Imanol Laburu eta Jose Maria Salinas. "Senideak baztertuta utzi zituzten, laguntzarik gabe"

2015eko uztailaren 17a
14:03
Entzun

Bi urte eman dituzte Imanol Laburuk (Hernani, 1967) eta Jose Maria Salinasek (Lekeitio, 1958) Heriotzaren triangelua dokumentala egiten (Tirabira Produkzioak). Ekainean aurkeztu zuten jende aurrean, Hernanin, eta eskertuta eta gustura daude jasotako erantzunarekin. Aurretik, dokumentalean parte hartu duten senideei erakutsi zieten: "Lana beraientzat da; agian gogorrena haiekin hitz egitea izan da, baina baita politena ere".

Zer dela eta erabaki zenuten gaiari heltzea?

IMANOL LABURU: Ni hernaniarra naiz, eta banuen honen guztiaren berri. Ume bat nintzen, 1980an 12 urte nituen, baina gertatu zirenak gogoan neuzkan, bai Andoaingoak, bai Hernanikoak... Banekien ez zela ezer egin, eta ahaztua zegoela. Jendearekin hitz eginaz, ikusi nuen ez zekitela. Ez jende gazteak bakarrik; helduek ere, Hernanikoak ez direnak, ez dakite, edo gogoratzen dute, baina zerbait...Oso baztertua geratu da.

JOSE MARIA SALINAS: Hemen, oso famatua izan zen Heriotzaren triangelua, baina Bizkai aldean ere halako asko egon ziren. Adinagatik tokatu zait hori bizi izatea.

Erasoak edo mehatxuak jasan zituen senide edo lagunik baduzue inguruan?

LABURU: Mikel Salvador nire adinekoa da [David Salvadorren semea], nire kuadrillakoa, ikastolan elkarrekin ibili ginen. Kuadrillan-eta guztiok oso presente geneukan zerk markatu dion bizitza, bere aitaren heriotzak. Hasieran, pentsatu genuen Hernaniko gai egitea, baina ikusi genuen hiltzaileak berdinak izan zirela Andoainen, Hernanin eta Astigarragan, eta osotasuna eman behar geniola.

Nondik hasi zineten informazioa biltzen?

LABURU: Lehendabizi senide eta lagunen kontaktuak bilatu genituen; hor hasi ginen hildakoen ingurukoen bila. Hernaniko jende dezentek lagundu digu horretan.

SALINAS: Hemeroteketan, fonoteketan begira aritu gara, bueltaka, asko irakurtzen... Artxiboko irudiak ateratzeko, TVEko filmotekatik justu gai honen inguruko informazio asko aparkatuta dago; kanpotik joanda, ez daukazu sarbide askorik horrelako informazioa ateratzeko.

Zein izan zen senideen lehen erreakzioa dokumental bat egin nahi zenutela esan zenietenean?

LABURU: Denetik jaso dugu. Batetik, esan digute bazela garaia horrelako zerbait egiteko; bestetik: 'guk ez dugu bazterrik nahastu nahi, honetaz hitz egin nahi'. Baina, oro har, lortu dugu hurbileko jendearekin hitz egitea.

SALINAS: Batzuetan kontaktua emanda segituan hasi gara, beste batzuek ez zuten hitz egin nahi...

Miguel Castells eta Iñigo Iruin abokatuekin ere izan zarete.

LABURU: Familien aldetik egon ziren abokatuak dira; hirugarren bat ere bazegoen, hil zena. Oso testigantza baliagarriak izan dira.

SALINAS: Sanchez Solerrek ere laguntza handia eman digu. La transición sangrienta liburua idatzi zuen, eta horretaz hitz egiten zuen asko. Freskotasuna ere ematen dio; euskalduna ez den pertsona bat kanpoko ikuspuntu batetik ari da.

LABURU: Oso ondo gogoratzen ditu gauzak, gainera. Kazetari aritu zen Madrilen, Yolanda Gonzalezen laguna, inguru horretakoa [Komunista zen, bilbotarra; Madrilen hil zuten eskuin muturrekoek, 1980an]. Datu asko dauzka, artxibo asko zapaldu du. Liburu hori gure eskuetan erori zen, deitu genion, eta segituan esan zigun: gai izugarri ona duzue, etortzen bazarete, elkarrizketa egingo dugu. Eta han joan ginen. Aurkikuntza bat izan da guretzat.

