Azken urteetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek etorkinekin duten jarrera gogortu egin da. Ondorio hori atera du Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak. «Jarrera kritikoagoa da, eta atzerritarrak estuago hartzen dira», azaldu zuen Xabier Aierdi soziologoak 2010eko Barometroaren emaitzak aurkezteko egindako agerraldian. Edonola ere, herritarrek immigrazioa ez dutela arazo larri moduan hartzen ohartarazi zuen. Izan ere, hiru herrialde hauek dituzten arazoen zerrendan, bosgarren kokatu dute.
Xabier Aierdiren esanetan, immigrazio politika eta lan egoera uztartzeko joera handia dago. Alegia, atzerritarrei sartzen uzteko baldintza nagusia lan kontratua izatea da gehien-gehienentzat. Estereotipoen auziari ere erreparatu diote egindako azterlanean. «Bereziki, kezkagarria da immigrazioa eta herritarren segurtasunik eza lotzen dituen aurreiritzia». Eusko Jaurlaritzako immigrazio zuzendari Migel Anjel Gonzalezek erne egon behar dela dio, iritzi horiek hedatzea «xenofobiarentzat haztegi aproposa» izan daitezkeela iritzi diolako. Hori eragozteko bidea informazioa dela iruditzen zaio Migel Anjel Gonzalezu: «Etorkinek sortzen duten aberastasuna ezagutzera denon artean eman behar dugu».
1. Immigrazioa arazo
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru arazo nagusiak zein diren galdetuta, herritarren %2,8k uste dute immigrazioa dela arazorik larriena. Hala ere, herritarren %15,4 k aipatu dute immigrazioa arazo larrienen artean; iaz, %12,9 ziren. Honenbestez, 2007ko mailara itzuli da kopurua.
Xabier Aierdiren esanetan, garai hartan pil-pilean zegoen gaia, eta horregatik ikusi zuten herritarrek arazotzat. Gaur egungo igoerari, berriz, bestelako azalpena aurkitu dio soziologoak: «Gehiago dago lotuta ekonomia krisiarekin. Etorkinen kopurua hazi izana ere ez da igoera hori ulertzeko arrazoi baliagarria».
2. Elkarbizitza
Galderei erantzun dieten herritarren erdiek baino gehiagok uste dute atzerritarrekiko harremanek ez dutela aldaketarik izan azken urteetan. Kopuru horrek, hala ere, nabarmen egin du behera iaztik. Gainera, orain gehiago dira okerrera egin dutela uste dutenak, hobera egin dutela uste dutenak baino. Izan ere, hamarretik batek baino ez dio irizten hartu-eman horiek hobetu direnik.
3. Kultur aniztasuna
Etorkinek aberastasun kulturala dakarten edo ez galdetuta, erantzunak parekoak izan dira. %45ek inguruk baietz diote; %46k, ezetz. Halere, etorkinen erlijio jarduerek euskal bizimodua arriskuan jartzen dutela uste dute hamarretik bik. Eta erabat integratuta egoteko atzerritarrek euren kulturari eta ohiturei uko egin behar dietelairizten diotenak %26,4 dira. Herritarren %82,4k uste dute etorkinak direla bertoko ohiturak hartzen saiatu behar dutenak, ez alderantziz.
4. Eragina gizartean
Ikuspegiren Barometroaren arabera, herritarren %68,8k uste dute etorkinek gizarte babesetik onura handiegiak lortzen dituztela. Ehuneko hori duela bi urte baino ia bost puntu handiagoa da, eta 2007an baino zortzi puntu handiagoa. Aierbek datua nabarmendu du: «Nabarmen geratu da oinarririk gabeko aurreiritzi hori geroz eta hedatuago dagoela». Hein berean, atzerritarrak etortzeak segurtasunari kalte egiten diola iruditzen zaienen kopurua ere dezente igo da: %61,4k egiten dute bat baieztapen horrekin; iaz baino hamar puntu gehiago. Hala ere, bada immigrazioaren fenomenoari onurarik ikusten dionik. Herritarren ia erdiek uste dute Europako populazioaren zahartzeak eragin ditzakeen arazoak etorkinek konpon ditzaketela.
5. Eskubideak
Etorkinek izan behar dituzten eskubideei dagokienez, banaketa egiten dute herritarrek. Gehienek osasun zerbitzuak, doako hezkuntza eta zerbitzu juridikoak izateko eskubidea etorkin guztiek dituztela dio. Baina gizarte laguntzak jasotzeko, senideak ekartzeko, bozkatzeko edo babes ofizialeko etxebizitzak eskuratzeko legearen araberako egoera exijitu behar zaiela diote gehienek.
6. Immigrazio politika
Hamar herritarretik zortzik uste dute lan kontratua duten etorkinei bakarrik utzi behar zaiela etortzen. %8,6 baino ez daude guztiei sartzea uztearen alde. %6,2k, ordea, sarrera erabat debekatu beharko litzatekeela uste dute. Lanik gabe geratzen diren etorkinak kanpora bidaltzearen kontra daude erdiak baino gehiago. Delituren bat egin dutenekin, ordea, kanporatzea hobesten dute gehienek.
Immigrazioa arazo garrantzitsua dela diotenen kopurua handitu egin da
Ikuspegiren arabera, etorkinen inguruko aurreiritziak asko hedatu dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu