Gutxi edo gehiago, atzerritarrekin lan egiten duten taldeetako kideak bat datoz Galparsororen azterketarekin. «Asmoa da kanpotik inor ez sartzea, edo oso jende gutxi, behintzat», SOS Arrazakeriako Agustin Unzurrunzagak dioenez. Harresiak Apurtuz-eko partaide da Susana Cuesta, eta hark ere ikusten du ateak ixten ari direla: «Ez hori bakarrik, badago jendea botatzeko borondatea». Unzurrunzagak eta Cuestak uste dute atzeraldi ekonomikoak eragina izan duela erreformetan. Horrela, Atzerritarren Lege erreforma «atzerapausoa» izango dela nabarmendu dute.
Atzerritarren Legea aldatzea beharrezkoa dela uste du Cuestak: «Baina lehendik onartuta zeuden eskubideetatik abiatu behar zen, eta ez horietan atzerapausoak emanez». Europako Batasunak onartutako zuzentarauak txertatu behar zitzaizkion Atzerritarren Legeari; Espainiako Auzitegi Konstituzionalak azken urteetan ateratako zenbait sententzia ere gehitu behar zitzaizkion. Sententzia horietan zenbait eskubide onartzen zaizkie, batez ere, egoera araugabean dauden pertsonei, Unzurrunzagak dioenez -adierazpen askatasuna, sindikatuetan parte hartzea eta huelga egitea, esate baterako-. SOS Arrazakeriako kideak salatu du «eskubide horiek aitortzea ez dela Gobernuaren meritua, haien lotsa baizik. Auzitegi Konstituzionalak behartu ditu horiek onartzera».
Behin-behineko bizitzeko baimenak dituztenei ere eragingo die lege egitasmoak. Erreformak sailkatu egiten ditu atzerritarrak. Aurreko sailkapenaren arabera, egoera araugabean zeuden batzuk, eta beste batzuk lan egiteko edo bizitzeko baimenak zituzten. Sailkapen berrian, talde batean daude behin-behineko bizitzeko edo lan egiteko baimenak dituztenak, eta beste talde batean behin betiko baimenak dituztenak -bost urte baino gehiago bertan bizitzen daramatenak-. Behin-behineko baimenak dituztenek eskubide batzuk galduko dituzte, adibidez, etxebizitzetarako zerrendatan izena ematekoa.
Familia batzea, «ezinezkoa»
Beste murrizketarik ere ikusten du Unzurrunzagak. Egitasmoak proposatzen dituen baldintza berriekin, familia batzea «ezinezkoa» izango dela, esaterako. Eskaria egingo duenak bizitzeko baimen iraunkorra izan beharko du, eta atzerritik ekarri nahi duen pertsonak 65 urte baino gutxiago. Horrez gain, eskatzaileak argudiatu egin beharko du arrazoiak daudela pertsona hori atzerritik etortzeko. «Hori da sistema bat kontsulatuek erabiltzen dutena bisak ukatzeko», Unzurrunzagaren hitzetan. Adingabeak kanporatzeko bideak erraztu nahi dituztela ere ohartarazi du. Horrek urratu egingo lituzke adingabeak babesten dituzten legeak, SOS Arrazakeriako kidearen ustez, eta aldaketa onartzeko «zailtasun asko» egongo direla uste du.
Migratzaileak jatorrizko herrietara itzultzeko Espainiako Gobernua egiten ari den ahalegina gehitu behar zaio horri guztiari, Cuestaren iritziz; baita polizien «atxiloketa arbitrarioak» ere. Lege egitasmoak soilik ez, politika «murriztaileago» bateranzko joera ikusten du: «Gero eta legedi zorrotzagoak dauzkagu, adibidez, erroldatzearekin». Erroldatzea da osasun zerbitzuak jasotzeko bide bakarra. Lege egitasmoak «iruzurrezko erroldatzeak» zigortzeko bidea zehazten du; baina badago berezko legedi bat kasu horietarako, eta Cuestak ezin du ulertu zergatik Atzerritarren Legeak zehaztu behar duen legeetan dagoeneko zehazturik dagoena: «Ez luke zigortzailea izan behar Atzerritarren Legeak; arautu behar lituzke eskubideak eta betebeharrak».
Asiloaren bide «itogarria»
Azken buruan, Europako gobernuek atzerritarren immigrazio selektiboa sustatu nahi dute, Cuestaren eta Unzurrunzagaren ustez; gobernuen beharretatik aparteko migrazioari trabak jarri, ordea. Legedi berezia ezartzen zaie, eta «horrek dakar atzerritarrak lotzea legez kanpokotasunarekin, segurtasun ezarekin, arau hausteekin...», Cuestaren ustez. Egitasmoak proposatzen du, besteak beste, egoera araugabean atzemandako pertsonak 60 egunez eduki ahal izatea atxikitze zentroetan -orain arte, gehienez, 40 egunekoa zen epea-.
Asiloaren Lege egitasmoak «ez du erantzunik izan; ez du Atzerritarren Legearen ospea», Javier Galparsorok dioenez. ACNURek, Amnesty Internationalek eta CEARek, ordea, «oso jarrera kritikoarekin» erantzun diote Espainiako Gobernuari. Galparsorok harrigarri deritzo Gobernuak kasurik ez egitea ACNUR eta CEAR erakundeei. Informazioa ezkutatu dietela gaitzetsi du, eta aldaketak «oso kezkagarriak» direla ohartarazi.
Besteak beste, «herrialde seguruen» zerrenda bat zehaztu nahi du egitasmoak, Galparsororen esanetan: «Suposatzen da herrialde horietan ez dela posible jazarkunderik eta, beraz, handik datorren inork ezin du asiloa eskatu». Zerrenda luzea du Galparsorok: enbaxada eta kontsulatuetan ezingo da asiloa eskatu; Europako Batasuneko herritarrek ere ezingo diote Espainiari babes eskaera egin; jazarkunde era berriak, genero kontuengatik gertatzen direnak, adibidez, ez daude behar bezala jasota...
Iaz 4.516 asilo eskaera jaso zituen Espainiak; 151 onartu zituen. Iragazkia estua bada ere, Legeari egindako erreformekin, «asilo eskaerei iragazkiak jartzen ari dira» Galparsororen ustez: «Europako asilo sistema oso bide itogarria hartzen ari da».
[email protected]
238.365
Europari iaz egin zizkioten asilo eskaerak. Europako Batasuneko 27 estatuei 238.365 asilo eskaera egin zizkieten iaz. Frantziak jaso zituen eskari gehien -41.845-; Alemaniari 26.945 eskaera egin zizkioten; Suediari 24.875 eta Erresuma Batuari 30.545.Abokatu, fiskal eta epaileek zuzenketak proposatu dituzte
Atzerritarren Lege erreformari hainbat ohar egin dizkiete Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak, Abokatuen Kontseilu Nagusiak eta Fiskalen Kontseiluak. Adingabeak kanporatzeak, familiak batzeko ezintasunak, eta atzerritarrei laguntzearen aurkako artikuluek sortu dute eztabaida gehien.Erreformak isunekin zigortu nahi du etorkinei laguntzea
Egoera araugabean dauden pertsonei laguntzen dietenak zigortzeko asmoa ageri du Atzerritarren Lege erreformak. Esaterako, 6.000 eta 10.000 euro arteko isuna jaso dezake etxean beste pertsona bat «iruzurrez» erroldatzen duenak. Kritikak jaso ditu artikuluak, eta Gobernuak aldatzeko asmoa agertu du.%73
Iaz Europan babesik gabe gelditu ziren asilo eskaeren ehunekoa. Europak 193.690 asilo eskaera aztertu, eta haien %73 atzera bota zituen iaz. Frantziak 31.765 eskaera ebatzi, eta %83,8 babesik gabe utzi zituen; 4.516 eskaeratatik, Espainiak ezetza eman zien %96,7ri.Europako Auzitegiak kritikatu egin du Espainiaren jokabidea
Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak Espainiako Gobernuaren jokabidea gaitzetsi zuen maiatzaren 14an. Esklabutzaren edo immigrazio sare legez kanpokoen mende egon diren etorkinei bizitzeko baimenak eman behar dizkiete, behin behinekoz, estatuek. Europako Batasuneko zuzentarau batek zehazten du hori, eta Espainiako Gobernuak bere legedian txertatu behar zuen zuzentarau hori. Abisu bat baino gehiago egin dizkiote Europatik Espainiako Gobernuari, 2006ko abuztuaren 6rako erantsi behar baitzuten eskubide hori legedian. Espainiako Gobernuak ez duela zuzentaraua betetzeko urratsik egin uste du Auzitegiak, eta horregatik gaitzetsi du Gobernuaren jokabidea.%12
Europari babesa eskatu diotenetatik, irakiarren ehunekoa. Europari babesa eskatu ziotenetatik, %12 irakiarrak ziren -29.000 lagun inguru-. Haien atzetik, errusiarrak, somaliarrak, serbiarrak eta afganistandarrak izan ziren asilo eskaera gehien egiten zituztenak.«Ondo bizi nahi dugu guztiok»
Isaac LerouxKamerun
«Iritsi nintzen Aljeria eta Marokotik. Bost hilabete egin nituen Marokon. 2003an Ceutara (Espainia) iritsi nintzen, igeri eginez. Bederatzi hilabete egin nituen han, zentro batean. Eskolara joaten nintzen eta agiria eman zidaten, penintsulara joateko. Cordoban (Espainia) egon nintzen, paperik gabe, harrera etxe batean; baina itxi egin zuten diru faltagatik, eta joan egin behar izan genuen. Lana egin nuen, paperik gabe, baina hori zen lana gogor egitea, diru gutxi ateratzeko; eta ez duzu ezer esateko eskubiderik. Bilbora etorri nintzen 2005ean. 2006an egin nituen paperak. Orain kontratua daukat, eta perkusio eta dantza ikastaroak ematen ditut. Bi urterako ditut paperak.
Baditut lagunak arazo asko dituztenak. Ezetz esaten diete, kanporatzeko aginduarekin... Askok lana galtzen dute paperen gaia oso motel doalako. Legearen aldaketak jarriko du zailago immigratzaileentzat. Paperik gabe, ez zoaz lanera, eta lan egiten ez baduzu... Gu lanera goaz, han Afrikan ditugunak laguntzeko.
Mezua bidaliko nieke han daudenei: ez erotzeko hona etortzearekin. Espainiari eta Europari esango nieke, han laguntzak eta lana egongo balira, han geldituko liratekeela asko. Ahal bezain ondo bizi nahi dugu guztiok».
«Iritsi nintzen egunean deportatu ninduten, hegazkin berean»
JimenaBolivia
«Gonbit gutun batekin etorri nintzen, eta iritsi nintzen egunean deportatu ninduten, hegazkin berean. 2005eko urtarrilaren 6an izan zen hori. Hurrengo hilean, otsailaren 6an, saiatu nintzen berriz. Neska oso on bat egokitu zitzaidan. Datuak hartu eta galderak egin zizkidan, pasaportea eman, eta «pasatu» esan zidan. Urte hartan iloba bat etorri zen, gero beste bat, eta gero nire ahizpa, helduagoa. Baina hura itzuli da, apiril honetan. Bi ume ditu, eta, migrazioen ondorioz, ume asko oso gaizki daude han. Etxe asko deseginda daude. Hemen oso zaila da familia biltzea. Jende askok bere umeak ekarri nahi ditu, eta ezin du. Batzuetan pentsatzen duzu hobe dela helburuak bete, eta hara itzultzea.
Nik, egia esan, arazo larriegirik ez dut izan. Hiru hilabete egon nintzen lanik gabe, baina gero hasi nintzen lanean. Gehienbat adineko jendea zaintzen aritu naiz. Dokumentuak lortzeko ere ez nuen trabarik izan, dena normal joan zen, eta erantzuna azkar jaso nuen, hilabete batean. Gaur egun traba asko jartzen ari dira eta gauza pila bat eskatzen ari dira: fakturak, ordainagiriak... Oso gogor jartzen ari da guretzat, immigranteentzat. Erantzunak luzatzen ari dira, eta jendea zalantza horretan bizi da, zazpi, zortzi hilabetez. Udaletako gizarte zerbitzuetan ere baldintza asko eskatzen ari dira. Erosketen fakturak ere eskatzen ari dira. Hori ez da baldintza bat; zergatik eskatzen dute hori? Eta ongintzako txostenak ez badira zure aldekoak, ia seguru dokumentuak ukatuko dizkizute. Galdetzen dizute, adibidez, ea kulturartekotasunari buruzko ekintzetan parte hartu duzun. Eta esaten baduzu ezetz, txostena zure aurkakoa izan liteke. Gizarteratzeko txostenak dira horiek; udalek ematen dituzte.
Legea egiten ari direnei esango nieke, legeak aldatu nahi badituzte, aldatzeko, baina ez daitezela hain gogorrak izan gurekin. Krisiaren errua ere guri botatzen digute; hori ez da justua. Ez ditzatela gauzak ezinezko jarri hemen gauden pertsonontzat; sartzen utzi diguten bezala, utz diezagutela gure ekarpena egiten ere».