Testigantzez gain, beste hainbat elementu ere bildu dituzue dokumentalean: deklarazioak, egunkari zatiak, gertaerak berregin dituzue irudiekin...

LABURU: Jose Mari da errealizadorea, eta hark egin zuen gidoia. Birsortze bat egin nahi genuen. Baliabide gutxirekin, baina nolabait adierazi zer gertatu zen. Kosta zitzaigun, baina Seat 127 bat lortu genuen, hori baitzen erabili zuten autoa. Bi gauz grabatu genuen hori, bi gau luze pasatu genituen. Arratsaldeko zortzietan hasi, eta goizeko lauretan bukatu. Jende boluntario askorekin, lagunak eta ingurukoak.

SALINAS: Horrek dokumentalari puntu bat ematen dio. Istorioa muntatzea, egitura muntatzea zaila zen. Zazpi kasu dira, baina denak oso antzekoak. Irudi horiek asko lagundu digute muntatzeko eta osatzeko.

Ekain hasieran aurkeztu zenuten lana Hernanin. Zer esan dizue jendeak?

LABURU: Sorpresa hartu dute. Oso gogorra da. Aspaldiko kontu baten moduan ikusten dugu, baina, zuk orain esaten baduzu hiru urtetan zazpi kaletar hil dituztela, inongo lotura politikorik gabe, ezer gabe, eta ez dela ezer gertatu... Jendeak sorpresaz hartzen du, eta interesa agertu.

SALINAS: Hainbeste jende elkartzea sorpresa izan zen niretzat. 400 bat lagun etorri ziren estreinaldira.

LABURU: Nik pentsatzen nuen Hernaniko jendea agertuko zela. Jendeak oso ondo hartu du dokumentala. Grabatzen ari ginela ere, harategi batera joan ginen esanez zertaz ari ginen grabatzen, eta aurrera, inolako arazorik gabe. Jendearen prestasuna handia izan da.

Senideen aldetik jasotakotik, zerekin geratu zarete?

SALINAS: Familia askotan kristoren mina utzi du, askok ez dute gainditu. Oso gogorra izan da. Nik baneuzkan erreferentzia batzuk, baina kontaktu zuzena daukazunean familiakoekin, ikusten duzu zer bizi izan duten... Gogorra eta delikatua da, eta saiatu gara beti senide guztiak errespetu handiarekin tratatzen.

LABURU: Nahiz urteak pasatu diren, hori hor dago, eta familia guztietan. Batetik, hil zituztelako, eta, bestetik, senideak baztertuta utzi zituztelako, ez dutelako inolako laguntzarik izan 35 urtetan. Orain, agian, zerbait bai, duela bost-sei urtetik Eusko Jaurlaritzak... Baina galdetzen diezu ea norbait joan zitzaien, eta ezer ere ez. Laguntza bakarra herritarrena izan zen.

Jaso duzuen informazio guztia eta gero, nola laburbilduko zenukete garai hura?

LABURU: Beldur handia sartzea lortu zuten herrian. Sekulako beldurra. Gazte jendea, festetan zebilela, eta entzutea gaur gauean festetatik itzuli, eta bi hil dituztela... Eta bi edozein. [Mariano] Sanchez Solerrek dokumentalean esaten du: 'zuk hiltzen baduzu jende konkretu bat, jende hori egongo da beldurrez, baina ikusten duzunean egun batean bat dela eta bestean bestea'... Azkenean esaten ari da: 'Kontuz, inor ez dago honetatik libre'. Hori da terrorea: edozeini toka dakioke. Hori da lortu nahi zutena eta lortu zutena.

Hernanin estreinatu ondoren, dokumentala non erakusteko asmoa duzue?

LABURU: Lan hau egin dugu gertatutakoa ezagutarazteko, eta gure asmoa da ahalik eta gehiena zabaltzea; bai kultur etxeetan, jaialdietan... Zenbat eta gehiago, hobe. Bada Hernaniko jende asko aurkezpenean ikusi ez zuena eta nahi duena, eta, oraingoz, asmoa daukagu udazkenean berriro Hernanin ematekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.