Inbertsioetan 260 milioi gutxiago gastatuko du Jaurlaritzak 2010ean

Jaurlaritzak 10.315 milioi euroko aurrekontua izango du datorren urtean, eta 1.914 milioiko zorpetzeari helduko dio

edurne begiristain
Gasteiz
2009ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Gastuaren murrizketa eta zorpetzea oinarri dituen aurrekontu proiektua onartu du Eusko Jaurlaritzak datorren urterako. Egoera ekonomikoak baldintzatutako kontu publikoak izaki, inbertsioek nabarmen egingo dute behera 2010ean, eta aurten baino 260 milioi euro gutxiago gastatukodu arlo horretan. Guztira, 10.315 milioi euroko aurrekontua onartu du Jaurlaritzak 2010erako, aurten baino %1,6gutxiago -2009ko aurrekontu eguneratuarekin alderatuta (11.271 milioi), berriz, %8,5 txikiagoak izango dira-. Gobernuak PPrekin hitzartu zituen herenegun aurrekontuak, eta, atzo, gobernu kontseiluak proiektuari oniritzia eman ostean, Carlos Agirre Ogasun sailburuak eman zituen aurrekontuei buruzko xehetasunak. Idoia Mendia Jaurlaritzako eledunak lagunduta eman zituen azalpenak.

Agirrek azaldutakoaren arabera, 2010eko aurrekontuak «zorrotzak» izango dira, zerga bidez bildutako dirua hondoratu ondoren, Jaurlaritzaren kontu publikoen defizita handitu egin delako. Diputazioen diru bilketaren murrizketa horrek 2010eko aurrekontuak ez ezik, legealdi osoa ere baldintzatuko duela ziurtatu du Agirrek. Eta datu adierazgarria eman du: 2005ean izandako diru bilketaren parera egongo direla 2010eko aurrekontuak. Kontuak orekatzeko, beraz, zorpetzeari helduko dio Jaurlaritzak: azkenean, 1.914 milioi eurokoa izango da zorra. Legeak uzten dion guztia zorpetuko da. Atzeraldi ekonomikoa aurreikusitakoa baino luzeagoa izango dela, eta susperraldia datorren urteko amaiera arte ez dela nabaritzen hasiko aintzat hartuta landu ditu gobernuak aurrekontuak, Ogasun sailburuaren esanetan.

Abagune horretan, «bestelako lehentasunak» finkatu ditu gobernuak hurrengo urterako, eta, besteak beste, inbertsioetara 260 milioi euro gutxiago bideratuko du. Eta horrek, besteak beste, aurreikusita zeuden zenbait proiektuen «atzerapena» ekarriko du, bereziki, azpiegiturekin zerikusia dutenak. Ogasun sailburuak nabarmendu du proiektu bat bera ere ez dela bertan behera geratuko, bainazenbaitlan atzeratu egingo direla, tartean, abiadura handiko trenarenak. Egitasmo horren lanak «pixka bat» atzeratuko direla esan du Agirrek. Datorren urterako, 225 milioi euro bideratuko ditu Jaurlaritzak proiektu horretarako.

Beherakadak eta gorakadak

Inbertsiorik handienak egin ohi dituzten sailetan nabarituko dagastuaren murrizketarik latzena datorren urtean: hala, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio saileanaurten baino %36 gutxiago gastatzea aurreikusi du; Ingurumen, Lurralde Antolaketa, Nekazaritza eta Arrantzan, %10,3 gutxiago; eta, Ekonomia eta Ogasun sailean, %22,5 gutxiago.

Horrekin batera, funtzionamendu gastuetan ere beherakada garrantzitsua proposatu du Jaurlaritzak: Osakidetzako kontratu progaman izan ezik, gainerakoetan %6murriztuko baitira administrazioko langileekin zerikusia duten gastuak. Aurreko urteotan funtzionarioen soldatetan izandako «gorakada zaila» eten nahian hartu du erabakia Jaurlaritzak.

Aurrekontuen «izaera soziala» azpimarratu du Agirre sailburuak. Izan ere, inbertsioek behera egingo dute, eta gizarte gastuari,eta berrikuntza eta garapenari bultzada emango die gobernuak. Osasuna eta Kontsumoa indartuko ditu, eta aurten baino %2,1 gehiago gastatuko du sail horretan. Halaber, gizarte babesari bideratutako partidak %11 egingo du gora, eta, Hezkuntzan, Unibertsitatean eta Ikerketan %4,5 gehiago gastatuko da. Hala, Hezkuntza eta Osasuna sailek aurrekontu osoaren %60,8 hartuko dute. Horiekin batera, Herrizaingo sailean aurten baino %2,4 gehiago gastatuko du gobernuak.

«Ezkerrekoak»

Partida batzuen igoera eta jaitsiera azaltzeko, Ogasun sailburuak azpimarratu du egoera ekonomiko honetan Jaurlaritzak lehentasunak zehaztu behar izan dituela eta «egin beharreko hautua» egin duela.

Idoia Mendia Jaurlaritzako eledunaren esanetan, berriz, «ezkerreko gobernu» baten aurrekontuak dira PPrekin hitzartutakoak, eta gizarte arloa lehenetsi izana ezkerreko joeraren erakusle dela azaldu du. Gainera, ekonomia sustatuta, eta ikerketa eta garapena indartuta, krisialditik irteteko aproposak ere badirela azpimarratu du. «Aurrekontu hauek balioko dute krisia igarotzeko, eta, igaro ondoren, gizartea oro har eta enpresak egoera hobean egoteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.