Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Txitxardin Beltxa jatetxean banatu dituzte gaur arratsaldean urtean zehar euskarazko komunikazio arloan nabarmendu diren pertsona eta ekimenei omen egitea xede duten Argia aldizkariak ematen dituen Argia Sariak. Honakoak dira aurtengo sarituak:
Interneteko Sareko Argia Saria:Euskarazko Wikipedia. Sari emaileen iduriko, ekimen horrek "euskara eta Euskal Herria sendotu ditu Interneten eta aldi berean munduan puntakoa den jarduerabatekiko sinergiak eragin ditu euskaraz". Mikel Iturbek, Julen Gomezek eta Unai Fernandez de Boroñok jaso dute ekimenean parte hartu duten guztien izenean.
Prensa idatziko Argia Saria: Imanol Murua Uria BERRIAko kazetaria. "Euskarazko prentsan gizon honek egin duen ibilbidea saritzea erabaki dugu lana seriotasunez egin, irakurleari argi eta dotore idatzirik eskaini eta errealitatea hobeto ulertzen laguntzen digulako", agertu dute sari emaileek.
Publizitateko Argia Saria:Euskarazko komunikabideak? behar duzuna eta askoz gehiagoEusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren kanpaina. Miren Azkarte Kultura sailburuak jaso du saria. "Euskarazko komunikabideetan ari garenok aspaldi ohartu ginen euskarazko kontsumoa bultzatzeko kanpainak egitea beharrezkoa dela", azaldu dute. "Horregatik baloratu dugu erakunde publiko batek publizitate kanpaina polit bat egin izana euskarazko komunikabideon zabalkunde premia asetzen laguntzeko".
Telebistako Argia Saria: ETB1eko Mihiluze saioa. "Euskaraz dibertitzea posible dela lehendik genekienoi erakutsi digu euskararekin berarekin hizkuntzaren kontura dibertitzea posible dela. Gramatika eta hiztegia asmakizunetarako erabiliz eta s-m-saka deszifratuz jendea bildu daitekeela erakutsi du. Hizkuntza bihurrituz jolas egin eta gainera formula beste hizkuntza batera ere esportatu", iritzi dio epaimahaiak.
Irratiko Argia Saria: Euskadi Irratiko Arratsaldekoa saioa. "Arratsaldeko programa luze honek entzuleari arratsaldea azkar pasarazten dio eta gozo ere bai.
Dinamismo handiz, tonu atsegingarrian, kultura, gizartea, zientzia edo teknologia, espektakuluak alor horietan eta gehiagotan aktualitate diren gaiak eta batez ere pertsonakaurkezten dizkiote entzuleari", nabarmendu dute. Arantxa Iturbe, Nekane Peñagarikano eta Tere Beloki kazetariek jaso dute.
Merezimenduzko Argia Saria: Emilio Lopez Adan Beltza mediku, idazle eta artikulugilea. "Ez ditugu hemen bi hitzetan sinplifikatuko gizon honen ideien eta jokabidearen erradikaltasuna, zorroztasuna, independentzia eta konpromisoa. Baina bai azpimarratuko dugu analisirik gordinenak beti adierazi dituela besteekiko errespeto handienarekin", agertu dute sari emaileek.
Sari emate ekitaldia jai giroan igaro da. Imanol Murua Uria saritu eta BERRIAko kazetariak gogoan izan ditu bere ibilbidean lankide edo hurbileko izan eta egun espetxean dauden Jexux Mari Zalakain eta Juan Joxe Petrikorena, eta epaitzeko zain diren Egunkaria auziko auzipetuak, besteak beste, Iñaki Uria eta Pello Zubiria.
Informazio gehiago Argia Sarien webgune berezian.
Kazetaritza
Imanol Murua Uria BERRIAko kazetariari eman diote prentsa ataleko Argia Saria
Euskarazko Wikipediak jaso du Internetekoa; Jaurlaritzaren euskarazko komunikabideen aldeko kanpainak publizitateakoa; ETBko 'Mihiluze' saioak telebistakoa; Euskadi Irratiko 'Arratsaldekoa'-k irratikoa, eta Emilio Lopez Adan 'Beltza' mediku eta idazleak merezimenduzkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu