Immigrazioari buruzko estereotipoak, lupapean

Jaurlaritzak 'Aurre egin zurrumurruei' egitasmoa abiarazi du, «gizarte toleranteagoa» lortzeko bidean aurrera egiteko

Jon Rejado.
Gasteiz
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Zurrumurruek elkarbizitza berdintasunean gertatzea oztopatzen dute, eta errealitatea agerian utzi behar da. Baieztapen horrekin, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietarako Sailak egitasmo bat abiarazi du, immigrazioari buruzko estereotipoen aurka borrokatu eta «gizarte toleranteagoa» eraikitzeko. Aurre egin zurrumurruei leloarekin paperezko gida bat eta webgune bat prestatu ditu, non aurreiritzi nagusiak aztertzen baitituen, baita horiei aurre egiteko giltzak ematen ere.

«Egitasmo hau oinarri bat da, eta sentsibilizazio lana egingo duten beste egitasmo batzuen ardatz nagusia izan daiteke». Gemma Zabaleta Gizarte Gaietarako sailburuak atzo aurkeztu zituen tresna horiek, eta azaldu zuen prestaketa eta laguntza emateko helburua dutela. Adierazi du elkarteentzat zein udalerrientzat dela, leku bakoitzeko beharren arabera «eskuliburu didaktikoak» egin ditzaten, horrela pertsona gehiagorengana heltzeko.

Bide batez, Zabaletak gogorarazi du gidak jorratzen dituen hainbat aurreiritzik gora egin dutela krisi ekonomikoaren ondorioz. Hori dela eta, elkarbizitza «zailtzen» duten estereotipoen aurka borrokatzea «inoiz baino beharrezkoagoa» dela erantsi du.

Aztertu eta desegin

Miguel Angel Gonzalez Martin Eusko Jaurlaritzako Immigrazio zuzendariak azaldu du estereotipoak maila askotan zabaltzen direla. Batzuk maila «kognitiboan» ematen dira, datu nahasi baten ondorioz, adibidez. Beste batzuek «emozioetan» eragin handiagoa dute, egoera horien aurrean sentitzen denarekin. Atzo abiarazitako kanpainak, funtsean, lehen mailari eragiten dio.

Paperezko gidan bost estereotiko nagusiei heldu die Eusko Jaurlaritzak, modu berean guztiei. Lehenik eta behin, zurrumurruaren ezaugarriak azaldu dituzte, asmatutako albiste baten bitartez, baita irakurleek albiste horri egiten dizkioten iruzkinen bidez ere. Aurreiritzia azaldu ondoren, puntuz puntu aztertzen du gidak: «kontzeptuzko datu eta erremintak» eskaintzen ditu, baita legeak agintzen duena ere. Azkenik, azterketa beste ikuspuntu batetik egiteko aukera ematen dio irakurleari.

Dagoeneko bost aurreiritzi landu ditu Immigrazio Zuzendaritzak, eta datozen hilabetetan gainontzekoei ere helduko die, eta baliabide horiek webgunean jarriko ditu. Horrez gain, tresna horiek baliatuta abiarazten dituzten egitasmoek ere lekua izango dute webgunean —frenaelrumor.org— eta praktika egokiak eztabaidatu eta zehazteko aukera eskainiko dute bertan. Dagoeneko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ehun pertsonak parte hartu dute prestaketa ikastaroetan.

Bestalde, Zabaletak ez du uste Eusko Jaurlaritzak bi jarrera dituenik; bat, zenbait laguntza jasotzeko irizpideak gogortzen dituena, eta bestea estereotipoen aurka borrokatzen dena. «Bi gauza ezberdinez ari gara hitz egiten», azaldu du: «Legea betearazten da, baina, horren ondorioz, kanpoan geratzen direnak ez ditugu immigrazioarekin lotzen; horrek ere zurrumurruen aurka borrokatzeko aukera ematen du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.