Euskal Herrian abiatu den herri elkargoari buruzko eztabaida ikusirik—, Euskal Herri mailan zein antolaketa administratibori buruz joan nahi dugun gogoeta iraunkorra abiatu beharko litzatekeela iruditzen zait, azken finean gure esku baitago.
Eguzki Urteaga EHUko irakaslea
1. Iragan den urteko giza katean familia osoarekin izan nintzen. Herritarron ahotsa entzunarazteaz eta une historiko horren partaide izateaz gain, nire alabek une hori igaro zezaten nahi nuen, beren bizipenen eta heziketaren zati bat izanik. Iruñeko azken kilometroan izan ginen, Euskal Herriko hiriburua delako. Oso une eder, alai eta hunkigarria izan zen ikustea oso herri ezberdinetatik zetozen hainbeste pertsona elkartu zirela.
2. Baionan izango naiz. Pozgarria da ikustea Ipar Euskal Herria ere kontuan hartu dela, euskal subjektu politikoaren zati bat baita. Era berean, Gure Esku Dago-k antolatzen eta egituratzen jakin du erabakitze eskubidearen eskakizunari jarraitutasun bat emateko, eta ez koiuntura politikoaren menpe egoteko.
Kirmen Uribe Idazlea
1. Iruñean egon nintzen iaz, duen balio sinbolikoagatik. Egun ederra pasatu genuen familiarekin. Nik uste urteetan antolatutako ekintzarik bateratzaile eta ederrena izan zela giza katea, baikorra, positiboa, askotariko jendea bildu zuena, «jende zoriontsua, herri libre batean».
2. Parte hartuko dut igandean ere, nola ez. Erabakitze eskubidean sakontzeak herri justuago bat lortzea esan nahi du niretzat. Subiranotasunean aurrera egiten dugu, baina ez horretan bakarrik; beste gaietan ere erabil daiteke. Gizarteak parte hartzeko tresna bat da, demokrazian sakontzekoa.
Gure Esku Dago. Giza katetik estadioetara
Ilusioa berritzeko gogo betez
Hainbat alorretako pertsona ezagunek parte hartu zuten iazko giza katean, eta grinaz daude datorren igandean erabakitzeko eskubidearen alde bost hiriburuetan egingo diren askotariko ekitaldietan parte hartzeko ere. Haietako batzuen iritziak jaso ditu BERRIAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu