Inaxio Uria omendu dute, ETAk hil zueneko 4. urteurrenean

Elkarretaratze jendetsua egin zuten Loiolan, isiltasun erabatekoan, Inaxio Uria hil zuten toki eta ordu berean

Inaxio Uriaren omenez atzo eguerdian egindako elkarretaratzea, Loiolan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Azpeitia
2012ko abenduaren 4a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Lau urte dira buruan eta bularrean tiro bana emanda Inaxio Uria lurrean zerraldo utzi zutela. Altuna y Uria bere enpresa eta lantokitik metro batzuetara hil zuen ETAk, Loiolan (Azpeitia, Gipuzkoa), eguerdiko ordu bata aldean. Hantxe gogoratzen dute abenduaren 3 bakoitzean, 13:00etan. Atzo azkena. Senitartekoak aurreneko ilaran, politikariak atzean, eta herritar saldoa gero.

Erabateko isiltasunean, enpresaria gogoratzeko jarri zuten oroitarriari begira igaro zuten ordu laurdena. Bi lore sorta handi, eta Uria hil zuten egunetik oroitarriaren alboko argi zutoinean jarrita dagoen Bakea-Paz kartelari begira. Seme-alabak, ilobak, anai arrebak eta senitartekoakaurre aurrean, haien atzean enpresen elkarteetako ordezkariak eta ordezkari politikoak, eta han eta hemen, errepidearen beste aldean ere bai, herritarrak. Manoli Aramendi alarguna ez zen elkarretaratzean izan aurten ere, gertukoen arabera, «oso triste» jartzen baita egunotan.

Jarduneko Jaurlaritzaren ordezkariak joan ziren Azpeitira, esate baterako, Idoia Mendia jarduneko bozeramailea eta Iñaki Arriola Garraio sailburua. Legebiltzarreko Mahai berriko presidente Bakartxo Tejeria ere han zen, eta baita Gipuzkoako Batzar Nagusietako mahaiko presidente Lohitzune Txarola ere. EAJko ordezkariak ere baziren, adibidez, Joseba Egibar eta Markel Olano. PSE-EEko Odon Elorza eta Rodolfo Ares ere joan zen, eta PPtik Carlos Cano, Ramon Gomez eta Iñigo Manrique. EAko idazkari nagusi Pello Urizar zein zuzendaritzako kide Ikerne Badiola ere batu ziren, eta baita Rafa Larreina Espainiako siputatua eta Alberto Unamunzaga Senatuko ordezkaria ere. UPDko Gorka Maneiro ere bai. Enpresen elkarteetako ordezkariak ere izan ziren: Peio Gibelalde eta Jose Miguel Aiertza Adegiko presidentea eta idazkari nagusia eta Elkargiko kontseilari nagusi Jesus Alberdi.

Ezker abertzaleko ordezkaririk ez zen izan, ez nazio mailakorik eta ezta herrikorik ere. Bilduren esku dagoen udal gobernuko ordezkari EAko zinegotziak joan ziren. Izan ere, Uriaren familiak joan zen astean kaleratutako oharrean ulertzera eman zuten ez zutela ezker abertzaleko ordezkaririk joaterik nahi. «Talde terroristaren erailketa guztiak kondenatzen dituztenak» beraiekin biltzera gonbidatu zituzten.

Ezker abertzaleak egindako urratsak ez zaizkie nahikoa iruditzen Uriaren familiakoei. Honela zioten komunikabideetan zabaldutako oharrean: «Ez digute balio nahigabetasun sentimenduek, egindako minaren aitorpenak, biolentziarako mespretxuak... ondoren hiltzaileak kondenatu eta zigortzen ez badira. Nola sentitu daiteke zerbaitekiko nahigabea zerbait hori justifikatzen baldin bada». Ulertzen ez dituzten kontraesanak ikusten dituzte, eta ezinbesteko jotzen dute «gaitzespen eta kondena». ETAk armak utzi arren, «zauriak ixteko» baldintzarik ez dagoela uste dute.

Pernando Barrena ezker abertzaleko bozeramaileari atzo goizean galdetu zioten gaiari buruz, Onda Vasca irratian egin zioten elkarrizketan. Biktimekin «denerako prest» daudela esan zuen, «iragana ukatzea», eta «iraganean beste posizio batzuk izan zituztenei arrazoia ematea» izan ezik. Ezker abertzaleak biktimak «beti» errespetatuko dituela nabarmendu zuen, eta haiei onartzen diela «nahi duten guztia» esateko eskubidea ere. Beste kontu bat iruditzen zaio esandakoa konpartitzea edo ez, eta biktimei al dagokien esandako horiek esatea. Barrenak argi dauka «inongo biktimek» ez dutela egiteko politikoa bete behar.

Nolanahi ere, berradiskidetzera bidean, ezker abertzaleak zeregin asko duela onartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.