Konponbide demokratikoaren bidean. Alde hemendik! Utzi bakean Euskal Herria! leloarekin, manifestazio jendetsua egin zuten atzo Barakaldoko kaleetan. Espainian Hispanitatearen eta Guardia Zibilaren eguna zela eta, Euskal Herrian ezer ospatzekorik ez dutela adierazi zuten hiru bat mila lagunek. Atzerriko indar armatuei Euskal Herritik alde egiteko eskatu zieten, kuartel erraldoi berria irekitzear diren Ezkerraldeko herri horretan.
Hain zuzen, ibilbide luzea egin ondoren, kuarteltzarraren aurretik igarotzean entzun ziren ozenen «Guardia zibil, alde hemendik!» eta «Hemen torturatu egiten da!» oihuak, ertzainek eraikina zaintzen zuten bitartean. Bestetik, «Alde hemendik! Gure herrian dauden artean ez dute bakerik izango» zioten eta ETAren ikurra zuten eskuorriak aireratu zituzten pertsona batzuek ibilbidearen hasiera aldera.Duela bost urte ere Barakaldon bertan egin zuen manifestazioa Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM). Atzo ere orduan egindako aldarri berak egin zituzten: konponbiderako prozesua hasteko eskaera eta «indar armatu arrotzak» Euskal Herritik ateratzekoa.AAMko kide Julen Larrinagak protestaren amaierako ekitaldian gogoratu zuenez, Lizarra-Garaziko garaiak ziren haiek; «gatazkaren konponbidearen oinarriak biltzen zituen proposamena» mahai gainean zegoenekoa. Espainiak, baina, «gerra erantzuna» besterik ez zuen eman, Larrinagaren hitzetan. Azken bost urteotako hainbat datu eman zituen froga gisa: arrazoi politikoengatik 3.500 lagun atxilotu dituzte; 1.003 espetxeratu; 546 torturatu; 22 herritar hil dira; 9 antolakunde legez kanporatu dituzte; bi egunkari, irrati bat eta aldizkari bat itxi; 241 herritar EspainiakoAuzitegi Nazionalera deklaratzera eraman.Orain, PPko gobernua egon ordez, PSOEkoa du Espainiak. Horri «zanpaketa estrategia» alboratzeko eskatu zion. Izan ere, «ez da prozesu demokratikorik izango Estatuaren zanpaketa estrategia ez bada bertan behera gelditzen», ohartarazi zuen. AAMren ustez, horregatik du berebiziko garrantzia «gatazkaren desmilitarizazioak», hau da, indar militarrak Euskal Herritik ateratzeak.Hartarako, beharrezkotzat du gizarte presioa eta, bide horretan, indarrak biltzeko deia egin zuen Larrinagak: «Euskal Herriak egun pairatzen duen egoera ez-demokratikoa salatzen duten herri sektoreen aliantza estrategikoa egitea, norabide bateratu batean: konponbide demokratikoaren bidean, utzi bakean Euskal Herria».
HISPANITATEAREN EGUNA
«Indar armatu arrotzek» alde egiteko eskatu dute Barakaldon
Atzerriko polizia indarrek Euskal Herria uztea ezinbestekotzat jo du AAMk, konponbidea lortuko bada
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu