Iñaki Gantzarain hil da gaur, Ekineko kide esanguratsuenetariko bat. Gantzarain zen taldea osatu zutenen artean bizirik geratzen zen bakarra, Iñaki Larramendi 2022ko irailaren 30ean hil zenetik.
1928an jaio zen Gantzarain, Bilbon, eta sorterrian abiatu zuen bere militantzia politikoa. Ekinen Bilboko adarra eratu zuen Benito del Vallerekin, Alfonso Irigoienekin eta Julen Madariagarekin batera. Bestetik, Donostiako adarra zegoen; bertan, Larramendi, Rafa Albisu eta Txillardegi elkartzen ziren. 1952an, frankismo bete-betean, euskal gazte horiek batzea eta bere burua heztea erabaki zuten. Euskara, Euskal Herriko antzinako legeak eta egile existentzialistak ikasten zituzten, gehienbat.
Barne buletin bat erabiltzen zuten komunikatzeko, Ekin izenekoa. Bada, hezkuntza prozesu hori hasi eta urtebetera erabaki zuten taldeari buletinaren deitura bera ematea.
Ekinen hasi aurretik, hala ere, militantziarako aurreneko urratsak eginak zituen jada Gantzarainek. EIA Eusko Ikasle Alkartasuna ikasle taldearekin izan zituen aurreneko harremanak. Herbehereetan zuen egoitza talde horrek, eta Ikasle izeneko aldizkari bat banatzen zuten Bizkaian, eta Erne izeneko beste bat Gipuzkoan. 1950ean atxilotu zituzten Gantzarain, Txillardegi, Larramendi eta Del Valle. Horren ostean, EIA desegin zuten poliziek.
Ekinek eta EGIk bat egitea nahi zuen orduko EAJk. Izan ere, Ekinen aurreneko urteetan, EAJko gazterietako hainbat kide Gantzarainek sortutako taldera gerturatu ziren; are gehiago, 1956an EGIrekin elkartu zen Ekin. Baina tirabirak ere hasi ziren, eta bien arteko haustura eragin zuten handik gutxira. 1959an taldea desegin eta ETA sortzeko prozesua abiatu zuten hainbat kidek. Gantzarainek, baina, ez zuen prozesu horretan parte hartu.
Euskal Herritik Venezuelara
1956an Venezuelara egin zuen ihes. Hala ere, Euskal Herrian bizi izan zuen azken garaian ez zuen parte hartze handirik izan Ekinen; Poliziak «fitxatuta» zeukan, eta batzarretara ez zen joaten.
Gerora, Gantzarainek esan zuen ez zuela ETArekin guztiz bat egiten, gaitzesten ez zituen arren: «Haren ideia batzuekin ez nentorren bat, baina sentitzen nuen gurea zela, euskaldunona. Ez ziren terroristak, borrokalariak ziren, eta nik Euskadiren askatasuna nahi nuen».