Inbertsio publikoa dena etekin pribatu bihurtua

Estatuarenak izanik ere, zerbitzuen pribatizazio "ezkutuak" egiten ari dira Espainiaren eta Frantziaren menpe dauden Euskal Herriko kartzeletan.

Ainhoa Sarasola.
2013ko apirilaren 28a
10:41
Entzun

Krisi ekonomikoa piztu zenetik, gero eta ageriago geratu dira zenbaiten asmo pribatizatzaileak. Estatuek dirurik ez duten aitzakiarekin, murrizketak egiteari ez ezik, hainbat zerbitzu pribatizatzeari ere ekin diote. Eta osasun arloarekin eta hezkuntzarekin egiten bada, zergatik ez kartzelekin? Bide hori urratzen aspaldi hasi ziren Frantzian eta Espainian, eta, ondorioz, Euskal Herriko espetxeetan ere bai. Gehiago edo gutxiago, espetxeetako hainbat esparru jada enpresa pribatuen esku daude. 

Lau pribatizazio maila edo molde bereizten ditu Cesar Manzanosek, Salhaketa elkarteko kideak. Lehena, gorena, guztiz pribatuak diren kartzelena, AEBetan egiten dena. Bigarren mailakoa Frantziako egungo eredua da, non espetxearen kudeaketa enpresa pribatu baten esku jarri bai, baina titulartasuna estatuarena den. "Espainian zein Euskal Herrian ere egiten dute hori haurrentzako espetxeekin, 14 eta 18 urte bitarteko adingabeak dituzten zentroekin, Zumarragakoarekin, adibidez. Espetxe publikoak dira titulartasunez, baina enpresa pribatu batek kudeatzen ditu", zehaztu du.

Pribatizazioen hirugarren kontzeptua, Manzanosen iritziz, gaur egun "indarra hartzen" ari da, "erreformen eta lan arloko murrizketen harira lan eskaintza publikorik egiten ez dela eta". Hala, espetxeetako funtzionarioetarako lan eskaintza publikorik ateratzen ari ez direnez, "segurtasun enpresa pribatuak kontratatzera jotzen ari dira, zerbitzu jakin batzuk bete ditzaten". Zerbitzu jakin hori espetxe zenbaiten kanpoaldeko segurtasuna izaten ari da Espainiako hainbat espetxetan. Izan ere, Espainiako Barne Ministerioak iragarri zuenari jarraiki, hainbat espetxetan hasiak dira orain arte kanpoko eremuaren zaintzaz arduratzen ziren guardia zibilei segurtasun pribatuko zaindariak gehitzen, pixkanaka haiek ordezkatuz joateko —lan horietarako Euskal Herrian bizkartzain lanetan aritutakoak jartzeko asmoa ere agertu zuen Barne Ministerioak iaz—. Kanpoaldekoa ez ezik, ez dute baztertu espetxe barruko segurtasuna enpresa pribatuen esku uztea ere. Eredu hori ere ari da, Manzanosen hitzetan, Euskal Herrian eragina izaten. "Zubietako espetxea, esaterako, geldituta dago auzi hori konpondu bitartean; kontua ez da eraikitzeko dirurik ez dagoela, aurrekontuak onartuta baitauzkate, baizik eta ez zegoela funtzionarioak kontratatzeko aukerarik". Zaballako eta Iruñeko espetxe berriak ere ez dira espero bezala bete, funtzionariorik ez eta hainbat modulu itxita daudelako. "Enpresa pribatuak kontratatuz eman nahi diote irtenbidea".

Dagoeneko hemen da

Pribatizazioaren laugarren maila "dagoeneko badago". Manzanosek azaldu duenez, kalkulatzen dute kartzela bateko leku batengatik estatuak urtean 30.000 eta 36.000 euro inbertitzen dituela. Diru horren erdia kartzelak eraikitzeko jartzen da; beste erditik bi heren funtzionarioei edo, orain bezala, segurtasun enpresa pribatuei ordaintzeko; eta gainerako 6.000 euroak eguneroko beharretarako —hala nola ura, konponketa lanak, janaria...—. "36.000 euro horiek nork eramaten dituen kalkulu bat eginez gero, logikak dio enpresa pribatuek eramaten dutela; presoei, familiei eta arretari dagokiena oso apala da, eta beste guztia enpresa pribatuentzat da. Betikoa da: diru publikoa da, guk ordaintzen duguna, baina etekina enpresa pribatuentzat da". Horregatik, pribatizazioen inguruko eztabaidan, Manzanosek argi du dagoeneko indarrean dagoela. "Pribatizazio ezkutuko bat da".

Joera horrek indarra hartzen jarraituko duela uste du Salhaketako kideak, baina espero du gehienez ere bigarren mailaraino iritsiko dela —Frantziakoa—, Espainiako legediak ez baitu babesten AEBetako eredua.

Salhaketaren aburuz, kartzela sistemak kudeaketa publikoa behar du izan. "Bestela, espetxeratzea negozio bihurtzen da, gaur egunean gertatzen den bezala".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.