Jose Manuel Sanchez eta Adolfo Conde Muxikako (Bizkaia) Inama enpresako kudeatzaile ohiak berriz ere epailearen aurrean eseri dira, eta lehengo jarrerari eutsi diote. Biek berretsi dute enpresaren arduradun izan ziren urteetan (2002-2008) Inamak ez zuela gainditu legediak ezarritako gehienezko dezibel kopurua eta airera isur daitekeen gehienezko partikula kopurua.
Isurketen eta gehiegizko zarataren ondorioak pairatzen zituzten herritarrek salatuta, iaz epaitu zituzten, Bilbon, ingurumenaren aurkako delitua egin izana egotzita. Guadalupe Diez epaileak argudiatu zuen salaketak ez zuela oinarri sendorik bi akusatuei absoluzioa emateko. Fiskalak eta akusazio partikularrak errekurritu egin zuten. Helegitea onartu egin zuen Bizkaiko Lurralde Auzitegiak, eta epaia aldatu eta bi auzipetuak zigortu eginditzaketela aurreikusita, babes neurri modura, berriz ere epailearen aurrean deklaratzera deitu dituzte.
Atzo egin zen ahozko saioa. Oraingoan ez akusazioaren lekukoek ez perituek ez dute parte hartu. Akusazio partikularrak, baina, aurreko epaiketan erabili ez zen txosten bat aurkeztu du. 2006an Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak Ambio enpresari eskatutako azterlanaren ondorioak biltzen ditu.
Akusazio partikularrak ahozko saioan azaldu duenez, legeak ezarritako partikulen emisio mugak gainditzen direla dio txosten horrek. Fiskalaren hitzetan, gainera, txosten horrek agerian utzi zituen Inamaren irregulartasun guztiak. Defentsak, baina, ukatuegin nahi izan zuen gehiegizko isurketa horien eta airearen kalitate eskasaren arteko lotura: «Eusko Jaurlaritzaren neurketek zioten airearen kalitatea ia beti ona zela eta eskasa zenetan zirkulazioaren ondorio zela. Izan ere, PO10 partikulak ziren nagusi airean, eta ez Inamak isuritakoak».
Txostenen interpretazioa
Bai aurreko epaiketan bai honetan erabili diren ikerketak AACk eta Labeinek soinu emisioei buruz egindakoak dira. Fiskalak gogorarazi du aurrekoan epaileak AACrena baino ez zuela aintzakotzat hartu. Labeinek kaltetuen etxebizitzen barruko aldean egin zituen neurketak. AACk, ordea, kanpoan eta kalkulu matematikoen bidez. Labeinen txostenak AACrenak baino urraketa gehiago utzi zituen agerian. «2007ko errege dekretuak dio horrelako neurketak etxebizitzetan egin behar direla, eta ez matematika bidez», arrazoitu du fiskalak.
Defentsak ez zituen baliagarritzat eman etxe barruetan egindako neurketok, trenaren eta zirkulazioaren zarata ere jasotzen zutelako. «Baina ez zuten frogatu hala denik». Labeinek kontrakoa dio, fiskalaren hitzetan: «Neurketak 22:00etan egin ziren. Ordu horretan trena ez dabil, eta ia ez da autorik igarotzen». Fiskalak, gainera, onartu du aurreko epaiketan txosten «minimalista» egin zuela: «Inamak ez zituen baimenak aipatu ordez, zituenak jaso nituen».
Fiskalak hiru urteko espetxe zigorra eskatu du ingurumenaren aurkako delituengatik eta 3.000 euroko kalte-ordaina kaltetuetako bakoitzari. Akusazio partikularrak, berriz, sei urteko zigorra ingurumenaren aurkako delituengatik, hiru urteko zigorra bizilagunei eragindako kalteagatik eta 30.000 euroko kalte-ordaina euretako bakoitzari. Auzia epaiaren zain geratu da.
Inamako buru ohiek isurketa mugak gainditu zirela ukatu dute
Ingurumenaren aurkako delituengatik bigarrenez epaitu dituzte, fiskalaren alegazioa onartu ostean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu