EAko Onintza Lasa izan da lehena gaiaren inguruan iritzia ematen. Esan duenez, "buelta gehiago eman gabe" Ibarretxe aukeratzea nahi du. "Bere burua abertzaletzat ikusten duenak" botoa Ibarretxeri emateko arazorik ez lukeela izan behar azpimarratu du.
PSE-EEko Ramon Etxezarretak onartu egin du hilaren 22ko inbestidurari ez diola "itxura onik hartzen". Gobernua osatzeko "nahiko akordio" ez dagoela azpimarratu du. "Pausoak bide zaharretatik ematen ari dira, eta horrek ez die erantzuten momentu honetan euskal gizarteak dituen espektatibei". Arazoari konponbide "tinko samar bat emateko funtsezko aldaketa bat" gertatu behar dela azpimarratu du, baina aitortu egin du, ez dakiela aldaketa horiek zein norabidetan joan beharko luketen.
PPk botoa nori eman erabakitzeke daukala azpimarratu du Laura Garridok, eta astelehenan batzarrean erabakiko dutela dio. Ezker Abertzalea taldearen botoen bila jardutea leporatu dio hirukoari: "horregatik egin du errondaren paripe hori, hain zuzen ere, alderdi horrekin negoziazioa egiteko".
Beste erremediorik ez dutela erantzun dio EAJko Markel Olanok Garridori. "Arazoa sakona da, berdintasunera iristeko ere zailtasunak ditugulako". Haren ustez, PPk PSE-EEri emango dio boza, "izorratzeko besterik ez bada", beraz Lopezek 33ko babesa lortuko du. Nolanahi ere, Olanok garrantzia eman dio lehendakaritzara aurkezteko bakoitzak aurkeztuko dituen sinadura kopuruari: "Gu 32 sinadurekin aurkeztuko gara, eta Lopez 18rekin". Olanok aitortu duenez, "momentuz, Aralarren botoa lortzea da helburua". "Euskal klase politikoari eskatuko nioke, herritarren espektatibei erantzuteko, eta behin eta berriz ematen ari garen ikuskizuna ez emateko".
Politikarien solasaldia