ETAren lehen hilketa izan zen Jose Pardines Arcay guardia zibilarena. 1968ko uztailaren 7an, errepideko kontrol batean gelditu zituzten Etxebarrieta eta Sarasketa, Villabona (Gipuzkoa) inguruan, eta aurrenak tiro egin zion Pardinesi. Hura lurrean zerraldo utzita, ihesari eman zioten. Ordu batzuk geroago, Guardia Zibilak gelditu egin zituen kalean bi etakideak, eta, Etxebarrietari pistola atzeman, tiro egin eta hil egin zuten, Tolosako Benta Haundin. Sarasketak ihes egitea lortu zuen, eta auto gidari bat behartu zuen Errezil aldera (Gipuzkoa) eraman zezan. Hango elizan atxilotu zuten, egun bat geroago.
Meliton Manzanas torturatzaile ezagunaren eskuetatik pasatu zen, eta gerra kontseilu guztiz sumario batean epaitu zuten. Aurrena, 58 urteko zigorra jarri zioten, baina zigorra bertan behera utzi zuten, "forma akatsak" zirela tarteko. Berriz epaitu zuten, eta, bigarren aldian, heriotza zigorra jarri zioten. Protesta ugari eragin zituen horrek, eta errukia eskatu zuten frankismoko bi instituziok ere: Gipuzkoako Diputazioak eta Donostiako Udalak. Heriotza zigorra bizi guztiko zigorrarekin aldatu zioten orduan.
1977ko amnistia baino lehenago, Norvegiara deserriratu zuten Sarasketa, Xabier Izko de la Iglesia, Iñaki Mujika Arregi Ezkerra, Jose Antonio Garmendia eta Iñaki Perez Beotegirekin batera. Amnistiarekin itzuli zen.
1984an, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu zen Auzolaneko zerrendetan.
Aste honetan hil da.