«Europako Ituna Iparraldea eta Hegoaldea gerturatzen eta elkarrekin eraikitzen joateko aurrerapausoa da», iritzi zion Imazek. Bere ustez, Iparralde eta Hegoaldearen arteko errealitate sozial, kultural eta ekonomikoa elkarrekin eraikitzeko norabide egokian egiten ditu urratsak, eta aurrerago politika bateratua egingo da «estatuen gainetik eraikitzen ari diren beste gune batzuei esker». Izan ere, bere ustez, estatuen «erabateko subiranotasuna» amaitzen ari da. Adierazpenok Hondarribiko arrantzaleen kofradian egin zituen atzo EBBko lehendakari Josu Jon Imazek, Europako Itunaren alde egin zuten ekitaldian. Ekimen horretan parte hartu zuten, besteak beste, Artur Mas CiUko presidenteak eta Joseba Egibar GBBko lehendakariak.
«Baietz bozkatuko dut abertzalea naizelako», esan zuen Imazek. Izan ere, bere iritziz, garai bateko mugak bereizi zituen alde bateko eta besteko euskaldunak berriz batuko ditu itunak. Halaber, Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunak elkartzen diren Europa eraikitzen laguntzen du itunak, Imazen ustez. Berretsi zuen ez dela beraiek nahi bezalakoa, baina igandean bozkatuko den Europako Konstituzioaren ondotik beste urrats batzuk etorriko direla, eta bost edo sei urtera berrituko dela uste du. Artur Mas CiUko presidenteak ildo beretik ekin zion esanez herrien arteko elkarlana hobetzen duela itunak. Eta gaineratu zuen, mugak izan arren, katalana edo euskara hizkuntza ez ofizialtzat hartzea kasu, Europako Konstituzioaren alde egingo dutela. Halere, beraien baiezkoak eta PP edo PSOErenak ez dutela zentzu bera esan zuen; «baina mugak izan arren, ezin dugu gure etorkizunaren aurka joan», adierazi zuen. GBBko lehendakari Joseba Egibarren ustez, berriz, herri txikiek Europan beren lekua izan dezakete «inteligentziaz aritzen badira».
EUROPAKO KONSTITUZIOA. KANPAINA
Imazen ustez, Iparraldea eta Hegoaldea hurbiltzen ditu itunak
Estatuen erabateko subiranotasuna amaitzen ari dela esan du Josu Jon Imaz EBBko lehendakariak, CiUko presidente Artur Masekin batera Hondarribian egin duen ekitaldian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu