Inaugurazio nahasia Arantzadin

Iruñeko Arantzadi parke publikoaren kudeaketa pribatua kritikatu dute Bildu eta Ezkerrako zinegotziek

Arantzadiko baratzeetan hasi dituzten obren kontra protesta egin zuten atzo. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Iruñea
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Inaugurazioa atzo izango zela esan zuten arren, ostegunean inauguratu zuten Gurbindo Etxea, Iruñeko Arantzadiko meandroan egin duten Nekazaritza eta Abeltzaintzaren interpretazio zentroa. Aldaketak ezustean harrapatu zituen Bilduko eta Ezkerrako zinegotziak. Ez zituzten ekitaldira gonbidatu, eta hori salatzeko protesta egin zuten atzo.

Gonbidapena Arantzadiko udal proiektuari baiezkoa eman dioten zinegotziek baino ez zutela jaso diote Bilduk eta Ezkerrak. Hain justu, proiektuaren kontra agertu dira bi alderdiak; horregatik ez zituztela ekitaldira gonbidatu pentsatu zuten. Azkenean, baina, ez zen zinegotzirik joan osteguneko ekitaldira. Hala ere, Arantzadi Auzolanean taldeak atzo egin zuen protestara batu ziren Bilduko Eva Aranguren eta Peio Martinez de Eulate eta Ezkerrako Edurne Egino zinegotziek.

Iruñeko Udalak hirigintza proiektu bat du martxan Arantzadiko meandrorako: parke bat eta interpretazio zentro bat egin nahi ditu. Parkea egiteko bidean da, interpretazio zentroa, berriz, zabalik da jada. «Nekazaritza mundua ezagutarazteko» helburuarekin ireki zuen ostegunean UAGN sindikatuaren esku dagoen Fundagro fundazioak. Udalak 75 urterako eman dio sindikatuari erabilera publikorako den parkearen kudeaketa. «Instituzioek onartu dute UAGNk parke publikoa kudeatzea, eta oso gaizki iruditzen zaigu zinegotzirik ez gonbidatzea», kritikatu du Eginok.

El Vergel zaharren egoitzaren ondoan, goizean goizetik egin zuten protesta Bilduko eta Ezkerrako zinegotziek eta Arantzadi Auzolaneko kideek. Gurbindo Etxera hurbiltzen ere saiatu ziren. Zinegotziei bakarrik utzi zieten sartzen, eta Poliziak identifikatzeko eskatu zien aurretik. Agustin Beroiz nekazariaren baratzearen aurrean, Felix Bariain UAGNko idazkaria hurbildu zitzaien: «Gaurkoa ekitaldi pribatua da, jardunaldi teknikoak ditugu, baina sar zaitezkete nahi izanez gero», esan zien zinegotziei. Horrela, barrura sartu ziren zinegotziak azkenean. Ordurako han zeuden Jose Javier Esparza Nekazaritza eta Garapen kontseilaria, Ana Elizalde Iruñeko alkateordea eta Juan Jose Etxeberria Hirigintza zinegotzia.

Hasieran toki publiko bat sortzea zen Arantzadi proiektuaren helburua. Horregatik, 2006. urtean, lursailaren jabetza lortu zuen udalak. «Bertako esentzia diren baratzeei eustea nahi genuen», esan du Edurne Eginok. «Baina geroztik pauso ilun asko eman dira». Parke eredua eta egiteko era gaitzetsi dituzte, eta baita horren kudeaketa pribatua ere. Horregatik, «egin den erresistentzia lana» goraipatu du.

Baratze ekologikoak

Arantzadiko udal parkea egiteko obrak hasi zirenetik hamabi pertsona atxilotu dituzte, eta zortzi hektarea lur suntsitu dituzte. Hamalau baratze, guztira. Proiektuari eta interpretazio zentroari aurre egiteko sortu zen, ekainean, Arantzadi Auzolanean mugimendua. «Gurbindo Etxean nekazaritza ekologikoa egiten dutela diote, baina nik ondoan egin dut lan, eta herbizidak erabili dituztela ikusi dut», azaldu Alberto Iglesias taldeko kideak. Agustin Beroizen baratzea, ordea, bai ekologikoa dela erantsi du: «Europa osoan du ospea Beroizek». Hurrengo astean sartuko dira makinak Beroizen lursailean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.